PSCk salatu du TV3 «asaldurarako» eta «propagandarako» erreminta dela

Alderdiaren kongresurako txostenean jaso duenez, apurtuta dago Kataluniako irrati-telebista publikoa sortu zeneko adostasuna

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Kataluniako gizartearen oinarrizko adostasunak apurtzea leporatu dio PSCk independentismoari. Gizartea sakon «zatitu» duela dio, eta zatiketa hori gainditzeko erreformak behar direla. Hautsitzat jotzen duen oinarrizko adostasun horietako bat da katalana kohesio hizkuntza bihurtzeari buruzkoa; izan ere, haren esanetan, independentismoak prozesu subiranistarekin lotu du hizkuntzaren defentsa. Ildo horretatik, mugimendu independentistari leporatu dio Kataluniako irrati-telebista helburu politikoen esanetara jarri izana ere; hala, orain arte Ciudadanosen ahotik hedatu diren kritikak bere agendan txertatu ditu PSCk: batetik, hezkuntza arloko murgiltze eredua, eta, bestetik, TV3ren eta Catalunya Radioren ildo informatiboa.

PSCk abenduaren 13tik 15era egitekoa duen kongresuko txostenaren esanetan, «[Gizartearen] Polarizazioarekin, hizkuntzaren kohesio eta defentsa kontzeptua perbertitu egin da aukera politiko baten defentsan», eta gaineratu du ondorioz TV3 eta Catalunya Radio «asaldurarako eta propagandarako erreminta» bihurtu direla, independentismoaren zerbitzura. Txostenak ohartarazi duenez, «urteak dira» CCMA Kataluniako Ikus-Entzunezko Hedabideen Korporazioa sortu zen garaiko adostasuna apurtu dela.

Hori dela eta, PSCk adierazi du hedabide publikoek «askeak eta arduratsuak» izan behar dutela, eta «gizarte plural eta demokratiko» baten beharrei erantzun behar dietela.

Ezaugarri horiek bermatze aldera, PSCk proposatu du TV3ko eta Catalunya Radioko zuzendaritzak «nazioarteko lehiaketa bidez» kontratatzea.

PSCk murgiltze eredua malgutu dadila eskatzeko egin dituen adierazpenekin gertatu bezala, askok helburu elektoralekin lotu dituzte TV3 eta Catalunya Radioren kontrako kritikak. Ez da harritzekoa, alderdi sozialistak nabarmen aldatu baitu bi gai horiei buruz orain arte izan duen jarrera, Ciudadanosek zabaldu dituen mezuak bere egiteko.

Debekua egonkortu nahian

«Neutraltasun» politikoaren izenean, Espainiako Hauteskunde Batzordeak debekatu egin die TV3i eta Catalunya Radiori hainbat hitz eta kontzeptu erabiltzea urriaren 1eko galdeketaren ondoren egin diren hauteskundeetan. Eta, berriki, debeku horiek egonkortzeko eskatu du PSCk, PPrekin batera, bi alderdi horiek CAC Kataluniako Ikus-Entzunezko Kontseilurako izendatu zituzten kideen bitartez.

Orain arte, «preso politikoak», «erbestea», «gobernu legitimoa», «Errepublikaren Aldeko Kontseilua», «kontseilari espetxeratuak» eta bestelako esamolde batzuk debekatu ditu Hauteskunde Batzordeak azken bozetako kanpainek iraun artean. Kontzeptu horiek «egiazkotasun eta neutraltasun» printzipioak urratzen dituztela argudiatu izan du batzordeak.

Arrazoibide bera oinarri hartuta, PSCk eta PPk izendatutako bi kontseilariek nabarmendu dute hedabide publiko orok egiazkotasun eta neutraltasun printzipioen arabera jarduteko beharra duela, eta, beraz, esamolde horien erabilerak printzipio horiek urratzen baditu, erabiltzeari utzi beharko liratekeela betiko. Eskaera egiteko, eskutitz bat bidali dioteCACeko presidenteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.