Lointek Gernikak garaipen handi bat lortu du Gironan (65-68)

ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ezustea eman zuen atzo Lointek Gernika Bizkaiak, eta, oso ondo jokatuta, balio handiko garaipena lortu zuen Gironan: 65-68. Artean partidarik galdu gabe zenegungo liga txapelduna, baina atzo bizkaitarrek azpiratu zuten.

Zerbait erakutsi badu Mario Lopezen taldeak sasoi honetan, zera erakutsi du: nor baino nor gehiago lehiatzeko gai dela partida guztietan.

Atzo ere hala izan zen, eta horrek eman zion garaipena. Izan ere, hiru minutu falta zirela bi puntu atzetik zen Gernika: 62-60. Baina azkenera arte sinetsi zuen, eta meritu handiz irabazi. Izan ere, aste honetan bi taldeek Europako partida bat izan zuten, baina Gironak talde zabalagoa du. Beraz, espero izatekoa zen lehia une erabakigarrietara indartsuago iritsiko zela etxeko taldea.

Baina ez zen hala izan. Gernikak indartsu ekin zion norgehiagokari: 0-9 aurreratuz. Baina ondoren etxeko taldea estutzen hasi zen, eta 22-21 amaitu zuen lehen laurdena. Gernikak bazekien sufritu egin beharko zuela irabazteko, eta hala gertatu zen. Girona aurretik egon zen momentuetan burua hotz eduki zuen, eta denboraldi osoan egindako talde jokoari eutsi zion.

Hala, balio handiko partida bat atera zuen aurrera, eta konfiantzaz betetea joan da etenaldira. Izan ere, egutegi bete-bete baten ostean, datorren astean ez da Eurokopako eta Ligako partidarik izango. Nabarmendu beharrekoa da Margaret Roundtreek egindako partida. Min hartuta egon eta gero, sasoi bikainean itzuli da taldera. Hamazazpi puntu sartu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.