«Jaizkibelekin bildu gara; erabaki dugu harremanekin jarraitzea»

jon olano
Donostia
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Azken urteetako alarde egunik gogorrena izan zen iazkoa Hondarribian. Bertan bizi da Olano.

Zer giro nabari duzu herrian?

Hamarkadak daramatzagu arazo honekin, eta guk bizikidetzatik jorratu dugu. Nagusiki Hondarribiko Alardean ikusi da bizikidetza arazo bat dagoela, eta gure ardura da auzi hori bideratuz joatea. Urratsak egin ditugu, eta ziur nago eragile ezberdinek ekarpenak egiten badituzte eta borondate ona agertzen badute, urratsak egingo ditugula. Une honetan, etena oso inportantea da. Gertakari guztiz onartezinak egon ziren: plastiko beltzak, irainak... Gizarteak ez du halakorik onartzen, baina guztiok ahalegin bat egin behar dugu bizikidetza berreskuratzeko Hondarribian eta Irunen. Bertako herritarrek egin behar dute ekarpen nagusia. Guk lagundu dezakegu. Bizikidetza zuzendaritza lanean ari da modu diskretuan.

Zergatik bizikidetza eta ez giza eskubideak?

Ikuspegi diferenteak daude. Nire ustez, bizikidetzaren auzia inportantea da, ikusten duzulako kolektibo batzuk daudela elkarri begiratu ere egiten ez diotenak. Edozein dela ere enfokea, oso inportantea da harreman hori normalduz joatea. Gero, norberak egingo du bere prozesua, baina orain dugun arazo inportanteena harreman etena da. Horri heltzen diogu uste dugulako ikuspegi pragmatiko eta instituzionaletik egin dezakegun ekarpen inportanteena hori dela. Beste erakunde batzuek beste ikuspegi batzuk dauzkate; ikusiko dugu zeinek asmatzen duen, baina guk zintzo egiten dugun ekarpena da bizikidetzaren ikuspegitik eginikoa.

Bildu zarete Jaizkibelekin?

Bai, bildu gara.

Zer moduz?

Ez dagokit bileraren berri ematea. Errespetu handiz egin zen, eta esan dezaket harreman horrekin jarraitzea erabaki genuela.

Ikerketa bat aurkeztekoa zenuten udazkenean.

Ez da askorik atzeratuko.

Denis Itxasori errieta egin zenion konpainia mistoei harrera egitera joan zelako.

Nork bere irakurketa dauka; errespetuz hartzen ditut guztiak. Denisi nire iritzia eman nion, zein ikusten nuen zela biderik egokiena aldundi gisa auzi hori konponbidean jartzeko. Ez dugu ikuspegi bera. Bizikidetzaren zuzendaritza diputatu nagusiaren kabinetearen barruan dago, eta pertsonalki hartu dudan erabakia da bide horretatik jotzea.

EAJko ordezkariak ere izan ziren Hondarribian eta Irunen alarde parekidea ikusten. Horiei eman zenien iritzirik?

Nork bere ardurak dauzka. Komunikazio ikuspegitik publikoki agertzearen edo ez agertzearen erabakiak kode horietan hartu ditugu; alegia, ekarpena egiten ote zioten bizikidetza lan horri ala ez. Horregatik mantendu dugu gure perfil diskretua. Guk bigarren mailan jarri dugu komunikazio eta agertze hori, eta lehenengoan isilpeko lan eraginkorra.

Sukalde lana aipatu izan duzu. Ze puntutan dago lan hori?

Hasieran. Bistan da, azken alardea ikusita. Une honetan hori bideratu nahian ari gara, baina uste dut ongi bideratuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.