Hasi dute igotzeko atzerako kontua

enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Oraindik hamahiru jardunaldi gelditzen zaizkio Bigarren Mailako ligari, baina elitera itzultzeko kalkuluak egiten hasiak dira Osasunako zaleak. Eta askori ateratzen zaizkie kontuak. Azken zortzi urteetan —hots, igoera sistema berria ezarri zenetik— batez beste 76 puntu behar izan dira Lehen Mailara zuzenean igotzeko. Bada, Osasunak 57 ditu gaur-gaurkoz, eta beste hiru jada ziurrak ditu, txapelketatik egotzitako Reusen kontra jokatuko lituzkeenak. Hortaz, azken sasoietako batez bestekora iristeko, beste bost garaipen eta berdinketa bat beharko lituzke. Egingarria dirudi, besteak beste, zazpi lehia jokatuko baititu gotorleku bihurtutako Sadar batean; lehena, gaur, Rayo Majadahondaren aurka.

Nafarrak indar betean helduko dira, jokoan egondako azken 24 puntuetatik 22 bilduta. Azken lehietan distira apur bat galdu arren, sailkapeneko liderrari dagokion joa eta nortasuna erakutsi dute; eta, horri esker, eutsi egin diote emaitzen bolada ikusgarriari. Hiru garaipen daramatzate erreskadan, eta gaur laugarrena lortzen saiatuko dira, mailari eusteko lehian dabilen aurkari baten kontra. Talde dezentez indartsuagoak garaitu dituzte nafarrek Sadarren jarraian irabazi dituzten hamar partidetan, baina hobe dute esna egon.Kontraerasoetan arriskua sortzen badakiela erakutsi zien Espainiako taldeak joaneko partidan. Bana bukatu zen.

Gaurkoari begira, Nacho Vidalen hutsunea izango du Osasunak, atzelariak bosgarren txartel horia ikusi baitzuen Malagaren zelaian. Hura ordezteko, Lillo da «aukera naturala» Jagoba Arrasaterentzat. «Saio onak osatu ditu aste honetan, baina hiru hilabete daramatza lehiatu gabe». Lilloz gain, Kike Barja da Arrasateren deialdiko beste berritasuna. Noaingoak ere gainditu ditu arazo fisikoak.

Partida «polita» eta «arriskutsua» izango dela uste du gorritxoen teknikariak. Haren esanetan, ezin daitezke «aieruka» ibili, eta arretari «une oro» eutsi behar diote. Hori bai, onartu du azkenaldiko bolada itzelari esker ez dutela «lehiatzeko orduan beste talde batzuek izan dezaketen estresa edo beharra». Horiek horrela, Arrasatek ere abiatu du atzerako kontua. «Garaipen bakoitza egutegiari orri bat kentzea bezalakoa izango da hemendik aurrera».

OSASUNA-R. MAJADAHONDA

Osasuna. Ruben Martinez; Oier, David Garcia, Unai Garcia, Clerc;

Fran Merida, Iñigo Perez; Roberto Torres, Ruben Garcia, Rober

Ibañez eta Juan Villar.

Rayo Majadahonda. Basilio; Verdes, Morillas, Galan; Oscar

Valentin, Enzo, Fede Varela, Carcelén, Benito; Hector Hernandez eta Manu Del Mora.

Epailea. Varon Aceiton.

Lekua. Sadar (18.375 ikusle).

Ordua. 18:00etan (Liga 123).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.