KRITIKA. Antzerkia

Txabusina zurikoen kofradia

Agus Perez.
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun

'Calma chicha'

Konpainia: Monstrenko kolektiboa. Antzezleak: Txubio Fernandez de Jauregui, Jabier Fernandez Landaluce, Itziar Rekalde, Miguel Garces, Mikel Larrea, Jone Garcia, Eñaut Gorbea. Teknika: Marc Cano, Jason Guerra. Musika: Twin Rebels. Kanpoko eta barruko begirada: Espe Lopez. Kolaboratzaile bereziak: Hannah Whelan, Rafael Martin. Lekua: Gasteizko ur-biltegia. Eguna: Urriak 11.

Gasteizko Oihaneder jauregi ederrean dago hiriko Euskararen Etxea, urte osoko programazio aberats eta dinamikoz hornitua, eta hara non haren azpian aurkitzen den XIX. mendearen amaieran eraikitako ur-biltegia.

Lur-azpiko barrunbeak ez dauka Istanbulekoaren handitasuna eta misterioa, eta kontu horretan badu zerikusirik gurean ur tantarik ez geratzeak. Baina oraindik gordetzen du adreiluzko ingeniaritzaren erakarmena, eta bere 30 zutabe karratuk eutsitako puntu erdiko arkuek eta gangek edertasun berezia ematen diote espazioari, hustasunaren, isiltasunaren eta soiltasunaren laguntzaz. Une batez, Kordobako meskita etorri zaigu burura—neurriak neurri, jakina—, eta bat egin dugu emanaldiaren gidariak proposatu duen ideiarekin: bai, urari eskainitako tenplu bat iruditu zaigu.

Gainera, gidariaren hasierako azalpenetan areagotu egin da eraikinari emandako kutsu mistikoa, batez ere barneratu dugunean handik hiriko etxe guztietako iturrietaraino hel zitekeela ura hodi-sarearen bideetatik, eta bueltan, etxe guztietako psikofoniek edukiko zutela beren elkargunea Gorbeiako maldetatik etorri eta ilunpetan gordetako milaka litro ur haietan. Batzuek diotenez, urak badauka gogorapenak gordetzeko ahalmena, eta nik, fisikoki, ez dut horretan sinisten, baina bai mistikoki.

Hasierako gidariak zenbait lekutatik eraman gaitu «gertakari irrealetan oinarritutako dokumentu» honetan zehar, eta italiar erako jesarlekuetan kokatu garenean ezezagunaren eremuan murgildu gara, antzezleen bakarrizketek kontraste artegagarria egiten zutelarik txabusina zuriz jantzitako pertsonaia onirikoekin, eskuargiz sortutako argiztapena lagun. Izan ere, espazioaren beren-beregiko erabilera eta argiztapenaren diseinu eredugarria dira lan ausart eta kementsu honen tanto nagusiak, tempoa eta testuen kalitatea ez baitira gainontzeko guztiaren mailan egon.

Baina horrelakoa da antzerki aurreratuaren gudu-zelaia. Batzuetan erori eta beste batzuetan altxatu egiten gara. Batzuetan denok sortu eta beste batzuetan gu baino argiagoa den baten menpe ibili behar gara, gidari hari ahalmen osoa inoiz eman barik. Beti sortzen, beti tiraka, beti negoziatzen, beti uste osoa kolektiboaren bihotzean izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.