Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Kontatzea (edo ez)

<em>Volar</em> dokumentaleko fotograma bat.
Volar dokumentaleko fotograma bat. BERRIA

Maialen Unanue Irureta -

2017ko irailak 29
Errelatoa gora eta errelatoa behera gabiltzan honetan, ezinbestekoa da arretaz behatzea edozein ekintza komunikatibo. Izan daiteke prentsaurreko bat, liburu bat, mobilizazio bat, eta abar. Edo pelikula bat. Horietako bakoitzak bidaltzen baitu mezu bat —gutxienez—, pentsatua, eraikia. Intentzionalitatez beteak direla, alegia. Eta, beraz, kontatzen dutena bezain inportantea dela kontatzen ez dutena.

Zinema egitea ez da erraza. Beraz, pentsatzekoa da egileek intentzio jakin batekin hasten dutela proiektu bakoitza, eta lan bakoitzaren atzean badagoela lanketa bat, igorri nahi den mezu bat. Alegia, kontatu nahi duten hori kontatzeko behar bat, ardura bat sentitzen dutela.

Iruditeria kolektiboa eraikitzeko tresnatzat du zinema Fernando Francok, eta arduratzen duten gaiak landu ditu bere bi pelikuletan —eta aurrez egindako film laburretan—. Haren zineman, fokua emakumeengan jarri ohi duela dio; baita gaixotasunekin lotutako gaietan ere, horien ertz ugari ez direla lantzen uste duelako, ez zuzenean, ez gordin. Eta horrexegatik beragatik egiten duela egiten duen zinema.

Kontatzen ez dena ez da existitzen. Argitaratzen ez dena ez da existitzen. Ez da transmititzen. Ezin da bilatua izan —etorkizunean, inor dokumentazio lanean murgilduko balitz—. Gertatu ez balitz bezala da, gertatu den arren. Hori horrela bada, inork ez badu gertatu dena kontatzeko ardurarik sentitzen, ez da argitaratuko, ez da existituko.

Indarkeria matxista jasan eta bizirik iraun duten bederatziren lekukotzak bildu ditu Bertha Gaztelumendiren Volar dokumentalak. Edulkoratu gabe, zuzenean, gordin. Kontatzen ez diren eta errealitatearen parte diren gai mingarriak begien aurrean jartzeko beharra sumatzen du Francok —Morir-en egileak, ez jendea hiltzen zuenak—, eta horixe da Gaztelumendiren lanak betetzen duen funtzioa: begien parean jartzea egunero andreak hiltzen, bortxatzen eta torturatzen dituen indarkeria sistematikoa eta sistemikoa, bizirik iraun dutenek kontatua, titular hotzei aurpegia, gorputza eta ahotsa jarriz. Ironikoki —eta kasualitatez, egilearen esanetan—, oreinak ere ageri dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna