Koronabirusa

Hego Euskal Herrian 23 pertsona zendu dira gaitzarengatik astebetean

Intzidentzia tasak 200dik beherakoak dira lau lurraldeetan. Herritarren %46, txertoren bat hartuta

Txertaketa masiboa Illunben, Donostian. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, maiatzaren 31tik ekainaren 6ra bitarteko astean gutxienez 23 lagun hil dira COVID-19ak jota Hego Euskal Herrian. Horiek horrela, bilakaerak azken hiru asteetako joerari eutsi diola erakusten dute datuek: izan ere, maiatz erdialdetik, birusagatik aste bakarrean hildakoen kopuruak ez du gainditu 30 kasuen langa.

Gaitzaren transmisioari dagokionez, Hegoaldeko osasun sistemek COVID-19a atzemateko 9.625 diagnostiko proba egin zituzten herenegun, eta horietako %3,2k eman zuten positibo: 308k, alegia. Astearteko testen datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian atzeman zuten positibo gehien: 155 izan ziren. Gipuzkoan 61 kasu detektatu zituzten; Nafarroan, 54, eta Araban, 34.

Egunetik egunera izan daitezkeen aldaketak gorabehera, kurbak beheranzko joeran segitzen du. Zehazki, azken bi asteetako datuei so, Hegoaldean eguneko 356 kasu zenbatu dira batez beste.

Kutsatzeen barealdia egonkortzen ari da Hegoaldean. Beherakada geldoa da, baina apirilaren amaieratik aitzina birusak ez du izan aparteko oldarraldirik. Laugarren olatuak indarra galtzen segitzen du, eta, hain zuzen ere, beste mugarri bat erdietsi da berriki: Hegoaldeko lau lurraldeen intzidentzia tasak 200dik beherakoak dira; datuak abuztukoen parekoak dira. Gipuzkoan 100.000 biztanleko 192 kutsatu atzeman dituzte azken bi asteetan; Bizkaian, 189; Araban, 158; eta Nafarroan, 133.

Halaber, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, herenegun 26 lagun ospitaleratu zituzten gaitzarengatik. Horiek aintzat hartuta, guztira 236 lagun daude Hego Euskal Herriko erietxeetan; horietako 93 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira.

Bestalde, COVID-19aren kontrako txertaketa kanpaina hasi zenetik, 1.324.441 herritarrek hartu dute dosiren bat Hegoaldean. Zehazki, biztanleria osoaren %46 dira horiek. Txertaketak joan den asteko erritmoari eutsiko balio, uztailaren 12an erdiets liteke herritarren %70ek dosiren bat hartua izatea; hemendik hilabete ingurura, alegia. %28k pauta osoa hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.