Alaves 1-2 Girona

Gironak eten egin du Alavesek zeraman bolada ona

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko apirilak 20
Alaves. Pacheco; Martin (Wakaso, 74. min.), Laguardia, Ely, Duarte; Torres (Manu Garcia, 62. min.), Pina; Ibai, Munir, Burgui (Sobrino, 46. min.); eta Guidetti.

Girona. Bono; Maffeo, Juanpe, Pedro Alcala, Muniesa, Aday Benitez; Aleix Garcia (Pere Pons, 79. min,), Timor, Borja Garcia; Choco Lozano (Portu, 56. min.) eta Olunga (Stuani, 67. min.).

Golak. 0-1: Aleix Garciak (58. min.); 0-2: Stuanik, penaltiz (86. min.); 1-2: Pinak (90. min.).

Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Alaveseko Elyri, Wakasori, Guidettiri eta Manu Garciari; eta Gironako Bonori, Maffeori, Alcalari eta Timorri. Txartel gorriak: Juan Miguel San Roman Alaveseko atezainen entrenatzaileari (85. min.).

Bestelakoak. 18.366 ikusle Mendizorrotzan.

Ez zuen egun ona izan atzo Alavesek. Hainbat bolada eten ziren Mendizorrotzan, Arabako taldearen kalterako. Arabarrek hiru partida zeramaten golik hartu eta galdu gabe. Bada, atzo birritan zulatu zien atea Gironak, eta ezin izan zuten porrota eragotzi. Azken lau partidetan, garaipenak ihes egin zien kataluniarrei; bada, garaipenaren bidera itzuli ziren atzo, Alavesen bizkar. Abelardo Fernandezek entrenatutakoek ez zuten eman itxura txarrik, baina zorteak bizkarra eman zien. Zaleek, gainera, oso haserre bukatu zuten epailearekin, hiru gol baliogabetu baitzizkien etxekoei, eta penalti bat adierazi 86. minutuan. Iskanbila galanta izan zen partidaren azken txanpan.

Partidan ondo sartu ziren etxekoak, baloia bizi mugituz eta arriskua sortuz. Hamargarren minututik aurrera, ordea, lausotuz joan zen arabarren nagusitasuna. Iratzarri egin ziren kanpokoak, eta orekatu egin zen partida. Alaves joko zuzenaren eta kontraerasoen bidez saiatu zen arriskua sortzen. Gironak, berriz, min egin zuen ezker hegaletik. Hortik iritsi zen lehen zatiko aukerarik garbiena, 36. minutuan: Lozanok Pachecoren eskuetara bidali zuen Adayren erdiraketa, dena alde zuela. Lehenago, 22. minutuan, epaileak baliogabetu egin zuen Muniesak bere atean sartutako gol bat, Elyk Gironako atezainari falta egin ziolakoan.

Iskanbila azken minutuetan

Atsedenaren ostean, Sobrino sartu zen Burguiren ordez, eta burukada bat sarera bidali zuen bigarren zatia hasi eta hamar minutura. Ordea, gol hori ere ez zen igo markagailura: jokoz kanpokoa adierazi zion epaileak. Bada, balekoa izan zen hiru minutu geroago Aleix Garciak faltaz sarturiko gola. Alavesen defentsa eta Pacheco ez ziren batere fin aritu jokaldi horretan.

Hortik aurrera, jo eta ke aritu zen Alaves, berdinketaren bila. 80. minutuan asmatu egin zuen Manu Garciak, baina jokoz kanpo zegoen. Zaleek ezin zuten sinestu. Partida narrastu egin zen azkeneko minutuetan, eta 86. minutuan Gironaren bigarrena sartu zuen Stuanik, penaltiz. Luzapenean, Pinak partidan sartu zituen etxekoak, baina beranduegi zen jada. Azkenean, atsekabea eta haserrea Mendizorrotzan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna