Migrazio politikak. Alaine Aranburu Etxegoien. Irungo Harrera Sareko kidea

«Administrazioaren politikek adabaki izateari utzi behar diote»

Irungo herritarren jarrera ona dela nabarmendu dute, baina duela hilabete batzuk pintaketa arrazistak agertzen ari direla ohartarazi dute, eta, aldi berean, San Juan plazan duten presentzia normalizatzen ari dela.

Jon Rejado.
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
«Beharrak oso antzekoak dira oraindik ere». Hala baloratu du Alaine Aranburu Etxegoienek (Irun, Gipuzkoa, 1995), Irungo Harrera Sareko kideak. Urrian Lakaxita gaztetxeko aterpetxea desmuntatu zuten, administrazioei beren ardurak gogorarazteko eta presio egiteko. San Juan plazan daude ordutik, baita liburutegian ere, udalari espazio bat eskatua dioten arren. Harrera Sareak hutsuneak antzematen ditu administrazioaren jardunean; besteak beste, migratzaileei informazioa emateari dagokionez.

Hilabeteak pasatu diren arren beharrak antzekoak direla aipatu duzue. Adibidez?

Lakaxitatik joan ginenean, janaria prestatzeari utzi genion. Hala ere, egoera batzuetan janaria eman behar diegu gaur egun ere.

Zergatik?

Horren ardura jantoki sozial batek hartu zuen. Berriki aldatu diote izena: Zubia. Orain, Hondarribiko eta Irungo udalen armarriak ditu kanpoan. Uste dugu udalek kudeatzen dutela, baina ez digute beste informaziorik eman. Bada, erabiltzaileei ez diete azaltzen zein den funtzionamendua, eta, horren ondorioz, bazkaldu gabe geratzen dira bat baino gehiago. Harrera Sarea arduratzen da informatzeaz, eta ez dugu hori egiteko espazio jakinik.

Eguneko zentro bat aldarrikatu izan duzue, eta martxan jarri dute. Nola baloratzen duzue?

Martindozenean jarri dute zentroa, eta Gurutze Gorriak kudeatzen du. Barruan migranteak egoten dira, Gurutze Gorriko kideak eta boluntarioak, baina sareko kideak ezin gara sartu. Ez gaude guztiz pozik. Gure lana kalean egin behar dugu, badakigulako gogobetetzen ez diren behar asko daudela.

Adibidez?

Lo egiteko lekua. Jende asko geratzen ari da kalean. Martindozeneak 22:00etan ixten ditu ateak, eta, hortik aurrera, ezin da inor sartu. Eskatu diegu ordutegi malguagoak jartzeko, kalteberak diren kolektibo asko kalean geratzen direlako. Hori gertatzen dela badakite, baina esaten dute ezin dela aldatu ordutegiaren irizpidea.

Zer gertatzen da gaur egun kanpoan geratzen direnekin?

Kolektibo kaltebera horietako kideak EH Bilduren Irungo lokalera eramaten ditugu, eta han egiten dute lo. Aste honetan, adibidez, giltzurruneko koliko bat zuen gizon bat kalean utzi zuten. Mediku batek diagnostikatu zion, eta erabateko atsedena agindu zion. Gizon hori EH Bilduren egoitzara lagundu genuen. Ez da kasu bakarra izan. Borrokan jarraitzen dugu, egunero.

Bi egoitza daude: Martindozenea eta hotzaldiko egoitza. Migranteak hartzeko irizpideak aldatu al dira azkenaldian?

Hotzaldiko egoitzan irizpideak aldatu dituzte. Zazpi egun egon daitezke, gehienez. Zerbitzua utzi behar dute gero, baina hilabete bateko epean beste zazpi egunetarako itzul daitezke. Aste honetan aldatu dute. Edozein kasutan, uste dugu bi egoitzen irizpideek ez dituztela beharrak betetzen.

Zergatik ez dituzte betetzen?

Bost egun, zazpi egun... Horrekin ez da ezer lortzen. Martindozeneara jo ahal izateko, egiaztatu behar dute Espainiako Estatura sartu zirenetik hilabete baino gutxiago igaro dela. Hori egiaztatzeko, Poliziaren agiri bat behar dute. Kontrol hori ez da batere gizatiarra.

Salatua duzue egoitzetan oheak libre egon arren pertsona batzuk kalean ari direla lo egiten. Hori aldatu da?

Bai. Hotzaldiko egoitzan esango nuke ohe gehienak betetzen direla, baina uste dugu Gurutze Gorriarenean asko libre daudela. Esan bezala, gau erdian heltzen direnak ezin dira sartu, berdin dio zer egoeratan dauden.

Nolakoa izaten ari da komunikazioa administrazioekin?

Udalarekin urrian bildu ginen, eta jakinarazi genien komunikazio arazo bat antzematen genuela haiekin. Hori hobetzeko moduak proposatu genizkien, baina ez da aldaketarik gertatu.

Zer eskatuko zenukete aurrera begira?

Lehenik eta behin, mugan gertatzen diren kontrol arrazistak eta legez kontrako itzulketak gelditu behar dituzte. Horrek bizikidetzari mesede egingo lioke. Bigarrenik, uste dugu administrazioen politikek adabaki izateari utzi behar diotela. Komunikazio bideak konpondu behar ditugu. Azkenik, Irungo Udalak arrazakeriaren aurkako planen bat abiarazi beharko luke.

Jarrera arrazistak antzeman dituzue herrian?

Pintaketa arrazistak agertu ziren udan, eta oraindik ere agertzen dira. Edonon: kalean, supermerkatuetan... Bestalde, bi jarrera antzeman ditugu. Egia da herritar askok jarrera oso ona dutela. Lakaxitatik atera ginenean, jendearen konpromiso maila handitu zen. Dena den, kalean denbora eman ahala, ikusezin bihurtzen ari gara. Gu San Juan plazan egotea normalizatzen ari da herritar batzuentzat, eta hori saihestu egin beharko litzateke.

«Arrazakeria instituzionala» salatu dute, mugako kanporaketen harira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.