Frantzia eta Alemania multzoburu, eta Norvegia eta Espainia bigarren

Txinak eta Nigeriak lau eta hiru punturekin amaitu dute, eta oraindik badute aukera sailkatzeko Munduko Kopako final-zortzirenetarako

Alemaniako jokalariak, Hegoafrikari sartutako lau goletako bat ospatzen. EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Amaitu dira A eta B multzoetako ligaxkak Frantziako eta Bretainiako Munduko Kopan. Atzo jokatu zituzten azken partidak. A multzoan, Frantziak 0-1 irabazi zion Nigeriari, eta Norvegiak 1-2 Hego Koreari. B multzoan, berriz, Alemaniak 0-4 hartu zuen mendean Hegoafrika, eta Txinak eta Espainiak hutsean berdindu zuten.

Beraz, argitu beharrekoa argitu da bi multzo horietan. Frantzia eta Alemania lehen sailkatu gisa pasatu dira final-zortzirenetara. Norvegiak eta Espainiak, berriz, bigarren moduan egin dute aurrera. Frantziarrak C, D edo E multzoetako hirugarren sailkatuaren aurka ariko dira igandean; alemaniarrak, A, C edo D multzoko hirugarrenaren aurka, larunbatean; norvegiarrak, C multzoko bigarrenaren aurka, larunbatean; eta espainiarrak, F multzoko lehenaren aurka, astelehenean.

Nigeria eta Txina ez dira sailkatu, baina oraindik badute aukerarik, lau hirugarren onenek ere final-zortzirenak jokatuko baitituzte. Txinatarrek aukera handia dute, lau puntu lortu baitituzte. Horregatik, pozik ziren atzo, baita hirugarren izanda ziurrenik izkin egingo diotelako ere Munduko Kopa irabazteko faborito nagusiari, AEBetako selekzioari. Ezusterik ezean, Espainiak izango du aurkari azken txapelduna lehen kanporaketan. Nigeriak ere badu aukerarik pasatzeko, hiru puntu baititu. Etzi argituko da hori.

Brasil, arriskuan

Gaur C multzoa argituko da. Italia jada sailkatuta dago, lehen bi partidak irabazi baititu. Hala ere, ez du ziurtatua lehena izatea. Brasil eta Australia, berriz, sailkatzeko lehian ari dira. Hiruna puntu dituzte. Australiarrak konfiantzaz gainezka daude, Brasili irabazi ondoren. Gaur, gainera, multzoko talderik apalena izango dute aurkari, Jamaika. Askoz lehia zailagoa izango dute brasildarrek, Italiaren aurka. Galduz gero, kinka larrian geratuko lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.