Hizkuntz ereduak. Nafarroako eremu ez-euskalduna

Horma eraisteko garaia

Nafarroako eremu ez-euskaldunean ezin da euskaraz ikasi sare publikoan. Eskasa da euskaraz ikasten dutenen kopurua. Bihar bertan abiatuko dute legea aldatzeko bidea.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ikur bat da mapan. Ikastetxe erdaldunez betetako inguruan, uharte bat. Fontellas. Hego-hegoan. Nafarroan. Mila biztanle ere ez dira, eta 250 ikasle daude 16 urte baino gutxiagokoak. Areago, horietatik 201ek euskara hutsean ikasten dute. Erriberan. Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean. Ikastolaren eragina da: inguru hartan euskaraz ikasteko aukera bakarra Fontellasen dute —Argia ikastolan—, eta hara biltzen dira alboko herrietatik. Sare publikoan ez dago aukera hori, euskararen legea oso modu murriztailean interpretatzen baitu gobernuak. Aldaketa dator, ordea: D eredua eremu ez-euskalduneko sare publikoan eskaintzeko, legea aldatzea proposatuko dute PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak. Bihar egingo dute eskaria parlamentuan. Bilduren eta Aralar-NaBairen botoekin, onartu egingo dute aldaketa.

Eremu ez-euskalduna mistoaren pareko jartzea da proposamena, betiere irakaskuntzan soilik. D eredua eskaintzea eskola publikoetan, erdal ereduak ukitu gabe.

Ez da ohiko prozesua izaten ari. Ezkerraren ekimenez hasi zen bidea: oposizioko taldeei proposatu zien legea aldatzea, eta bilera pribatuak hasi zituzten alderdiek. Joko eremua argi zegoen: UPN eta PP batetik, aldaketaren aurka; Bildu, Aralar-NaBai, Geroa Bai eta Ezkerra bera, bestetik, aldaketaren alde —nahiz eta proposamena nahikotzat ez jo alderdi batzuek—. PSNk zeukan aldaketarako giltza.

Ezustean iritsi zen iragarpena. «Ez da bidezkoa. Injustizia jasaten ari zarete». Beriaingo familia batzuek salaketa egin zuten Iruñeko parlamentuan, herrian ezin dutelako euskaraz ikasi, eta orduan agertu zuen PSNren jarrera berria Maria Carmen Otxoa parlamentariak: «Euskaraz ikasteko eskaria badago, hezkuntza publikoan eskaintzea da logikoena».

Hezkuntza gaietan beste parlamentari bat jardun ohi da PSNren bozeramaile —Pedro Rascon; hura aritu da negoziazioetan—, eta Otxoaren iragarpenak zalantza eragin zuen, alderdiko zuzendaritzaren planteamendua ote zen hark agertutakoa, azken urteetako eztabaidetan legea aldatzearen erabat kontra agertu izan baita PSN —azken aldiz, 2012an—. Kontuan hartzekoa da, nolanahi ere, eremu ez-euskalduna oso ondo ezagutzen duela parlamentari horrek: Erriberriko hautetsi izan zen 23 urtean, eta alkate ere bai hamabi urtean, hiru agintalditan.

Herritarren artean ere aldaketa nabari da, inkesta soziolinguistikoei erreparatuta. 1991n, eremu ez-euskalduneko herritarren %69 euskara bultzatzearen aurka zeuden, eta alde, %7. Hogei urte geroago —2011koa da azken ikerketa—, aurkakotasuna %46ra apaldu da, eta aldekotasuna, %23ra igo. %31 herritar ez daude ez alde ez aurka.

Gutxienekoa zehaztu gabe

Jarrera aldaketa azkarragoa ari da izaten PSNrena. Orain bi aste egin zituen adierazpen horiek Otxoa legebiltzarkideak, eta joan den asteartean onartu zuen legea moldatzea PSNren batzorde eragileak. Rascon parlamentariaren esku geratu zen negoziazioa. Ezkerraren proposamenari «zehaztasun batzuk» egiteko asmoa agertu zuen PSNk: zenbat eskari jaso beharko diren D eredua ezarri ahal izateko. Ez da halakorik izango, ordea.

Berria zen gutxienekoa jartzeko asmoa. Gehienezkoa, bai, jarria dago: gehienez zenbat ikasle pilatu daitezkeen gela berean. Gutxienez zenbat ikasle behar diren, ez. Hori erabakitzea gobernuaren esku utzi zuen euskararen legeak. Gutxieneko hori legean zehazteak bi aldetako eragina zukeen: bat, gobernuari begira, behartu egingo bailuke kopuru batzuetan gelak sortzera; bestea, euskarazko hezkuntzari begira, gutxienekoa altu jarrita ezerezean utziko bailukete D eredua hedatzeko nahia.

Legea aldatzeko beharrik ez dagoela azpimarratu du PSNk orain arte, eta, izatez, oraingo legearekin ere eskain daiteke D eredua eremu ez-euskalduneko sare publikoan. Hauxe dio legeak eremu horretan egin beharreko jardunaz: «Botere publikoek euskararen irakaskuntza lagunduko dute, eta, behar denean, osoki edo zati batean finantzatuko dute, sustapen eta promozio irizpideei jarraikiz eta eskariaren arabera».

Formulazioa zehaztea litzateke gakoa. Ezkerraren proposamena zen eremu mistoko sistema baliatzea: «Hezkuntza ez-unibertsitarioan, euskara ikasketak emanen zaizkie hala nahi duten ikasleei». Irakaskuntza hori «progresiboki» ezarriko lukete betiere, legeak berak zehazten duenez. Progresioa arautzea nahi zuen PSNk.

Erriberako lehortea

Legea interpretatzeko modua gobernuaren esku uzteak eragin du eremu publikotik batere ahaleginik ez egitea euskara bultzatzeko. Eremu ez-euskalduneko datuak oso dira gordinak: G ereduan ari dira %78 —gaztelania hutsez, euskara ikasgai ere ez dela—; %18, A ereduan —gaztelaniaz, euskara ikasgai dela—; eta %4, D ereduan —euskarazko murgiltzea—. Alegia: 21.800 ikasle G ereduan, 4.950 A ereduan, eta 1.040 D ereduan. Pisua du, Nafarroako ikasleen %29 baitaude eremu ez-euskaldunean.

Legea egokitzeko proposamenak ez lituzke ukituko erdal ereduak, ezta gaztelania huts-hutsezko G eredua ere. Eremu mistoko sistema litzateke: euskaraz ikasteko aukera bermatu sare publikoan, baina gaztelania hutsean ikastea ere bai. Hain zuzen, gaztelania hutsezko G eredua da nagusi eremu mistoan: ikasleen %63k hautatu dute. Haren atzetik daude D eredua (%26) eta A eredua (%14). Indar handia du: Nafarroako ikasleen %63 eremu horretan daude —Iruñerria tartean dago—.

Eremu euskaldunean da egoera bestelakoa: %87 D ereduan ari dira. Arazoa da eremu euskaldunak proportzioan pisu gutxi duela: Nafarroako ikasleen %9 ere ez dira bizi han. Gobernuak laxoago zein kasutan jokatzen duen erakusteko datu bat badago: teorian G eredurik ez dago eremu euskaldunean, baina 300 ikasle hala ari dira gaur egun lanbide heziketako eskola publikoetan. Eremu ez-euskaldunean euskararekin hori egitea ez du onartzen gobernuak.

Eremuen banaketari eusteko asmo sendoa du PSNk, eta ohartarazi du hezkuntzan soilik onartuko dituela aldaketak. Aste erabakigarria da: bihar erregistratuko dute proposamena parlamentuan. Ziurra du Aralar-NaBairen eta Bilduren babesa, nahiz eta lege aldaketa sakonagoa egin behar dela uste duten. Jarrera aldakorra PSNk izan du, atzera egin izan baitu lehen ere. Bi aste eskasean hartu du erabakia. Gobernurako hautagaia aukeratzeko primarioak ditu gaur PSNk. Bi hautagaiek, Maria Txibitek eta Amanda Acedok, babestu dute proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.