MARIJAIAREN ZIMURRAK

Youtubeko punkak Aste Nagusian

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Youtubeko bideoen bidez ezagut daiteke 1980ko hamarkadako Aste Nagusia. Ezagutu, edo zein itxura eduki zezakeen irudikatu bai behintzat. Eta bilaketa egiten hasita, garai hartako punken bideoak deigarriak dira. Horietan ikus daiteke udaltzainek nola harrapatzen zituzten punk horiek, eta furgoneta batera sartu ostean nola garbitzera eramaten zituzten. Eta batzuei gandorra ere mozten omen zieten, lekuko batek azaltzen duenez. «Oso ondo iruditzen zait, akaso lepra ere kutsatu ahal digutelako», dio adineko emakume batek, beste bideo batean.

Irrigarriak ere izan daitezke bideo horiek, anekdota gisa gogoratzen dituztelako bilbotarrek punk horiek. Edo hanka beltzak gisa ezagunak zirenak. Europa osotik iristen ziren Bilbora gazte horiek festetan murgiltzeko asmoz, eta Areatzan bertan egiten zuten lo. Eta noski, dutxatzeko leku eta betarik gabe. Halakoa bihurtu zen punk horien garbitasun faltaren harrabotsa, udalak dutxa batzuk egokitu zituen eurentzat. «Dirua eskatu dit horietako batek, eta erantzun diet emango diedala, baina xaboia erosteko baldin bada», dio emakume horrek geroago.

Gaur egun, oraindik ere ikus daiteke Areatzako lurrean lo egiten duen gaupasero despistaturen bat edo beste, baina dagoeneko ez da garai hartako irudirik errepikatzen. Ez dute inor furgoneta batean sartzen ostera garbitzera eramateko, eta Europatik etortzen ziren punk horien lekua beste atzerritar batzuek hartu dute. Aste Nagusia turistak erakartzeko baliatu nahi baitu alkateak, eta ekonomia berpizteko tresna gisa erabili nahi duela esan du. Beste garbiketa mota bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.