Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Pantaila, zilborra

Koldo Almandozen <em>Plagan</em> film laburraren fotograma bat.
Koldo Almandozen Plagan film laburraren fotograma bat. BERRIA

Maialen Unanue Irureta -

2017ko irailak 24
Voyeur hasiberri zein beteranoek begiratzea dute dohain. Aurpegia pantailan murgilduta dutenei, adibidez. Voyeurrek gustuko baitute ikusia izan gabe begiratzea, zelatatuen gaineko nolabaiteko kontrola sentitzea. Plazera ematen die —detaileak niretzat gordeko ditut—, boterea. Beren baitako sekretua da, ez konpartitzekoa, ez aitortzekoa. Voyeurenean parte izateko onarpenak berekin dakar, hein batean, konfesatu nahi gabeko praktika hori gainontzekoen begien bistara ekartzea. Parean jarritako oro zutabegai potentziala izatea.

Anahi Berneriren Alanisekin zer edo zer komun izango ote zuen galdetzen zion bere buruari etxepe honetako bizilagun eta voyeur aitortuak atzo. Kontrako efektua gertatzen da Koldo Almandozen Plágan-ekin: esfortzurik egin gabe identifikatuko du bere burua protagonistengan ikusleak —bidaia batean selfie-rik atera ez duen inor gelditzen bada oraindik munduaren alde honetan, salbuespenak salbuespen—. Almandozek ehizatutako espeziekoa dela bera ere.

Eta, autoreak hala den edo ez esan gabe, ondorioztatuko du kritika bat dagoela atzean. Autoreak ezetz, ez duela kritikarik egin nahi izan, izenburuak hori pentsarazten badu ere, obserbaziozko dokumentala dela. «Ados, kritika terminoa barruko epaileak ebatzitakoa izan da». Subkontzientearen mailu kolpea.

Ihes egin ote daiteke teknologiaren atzaparretatik? Zein da gure jarrera gailu elektronikoekiko? Kontziente gara horien erabileraz? Zein da gure jarrera, ez bakarrik bidaian goazela edo oporretan gaudenean, baizik eta egunerokoan? Zenbat denbora ematen dugu burua pantailatik altxatu gabe? Aitortu nahi duguna baino gehiago ez ote?

Hipnotizatuta bezala daude Plágan-eko protagonistak. Objektiboari begira, inguruari bizkarra emanda. Zeri ari dira begira? Hamaikagarren ahaleginean eder asko atera diren irudi horretan, zenbateko presentzia du hondoko paisaiak? Enegarrenean, itzali —edo bateria agortu— ostean, begiratuko ote dio inguruari, zuzenean? Egiten al dugu ariketa hori? Ala pantailari, hots, gure zilborrari begira bizi den espeziekoak gara? Zeren, hala bada, itzal ditzagun argiak: hemen ez dago erretratatzea merezi duen ezer.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna