Jagoba Arrasate

Apaltasunaren bidetik

Zarata handirik atera gabe, Jagoba Arrasatek Bigarren Mailako sailkapenaren buruan jarri du Osasuna. Ez edonola, gainera: estilo ederra ezarri du, eta taldearen eta zaleen arteko lotura berrezarri. Klubak aurki luzatuko dio kontratua.

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Osasuna aspaldi ez bezala ari da gozatzen denboraldi honetan. Oraindik hiru hilabete luze gelditzen dira Espainiako Bigarren Mailako liga bukatzeko —lau hilabete mailaz igotzeko kanporaketak jokatuko dituzten taldeentzat—, baina orain arte bederen, dena nahieran atera zaio Nafarroako taldeari. Lidergoan finkatu da, behetik gorako bidea egin ostean, eta Sadarren bolada historikoa du, hamar partida elkarren segidan irabazita. Zein da gorritxoen sekretua? Bada, hein handi batean, Jagoba Arrasateren eskua. Egonkortasuna ekarri du azkenaldian elektriko izandako Osasunaren aulkira, estilo soil eta natural batekin. Mundu guztia du liluratua, zuzendari, jokalari zein zale. Hari esker, erabatekoa da batasuna Iruñeko taldean.

Ez da Arrasate hautsak harrotzen dituen entrenatzaile horietakoa. Nahiago du fokupetik at egon, eta eguneroko lanean buru-belarri jardun. Prentsaurrekoetan, beti jokatzen du zuhur. Gorritxoek irabazi dutenetan —azkenaldian, oso maiz—, beti saiatu da euforia apaltzen; eta porrot egin dutenetan, berriz, ez du autokritika egiteko inongo erreparorik izan, iragan sasoian Diego Martinezekin gertatu ez bezala. Lan egiteko moduan ere bada alderik bi prestatzaileen artean. Diego Martinezekin oso luze jotzen zuten entrenamenduek, eta ariketa errepikakorrez josiak egoten ziren. Arrasateren lan saioak, aldiz, motzagoak, dinamikoagoak eta biziagoak dira.

Alderik handiena, ordea, futbola ulertzeko moduan dago. Aurreko sasoiko Osasunak jite kalkulatzaile eta kontserbadorea zuen; hotzegia, zale gorritxoentzat. Arrasatek, ordea, jokamolde erasokorra, bertikala eta grinatsua ezarri du, Nafarroako taldearen DNArekin bat datorrena. Balsetik rock-and-rollera pasatzea bezala izan da, eta aldaketa zinez eskertu du taldeak, eta, ondorioz, Sadarko harmailek ere bai. Zelai erditik gora talentu handia dute gorritxoek, eta Arrasateren estiloak beren bertuteak ustiatzeko askatasuna eman die. Hala, maila gorena ari dira erakusten Roberto Torres, Ruben Garcia, Fran Merida, Juan Villar eta Kike Barja jokalariak.

Oreka topatu du prestatzaile bizkaitarrak, defentsan ere oso itxura ona ari baita ematen Osasuna, hasierako zailtasunak gainditu ostean. Oier Sanjurjo inoizko denboraldirik onenetakoa ari da osatzen atzeko euskarri legez; David Garcia loratu egin da azkenean; Unai Garciak lider gisa hazten jarraitzen du; eta Carlos Clerc eta Nacho Vidal asko sendotu dira. Alegia, jokalari gehienak beren onena ari dira ematen, eta denak sentitzen dira garrantzitsu, gehiago edo gutxiago jokatu. Izan ere, kudeatzaile ona ere bada Arrasate. Aukerak jokalari guztiei ematen saiatzen da: 24 erabili ditu orain arte, eta horietatik hamabostek jokatu dute 1.000 minutu baino denbora gehiago. Eta harrobiari ere begiratzen dio; kasurako, azken partidan aukera eman zien Miguel Olabideri eta Endika Irigoieni.

Esperientziaren balioa

Seigarren denboraldia du Arrasatek entrenatzaile profesional moduan. Hasteko, denboraldi bat eta erdi egin zituen Realaren lehen taldean, eta zapore gazi-gozoa utzi zuen bertan. Lehen sasoian, Europa ligarako sailkatu zuen talde txuri-urdina; bigarrenean, ordea, ez zen Eguberrietara iritsi, Europan Krasnodarren kontra porrot egin, eta ligari eskas ekin ostean. Hainbat zalerentzat, mailarik ez zuen Realaren lehen taldea zuzentzeko. Edonola, hura bere ibilbidearen hasiera besterik ez zen izan Arrasaterentzat, eta, geroztik, eskarmentua bilduz eta bidea eginez joan da, zalapartarik atera gabe, ohi duen gisara.

Osasunara iritsi aurreko hiru denboraldietan Numantzia gidatu zuen, baita arrakastaz gidatu ere. Izan ere, bi urtez zutabe sendoak ezarri ostean, iaz Lehen Mailara igotzeko azken kanporaketan sartu zuen Espainiako taldea. Orduan, erronka berri baten bila jarri zen, eta Osasunak jo zion atea. Sasoi baterako sinatu zuen Iruñeko taldearekin, kontratua luzatzeko aukerarekin, betiere gorritxoak Lehen Mailara igoz gero. Alabaina, taldearen ibili distiratsua ikusirik, agintariek ez dute denboraldi amaierara arte itxaron nahi izan, eta dagoeneko beste urtebeterako berritu dute. Oraindik ez du ofizial egin klubak, baina akordioa erabatekoa da bi aldeen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.