Eliud Kipchoge

Txiki-txiki egin du kronometroa

Eliud Kipchoge kenyarrak minutu eta hemezortzi segundo ondu du maratoiko munduko marka, Berlinen: 2.01.39. Hori eginda, berriro hauspotu du maratoiaren mugaren inguruko eztabaida: ea bi ordutik jaits daitekeen.

Julen Etxeberria -

2018ko irailak 18
Garaipen zerrenda bikaina zuen maratoian: hamar aldiz lehiatu zen, eta bederatzi aldiz irabazi zuen, Londresen, Berlinen, Chicagon (AEB) eta Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan, besteak beste. Oso-oso azkar egin zuen korri ere: inoizko markarik onenetan hirugarrena zuen, 2.03.05. Hala ere, ez zegoen erabateko adostasuna Eliud Kipchoge (Kapsisiywa, Kenya, 1984) inoizko maratoilaririk onenatzat jotzeko. Zerbait falta zitzaion, errematea, kirol ibilbide ikusgarri horri munduko marka gehitzea.

Bada, igandetik inoizko onena da jada. Zalantzarik baldin bazegoen, guztiak uxatu ditu. Nola? Kronometroari sekulako astindua emanda. 2.01.39ko marka lortu zuen herenegun Berlinen; hots, minutu eta hemezortzi segundo ondu zuen haren herrikide Dennis Kimettok 2014an toki berean lortutako munduko marka: 2.02.57. Alemaniako hiriburua izan da berriro balentriaren lekuko. Ez da kasualitatea, bertako ibilbide ezin aproposagoan hobetu baitira azkeneko zazpi munduko markak.

Itzela da Kipchogek munduko markari eman dion hozkada. 51 urte ez zela kolpe batez horrenbeste hobetu munduko marka. 1967an, Derek Clayton australiarrak 2.09.36ko marka egin zuen, eta bi minutu eta 27 segundo hobetu zuen Morio Shigematsu japoniarraren munduko marka: 2.12.00. Kipchogek 1.18 ondu du aurreko munduko errekorra, 2008tik 2014ra marka egin zutenek lortutako hobekuntza baino hamasei segundo gehiago. Egun bakar batean, beraz, sei urte baino gehiago eraman du aurrera maratoiaren munduko marka.

Gozamena izan zen Kipchoge Berlingo kaleetan korrika ikustea. Ziztu bizian joan zen hasi eta buka, orduko 20,81 kilometroko abiaduran. 2.53 minutu baino gutxiago behar izan zuen batez beste kilometro bakoitza egiteko. Ikusgarria da, baina are ikusgarriagoa da jakitea azken 2,195 kilometroak 6.08an egin zituela; hots, 2.48 minutu kilometroko erritmoan. Azken txanpan eman baitzion astindurik gogorrena kronometroari: hamargarren kilometroan, munduko marka baino 23 segundo hobea zen Kipchogeren denbora; 20. kilometroan, 39 hobea; 30. kilometroan, 53 hobea; 40. kilometroan, 54 hobea; eta bukaeran, 1.18 hobea. Azkarrago egin zuen korri maratoiaren bigarren erdian, aurrenekoan baino: 1.01.06 eta 1.00.33, hurrenez hurren. Negatiboan korri egitea deitzen zaio horri, eta Kipchogek lautan egin du korrika horrela maratoian.

Eta hori guztia azken hamazazpi kilometroak bakar-bakarrik eginda, hari lagundu behar zioten hiru erbiek espero baino lehenago utzi baitzuten lasterketa —aurkariak hasi eta berehala utzi zituen atzean—. Josphat Kiptoo Boit haren herrikidea izan zen gehien iraun zuena, eta 25. kilometroan esan zuen kito. Hamazazpi kilometro luze falta zitzaizkion oraindik Kipchogeri, gogorrena. Ez zuen behera egin. Aitzitik, gora egin zuen, eta erakustaldia eman zuen helmuga zeharkatu arte. «Oso ondo prestatu naiz, eta nire lasterketa egitea besterik ez nuen buruan. Izugarri pozik nago», esan zuen Kipchogek maratoia amaitu berritan.

Maratoiko munduko marka da Kipchogerena, eta haren baliokidea ere inoizko markarik onena litzateke pistako eta errepideko iraupen eta iraupen erdiko lasterketa guztietan: 800 metrokoan, 1.40,47 litzateke (1.40,91 da munduko marka); 1.500 metrokoan, 3.25,09 (3.26.00); milian, 3.41,36 (3.43,13); 3.000 metrokoan, 7.18,16 (7.20,67); 3.000 metro hesidunetan, 7.47,81 (7.53,63); 5.000 metrokoan, 12.31,72 (12.37,35); 10.000 metrokoan, 26.05,24 (26.17,53); hamar kilometrokoan, 26.12 (26.44); eta maratoi erdian, 57.08 (58.23). Ehun metrokoan, berriz, hamazazpi segundokoa litzateke, eskasa, baina ikaragarria kontuan hartuta Kipchogeren markaren baliokidea litzatekeela hori 421 aldiz segidan egitea.

«Buruz, oso indartsua da»

«Harrigarria». Hitz horrekin definitu du Iraitz Arrospide maratoilariak (Villabona, Gipuzkoa, 1988) Kipchogek egindakoa. Aitortu du «zerbait handia» egiteko gai ikusten zuela atleta kenyarra, baina ez zuela espero asteburu honetan bertan egingo zuenik: «Apur bat ezustean harrapatu nau».

Arrospideren arabera, «agerikoa da Kipchogek sekulako gaitasun fisikoa duela, baina oraingoan nabarmen geratu da buruz ere oso indartsua dela. Hala izan behar du nahi eta nahi ez 42 kilometro pasatxoan halako erritmo biziari eusten dion norbaitek, eta are gehiago azken hamazazpi kilometrokoak bakarrik egin zituela kontuan hartuta».

Argi du: Kipchogek egindakoak «berriz ere hauspotuko» du maratoiaren mugaren eztabaida, eta, zehatzago izanda, ea norbait inoiz bi ordutik jaitsiko ote den. «Igandera arte jende askok uste zuen inoiz ez zela halakorik egingo, baina uste dut orain horietako askok iritzia aldatuko zutela eta jada posible ikusten dutela. Sinetsita nago orain inkesta bat eginez gero gutxik joko luketela ezinezkotzat bi orduren langatik jaistea. Nire iritziz, inoiz azalduko da norbait hori lortuko duena».

Baina posible al da Kipchogek Berlinen egin zuena hobetzea? Baiezkoan dago maratoilari billabonatarra. «Batetik, erbiek ez zioten mesede handirik egin. Oso goiz utzi zuten bakarrik, eta makina bat kilometro egin behar izan zuen inoren laguntzarik gabe. Bestetik, aurkaririk ez zuen izan, hasi eta berehala utzi baitzituen atzean. Lehia handiagoa izan balitz, ziur marka hobea egingo zuela. Azkenik, 20 gradu inguruko tenperatura izan zen batzuetan, eta apur bat gehitxo da hori. Tenperatura epelxeago batek mesede egingo lioke».