Europarako prest dago

23-26 galdu arren, Bidasoak itxura lehiakorra eman du Bartzelonaren aurka. Konfiantzaz ekin diezaioke Txapeldunen Ligako ligaxkari, etzi

Kauldi Odriozola Bidasoakoa aurrera egin ezinik, Bartzelonako jokalari batek elastikotik helduta duelako. JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Iragan sasoiko lepotik du burua Bidasoak. Atzo 23-26 galdu zuen Bartzelonaren aurkako liga partidan, baina iruindarrek estu hartu zuten Europako talde handienetako bat. Izaera lehiakor horrek eraman du Txapeldunen Ligara, eta, atzo ikusitakoaren arabera, asteburu honetan lasai igo daiteke Eslovakiara eramango duen hegazkinera. Etzi maila emango du Tatran Presoven pistan. Europako txapelketa nagusia ez da plaza handiegia Irungo taldearentzat.

Artaleku goraino bete zen iragan sasoiko Asobal ligako lehen bi sailkatuen arteko partida ikusteko. Zaleak triste joan ziren etxera, talde kutuna galtzen ikusi berri zutelako, baina harro ere bai, eta lasai, dagoeneko badakitelako iragan sasoi ona ez zela izan urte bateko lorea. Bidasoak Leonen pistan irabazi zuen iragan astean, eta atzo hortzak erakutsi zizkion Bartzelonari. Aurkariek euren onena eman behar izan zuten. Ligan gutxi jokatzen duten izarrek normalean baino askoz minutu gehiago egin zituzten pistan.

Bidasoak, izan ere, eta lehen zatian bereziki, oso ondo jokatu zuen. Bi izan ziren maila txukunaren oinarriak: Kauldi Odriozola erasoan — lehen zatian sartu zituen bere bost golak, eta bera izan zen taldeko goleatzaile nagusia—, eta Xoan Ledo atepean. Jaurtiketen %40 gelditu zituen lehen zatian. Horri esker Bidasoa aurretik zen 24. minutuan (12-10). Bartzelonaren makina gelditzea, baina, ia ezinezkoa da, eta liga azken urteetan menderatu duen taldeak ondo erreakzionatu zuen. Hamalauna berdinduta iritsi ziren atsedenaldira.

Kanpokoen oldarraldia espero zitekeen bigarren zatiaren hasieran. Partida gaiztotzen ari zen, eta halakoetan Kataluniako taldeak zanpagailua estutu ohi du aurkariaren itxaropena apaltzeko. Bidasoak ondo eutsi zion lehen olatuari (16-17, 35. min.), baina bigarrenarekin okerrago pasatu zuen (17-22, 45. min.). Nekearen poderioz Bartzelonaren defentsa eraginkorragoa bilakatu zen, eta kanpokoek oreka aurkitu zuten erasoan. Aurkitu bainoago, Luka Cindric erdikoak eman zien. Hark eskubaloia ikusteko eta joko estatikoa eraikitzeko dohain berezia du, eta lema hartu zuenean taldekideak hobeto aritu ziren.

Bartzelonak bi penalti huts egin zituen bolada horretan, eta Bidasoak bere burua partidan sartuta ikusi zuen. Ez zituen besoak jaitsi, eta defentsa estutu zuen, baina arazoa erasoan zuen. Aurkaria ez zegoen urrun, baina bigarren zatian askoz gehiago kostatu zitzaion sei metroko lerrora gerturatzea, eta ezin izan zuen Bartzelona ikaratu (19-23, 50. min). Kanpokoek partida kontrolpean zuten ordurako.

Bera Beraren erreakzio ona

Bera Berak ere Europako partidak ditu asteburuan —EHF Kopako kanporaketa—, eta atzo jokatu zuen aurreraturiko ligako partida. 20-29 irabazi zuen Alcobendasen pistan, eta bi garaipen lortu ditu lehen bi jardunaldietan. Donostiako taldeak alde handiz irabazi zuen, baina ez lanik egin gabe, bi irudi ezberdin eman baitzituen: kaskarra lehen zatian, eta oso sendoa bigarrenean.

Bera Berak deseroso ekin zion partidari. Alcobendasek lanak eman zizkion, eta etxekoak aurretik iritsi ziren atsedenaldira (11-10). Bera Berak esnatu beharra zeukan, eta garaiz egin zuen. 2-8ko partzial bat kateatu, eta aldea ireki zuen (16-21, 45. min.). Estualdia pasata, lasaiago jokatu ahal izan zuen eta ondo kudeatu zituen azken minutuak. Zuazok, bestalde, larunbatean jokatuko du ligako partida, Elxen (Katalunia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.