Literatura. 'Suak pizten direnean'

Inoiz sua piztu duenak

Idazlea: Mikel Soto Nolasko. Argitaletxea: Elkar.

Irati Majuelo.
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hau ez da poesia/ eta ni ez naiz poeta». Abisua luzatzen du hasiera-hasieran Mikel Sotok: ohikoa izan duen editore paperetik bestaldera, idazle gisa inprimatu ditu paperean gaztaroko min eta bizipenak. Su bizitan inprimatu ere. Argitaratu berri duen lehen poesia liburuan, 1990eko hamarkadak Iruñean astindutako kale eta bizitzak ditu mintzagai, lehen lerrotik eta lehen pertsonan.

Inoiz sua piztu duenak soilik begira dezakeen liluraz luzatzen du begirada iraganera, hiriko kaleetara, erraietara. Literaturan gutxi ezagutu dugun garai baten lekuko, eta kontakizunen fikzionatzea beste gerra batzuetan sartuta dagoen honetan, ahanzturan geratzeko arriskua duten pasarte eta sufrimenduak ekartzeak balioa ematen dio liburuari. Erromantizatu gabe baina bizitakoari garrantzia emanez, suak eta izerdiak markaturiko gaztaroa marrazten du Sotok, eta emaitza barne-barnetik ateratako poesia da, pertsonala oso, baina kolektiboki senti daitekeena. Izan ere, beste ezeren gainetik, maitasuna, kidetasuna eta harrotasuna darizkio liburuari.

Inoiz sua piztu duenak soilik eskuan senti dezakeen dardaraz idatzirik daude poemak. Adrenalinaz eta bertigoz. Agerikoa da luzaroan gordetako zerbaiten askatze-mekanismotzat funtzionatu duela idazketak, barne-ariketa handia eskatu diotela poemek Sotori. Hala, gaztaroko grinaz bezainbat mintzo da koldarkeriaz, eta koiunturak barrikadaren erdian jartzera bultzatzen zuen indar-bulkadaz. Anekdota heroikoak eta zauri irekiak aurki daitezke, barkamen eta maitasun mezuak. Adoreari zein beldurrari buruz ari zaigu idazlea, muinetaraino bizi izandako ikaraz, ohikoa ez den posiziotik. Haatik, gatazka politikoetan publikoki gutxitan erakusten diren sentimenduak argitara ekartzen ditu, gordinki eta lotsarik gabe. Zinez, zintzotasuna da liburuaren baliorik handiena.

Ahozkotik gertuko hizkera darabil, eta indar handia ematen diote, logikoa denez, erreferentzia, gertaera, zein izen errealek, irakurlea idazlearengana hurbiltzen baitute. Errealitateak, ordea, gainez egiten dio sarri poesiari; bihotzez eginiko deklarazioen eta kontakizun historikoaren arteko erdibidean geratzen dela esan daiteke. Idazleak berak planteatzen duen hutsunea da: «Zergatik ez da sortu gu guztion artean/ piztutako su horren tamainan/ kantatzeko gai den poetarik».

Oso poesia narratiboa da; liburuak ere hari narratibo bati jarraitzen dio hasieratik amaieraraino. Horrenbestez, gure historiaren pasarte gogor bezain bizi bati eskainitako poema luze baten gisa irakur liteke, erritmo-aldaketei eta lirikotasunari pisu handiagoa eman izan balie oda indartsu bat izatera irits zitekeena. Alabaina, intentsitate-maila antzekoa gordetzen du poema-bilduma osoan zehar, eta ondorioz, epikotasunean lehertzeko zein emozioen dardarei gertutik behatzeko aukerak galtzen ditu.

Zalantza gazi-gozoarekin heltzen da bat amaierara: kronika historikoaren garapen handiagoko neurrian edota fikzioaren askatasunaren babespean ez ote luketen dirdira handiagoz su hartuko Sotoren bizipenek. Idazleak, ordea, poesian soilik aurki zezakeen, akaso, erraiak lehertze hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.