KRITIKA. Antzerkia

Itzultzaile bat, mesedez

Agus Perez -

2015eko azaroak 11
'Bianco su bianco'

Konpainia: Daniele Finzi Pasca. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Azaroak 8.

Daniele Finzi Pasca suitzarrarekin erlazionatuta, zirku eszenikoaren arloko obra batzuk ikusi ditugu Euskal Herrian azken urteotan ?Donka, Rain, Nebbia...?, sinadura desberdinekin etorri diren arren. Hasiera batean Cirque Eloizeren sorrera ospatu genuen, Cirque du Soleilen finezia eta maila bikaina italiar erako antzokietara ekarrita. Geroago ezagutu genuen Teatro Sunil delako proiektua, Laztanaren Antzerki ezizenaren pean, eta ikusi berri dugun Bianco su bianco honetan Finzi Pascak berak eman dio izena konpainia osoari.

Taula gainean, aldiz, antzezle pare bat baino ez dugu ikusi konpainia oso baten lekuan: Helena Bittencourt brasildarra eta Goos Meeuwsen herbeheretarra. Baina ikusi, gutxi ikusi ditugu, zientoka bonbillak osaturiko baso batean galduta ibili direlako, proposamenaren ahuldadea ezkutatu nahian baleude bezala. Izan ere, hitzezko narrazio batek bete du denboraren ehuneko laurogeita hamarra, orain arteko estilotik aldentzeko asmoa agerian utzita, eta istorioaren balizko interesa izan da ikusleok esna irauteko eduki dugun amu bakarra.

Kontua da testua gaztelaniaz emateko ardura aktore brasildarraren borondate onaren esku geratu dela eta gauza bera gertatu dela bere laguntzaile eszenikoak hitz egin duenean. Ordea, ahoskatzeari begira benetako amildegi bat dago hizkuntza bien artean, eta eskerrak Brasilen galdu egin zela Portugalgo filipismoa ?Espainiako Felipe II.aren arotik omen datorren ebakera itxia, Gaztelako funtzionarioei izkin egiteko sortua?, zeren eta orduan ez genukeen piperrik ere ulertuko. Hala ere, ez da ahoskera arazoa izan, itzulpenarena baizik. Zeren eta ni Portotik ibili ahal naiz ?demagun? eta kalean, dendetan, autobusetan jendearekin hitz egin nire hala-moduzko portugesarekin. Beraiek erraz barkatuko dizkidate nire hanka-sartzeak, eta batez ere, erruz eskertuko lukete beraiekiko begirunea eta interesa.

Baina horrek ez du zilegi egiten emanaldi oso bat nire portuges kaxkarrean herri lusofonoetan ematea. Are gutxiago kontuan izanda ugariak direla hizkuntza bien arteko tranpa semantikoak edo lagun txarrak. Orain ez dakit zelan deitzen diren itzulpengintzan, baina argi dago ez direla gauza bera frantsesezko exprimer (adierazi) eta gaztelaniazko exprimir (zukutu). Horiexek dira itzulpenetako lagun txarrak, eta lotsarik gabe agertu dira emanaldian zehar, jatorrizko testua desitxuratu, zapaldu, birrindu, suntsitu eta guztiz ulertezin bihurtu arte.

Egia da eremu eszenikoa ikusgarria izan dela hasiera batean, goitik zein behetik ereindako bonbillekin, baina diseinu korapilatsu horrek zeharo zaildu du edozein ekintza eszeniko, eta aurpegien aurrean jarritako filamentu goriak gogaikarriak dira edozein begitarako, mundu guztiak dakien bezala, Firefly Forest izen hanpatuko argiztapen hori sinatu duten bost lagunek izan ezik. Gauzak horrela, emanaldian zehar izandako bizpahiru ahalegin poetiko apalak ezerezean geratu dira, baina, ordainean, bertan egon garen guztiok ondo ulertu dugu itzultzaile profesional batek ekarriko zigukeen onura.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna