Memeak euskaraz

Iametza komunikazio eta teknologia enpresak 'Memeka.eus' proiektua sortu du. Memeak egin eta zabaltzeko plataforma bat da, nerabeek euskara «modu ludikoan» erabil dezaten.

enekoitz telleria sarriegi
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Mezu bat da memea izenez, eta komunikatzeko modu bat ere bai izatez. BERRIAren Estilo Liburuan dator definizioa: «Interneteko informazio elementua, sare sozialen bitartez zabaldu ohi dena, eta irudi, esaldi edo bideoren bat erakusten duena». Memeek badute umorea, badute ironia, badute satira..., etahorien erabiltzaileek badute hori guztia euskaraz sortu, aurkitu eta hedatzeko aukera ere, orain: Memeka.eus izeneko proiektua sortu du Iametza komunikazio eta teknologia enpresak.

«Kezka» batetik abiatutako proiektua da Memeka.eus, Iametzako kudeatzaile Eli Pombok azaldu duenez: «Nola sustatu euskara gazteen artean. Ikusten genuen memeak badirela baliabide bat gazteentzat, erabiltzen duten tresna bat dela, gogoko dutela. Umorea, satira, ironia... lantzen dituzte bitarteko grafikoen bidez, eta, nahi gabe ere, hizkuntza joko horretan sartzen da».

Sortu zenetik garatu izan ditu Iametzak euskarazko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin (IKT) erlazionatutako hainbat proiektu eta produktu. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren laguntza bati esker jarri dute martxan.

Pombok gogora ekarri ditu aurretik euskarazko memeen inguruan egindako lanketak. Bagera euskaltzaleen elkarteak antolatutako lehiaketa hura (2015): Ez izan memelo eta izan memelari. «Ikusi genuen bazeudela erabiltzaileak sare sozialetan-eta arrakasta handia zutenak meme horiekin, eta euskarak bazuela hor bere lekua», azaldu du Pombok. Baina plataforma bat edo tresna bat eskura jartzea falta zen: «Beste hizkuntzetan bazeuden memeak sortzeko plataformak. Zergatik ez gurera halakoren bat ekarri? Horixe izan da proiektu honen ideia».

Funtzionatzeko modua

Erabiltzaileak irudi garbiak ditu eskura webgunean memeak egin ahal izateko, eta berak nahi duen testua txertatu dezake bertan. Letra tipoaren kolorea eta mota pertsonalizatu ditzake, eta eskura ditu irudiaren gainean erabiltzeko eranskailu (sticker) ezagunak ere. Egileak bere memea argitaratzen badu, Memeka webguneko katalogo orokorrean kontsultatu eta erabili ahal izango dute gainerako erabiltzaileek. «Saiatu gara irudi eta oinarri horietako batzuk gurera ekartzen, euskal izaera izan dezaten. Oinarri gisa Meme Generator izeneko plataforma hartu dugu, eta haren funtzioak eta tresnak gurera ekartzen saiatu gara», argitu du Iametzako kudeatzaileak.

Aurtengo otsailean sortutakoak dira galerian dauden lehen memeak, eta atzokoa azkena. Webgunean sartu eta saltsatu besterik ez dago erabiltzaileen sormenaz ohartzeko. «Konturatu gara badagoela jendea memeak egitera ohituta dagoena, eta eskertu duena horrelako tresna bat eskura jartzea», azaldu du Pombok.

Eta gazteen jarduna nabarmendu du: «Euskararen inguruko diskurtso batzuekin gazteengana gerturatzea ez da erraza. Behar dituzu baliatu haientzat atseginak izango diren eta, batez ere, aisialdiarekin zerikusia izango duten mekanismoak. Eta haiekin erakarri».

Alde horretatik, memeak gazteentzat «sormenerako eta komunikaziorako adierazpideak» direla dio Pombok. «Eta sare sozialen eta mezularitza programen bidez partekatzen dituzte, euren sentimenduak adierazteko, egoera bat azaltzeko edo, besterik gabe, lagunekin dibertitzeko. Horregatik da horren garrantzitsua tresna erraz baten bidez euskarazko edukiak ere horrelako testuinguruetan mugitu eta zabaltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.