ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Minak irakatsitakoa

2015eko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Min kronikoak arintzeko esperimentu batek agerian utzi du desberdina dela minaren mekanismoa sagu arretan eta emeetan, eta sagu arretan eraginkorra den tratamenduak ez duela eraginik emeetan.

Kanadako eta Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek egin dute esperimentua, elkarlanean. Helburua minaren transmisioan parte hartzen duten zelulak ikertzea zen, tratamendu espezifikoagoak eta eraginkorragoak garatzeko itxaropenarekin. Eta hara non konturatu diren lehendik ezagutzen zuten botika batek, sagu arrei mina kentzen dien arren, ez diela ezer egiten emeei.

Horren zergatia ikertu dutenean, jakin dute botika horrek sagu arretan minaren transmisioan parte hartzen duten zelula batzuk blokeatuz funtzionatzen duela. Sagu emeetan, ordea, beste zelula batzuk dira gako minaren transmisioan; horregatik, botikak ez du eraginik haiengan.

Baina ikertzaileek ondorio orokorragoak ere atera dituzte. Haien esanean, esperimentuak agerian utzi du ezinbestekoa dela bi sexutako animaliak erabiltzea esperimentuetan. Gogorarazi dute iaz Ameriketako Estatu Batuetako Osasun Institutuak jarraibideak aldatu zituela esperimentuetan bi sexuak aintzat hartzeko; baina, hala ere, askok arrak baino ez dituzte erabiltzen, hilekoaren zikloak eragiten dituen gorabeherak saihesteko aitzakiarekin. Horrekin, baina, ezinezkoa da jakitea zer gertatzen den emeetan. Orain egin duten ikerketak horretaz ohartarazteko balioko duela espero dute ikertzaileek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.