Bertan behera geratu da Xabi Alonsoren aurkako epaiketa

Madrilgo auzitegiak argitu egin nahi du delituak epaitzeko ardura berak ote duen. «Ez dut ezer ezkutatu», adierazi du jokalari ohiak
Xabi Alonso, atzo.
Xabi Alonso, atzo. JAVIER LIZON / EFE

Julen Etxeberria -

2019ko urtarrilak 23
Atzo zen hastekoa, Madrilgo audientzian, Espainiako Ogasunari iruzur fiskala egin izana leporatuta Xabi Alonsori egin beharreko epaiketa. Baina Madrilgo audientziak bertan behera utzi zuen jokalari ohiaren aurkako epaiketa, egotzi zaizkion delituak epaitzeko ardura duen edo ez zehaztu arte. Aurki jakinaraziko du data berria.

Xabi Alonsok bere errugabetasuna aldarrikatu zuen epaitegitik irtetean. «Ziur baldin banaiz gauza guztiak ondo egin ditudala, hasieratik lagundu dudala eta inoiz ez dudala ezer ezkutatu, defenditu beharra dut, eta justizian konfiantza izan. Horregatik iritsi naiz honaino, eta amaieraraino jarraituko dut borrokan. Kezkatuta egongo nintzateke pentsatuko banu zerbait dudala ezkutatzeko edo zerbait gaizki egin dudala. Baina, hala ez denez, aurrera jarraitzen dut. Kasu bakoitza ezberdina da, eta nirea aztertzen ari dira. Kito. Orain zain egon beharra dago».

Bere irudi eskubideak Madeiran (Portugal) kokaturiko enpresa baten bitartez kudeatu eta horrela hiru urtez iruzur fiskala egin izana egotzi dio Espainiako Ogasunak Xabi Alonsori. Espainiako Ogasunak egindako salaketaren arabera, futbolari ohiak bi milioi euroko iruzurra egin zuen 2010., 2011. eta 2012. urteetan. Horregatik, Madrilgo Probintzia Fiskaltzako delitu ekonomikoen sailak bost urterainoko kartzela eskaera egin du.

Xabi Alonsok Real Madrileko jokalaria zenean egin zuen ustezko iruzurra. 2009an, futbolariak Madeirako enpresa bati saldu zizkion bere irudi eskubideak, hark kudea zitzan —Portugalgo uhartea izan arren, legedi ekonomiko propioa du, eta paradisu fiskaltzat joa da—. Hasieran, Madrilgo Instrukzio Epaitegiko 40. Salak ez zuen deliturik ikusi, baina epaileak onartu egin zuen gerora Madrilgo Fiskaltzak erabaki horren aurka jarritako helegitea, eta auzia berriro irekitzea erabaki zuen.

Espainiako Ogasunari iruzur fiskala egitea leporatu diote, halaber, Xabi Alonsoren taldekide ohi Cristiano Ronaldori, baina, tolosarrak ez bezala, portugaldarrak akordioa lortu du fiskaltzarekin. Hala, 23 hilabeteko kartzela zigorra eta ia hemeretzi milioi euroko isuna onartu ditu. Aurrekaririk ez duenez, ez da espetxera joango.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna