Arrauna

Galdera marka gehiegi

Arraun denboraldiaren erdira iritsita, Iurgi Iruretagoiena eta Sarai Lizaso arraunlari ohiek errepasoa egin diote Eusko Label eta Euskotren ligetako taldeek orain arte eman dutenari.

Urdaibai, Santurtzi, Donostiarra eta Orio ziaboga ematen, Lekeition, Eusko Label Ligako zortzigarren jardunaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Uztailari agur esatearekin batera joan da arraun denboraldiko lehen zatia ere: gorabeheratsua bezain zirraragarria. Zenbaitek hartu dute papera eta boligrafoa orain arte udak eman duenaren inguruko datuak xehatzeko. Arraunlari ohiak ere sasoiari begi zeharka so egiten ari zaizkio. Iurgi Iruretagoiena da horietako bat (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1975).

Eusko Label ligan jokatu diren zortzi estropadetan ikusitakoaren ondotik, honako hau bota du Iruretagoienak: «Askotan telebistari begira jartzen naizenean neure buruari galdetzen diot: 'Zer pasatuko ote da gaur?'. Edozeinek edozer gauza egin lezake». Alde onari begiratu dio, ordea: «Arraunzaleontzat, behintzat, denboraldi polita izaten ari da».

Sailkapenean dagoen dantza talde askoren arteko berdintasunarekin lotu du. Lehenengo seiak «oso indartsu» ikusten ditu. Urdaibairi, liderrari, egin dio lehen azpimarra: «Azken estropadetan oso ondo aritu da. Ez nekien ontzia aldatu zutenik, baina arraunean oso ondo, eta erraz ikusten ditut». Santurtzik denboraldia «oso indartsu» hasi zuen, baina bandera irabazteko «zorterik ez» du izan. Oriok «beherakada» izan du pare bat estropadatan, haren ustez. «Baina ikusi da talde lehiakorra dela, eta banderaren lehian egoteko gaitasuna duela». Donostiarra ematen ari den mailak ez du harritu: «Ontzia azkar dabilkie, eta konfiantzaz beteta doaz».

Ligan orain arte Hondarribiak lortu ditu garaipen gehien: hiru. Alabaina, bosgarren postuan dago, ohorezko txandatik kanpo. Arraunlari ohiaren arabera, hondarribiarrak «euren burua aurkitu ezinik» egongo balira bezala dabiltza, «beste urteetan ez bezala». Lehen multzoko azterketa Zierbenarekin amaitu du: «Ligan kosta egin zaio martxan jartzea. Baina irabazlearen sena dute; zerbait berezia badute».

Bi ontzi indartsu horiekin batera doazen Caboren eta Isuntzaren ahaleginei balioa eman die. Caboren inguruan zer esan: «Arraunlariak buruz gogorrak dira, eta, uretan, indargune hori azaleratu egiten zaie. Isuntza, berriz, izugarri ondo ari da. Egun ona duenean goiko postuetan ibiltzeko gai izan da».

Iruretagoienak Ares ikusten du indartsuen lehen txandan. «Ondo» ikusten ditu galiziarrak. Ondarroak izan du «beherakadarik nabarmenena. Hamar arraunlari inguruk utzi dute taldea, eta, aldaketa hori talde indartsuenetan agerikoa bada, zer esanik ez erdi mailako talde batentzat». Zarautzi dagokionez, bestalde, haren esanetan, garrantzitsuena da aurkari zuzenekin lehiatzen ari dela. Azkenik, Kaiku «pattal» ikusi du. Halere, Bizkaitarra esnatuko den ustea du.

Euskotren liga, egonkorra

Eusko Label Ligan ez bezala, Euskotren ligan lau talde badaude ere, sailkapenean ez dago aparteko dantzarik. Hala uste du Sarai Lizaso arraunlari ohiak (Usurbil, Gipuzkoa, 1991). «Beste urteetan ez bezala, ordea, banderen lehiarako borroka handiagoa dago, eta hori pozgarria da». Orioz eta Donostiarraz ari da hizketan. «Estropadari bizigarritasun gehiago sortzen diote».

Hori bai, Orio ikusten du guztien gainetik. Lizasoren arabera, oriotarrek liga «bideratua» dute, sailkapenean Donostiarra sei puntu atzetik edukita, liga amaitzeko lau estropada falta direnean. Halere, donostiarrei ez die meritua kendu. «Egin dituzten fitxaketekin talde lehiakor bat osatzea lortu dute». Arraun Lagunak, berriz, Lizasok espero baino «apalago» ibili da, etenaldia izan aurretik. Hondarribiarekin ere uste bera du. «Bi taldeek lehia handia izango dute azken postuan ez geratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.