Kataluniako erreferenduma. ERREALITATEAREN ISPILUAK

Leihoak irekitzen

Gemma Garcia Fabrega.
2017ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Oraindik ez da eguzkia irten, irratia piztu dudanean. Kafeari eragiten ari naizen unean entzun dut Guardia Zibila L 'Hospitalet de Llobregateko Unipost mezularitza enpresaren instalazioetan sartu dela, erreferendumerako material bila. Terrassako egoitzara iritsi dira jarraian, non, arreta obsesiboarekin, kontra-argira begiratu dituzte gutunazalak, jakinarazpen elektoral edota errolda txartela bezalako hitz demokratikoak detektatzeko.

Irailaren 12tik Estatuaren errepresioa hain da konstantea, ez da prozesatzen erraza. Ez politikoki, ez sozialki, ezta mediatikoki ere. Erabat digerigaitza da. Jada milioi eta erdi inguru kartel eta liburuxka konfiskatu dituzte. Correosen paralizatuta, inprentatan bahituta edo kalean kenduta. Estatuaren armak segurtasun indarrak, auzitegiak eta beldurra diren bitartean, herritarrenak dira kartelak, itsasgarria eta erratza.

Errelatoaren batailan, zeregin periodistikoa ere ez dago salbu. Kazetariak mehatxatu eta identifikatu dituzte egunotan, eta zenbait hedabidek jaso dituzte presioak eta ohartarazpen judizialak. La Directa-ko erredakzioan irribarre egin dugu, argitaratu ditugun erreferendumari buruzko 100.000 gehigarriak irakurtzen direlako jada, libreki, Herrialde Katalan guztietan.

Katalunian lasterragotzen ari den eskubideen bidegabekeria asaldagarria da: Auzitegi Konstituzionalaren aginduak debekatzen duelako «erreferenduma prestatzea edo ospatzea», baina, gainera, Fiskaltza ari zaielako agintzen poliziei askoz ere harago joatea. Bartzelonako Udaltzaingoak ANCren triptikoak eramateak edo Cabrera de Marreko Poliziak Omniumen banderaxkak dituzten balkoiei argazkiak egiteak, Konstituzionala ere gainditzen du.

Sense por, mozorrorik gabeko Estatu baten erritmo errepresiboa gorabehera, erreferendumaren aldeko ekintza gehienak geldiezinak dira. Estatuak ate bat ixten duen tokian, herritarrek bi leiho irekitzen dituzte. Eta egiten dute «bozkatuko dugu» oihukatuz , auzo bakoitzean enkarteladak deituz, krabelinak —gorriak— oparituz, debekatutako webguneen erreplikak konfiguratuz, edo boluntario bihurtuz. Errepresioaren eta mobilizazioaren arteko pultsu honetan, erretrobisoretik begiratuz gero ikusiko dugu estatu baten egitura errepresiboa kolapsatzeko gai dela desobedientzia zibila. Eta hau idazten ari naizen bitartean, Terrassako jendeak kalea ixten dio Guardia Zibilari, eta irekitzen du bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.