San Prudentzio jaiak. Maria Angeles Garcia. Pregoilaria

«Jaiaren funtsa babestu behar da, baina azken bi urteen jakitun»

Osasuna, ikerkuntza eta kudeaketa ditu bidaide Garciak, eta, hain justu, uste du hiru arloak aitortzen direla San Prudentzio jaietan pregoilari izateko aukerarekin, talde lanaz gain.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Urtebete egin baino lehenago lekualdatu zen Maria Angeles Garcia fisikari eta Bioaraba institutuko zuzendari zientifikoa (Eibar, Gipuzkoa, 1968) familiarekin batera Gasteizera, eta, beraz, azaldu duenez, ez da arabarra delako dudarik. Bada, harrotasun horrekin izan du aurten San Prudentzio festetako pregoilaria izateko aukera. Hilaren 22an irakurri zuen.

Nola hartu zenuen pregoilari izateko izendapena?

Ohorea izan zen. Nire ibilbide profesionala aitortzen da, eta, aldi berean, agerian uzten ditu osasun, ikertzaile eta kudeaketa arloak ere.

Hain justu, hiru horietan aritu izan zara jardunean. Hala ere, erradiazioaren arloa aipatzen da sarritan...

Urtetan aritu izan bainaiz eremu horretan lanean, bai; besteak beste, Fisika Medikoa eta Babes Erradiologikoko zerbitzuburua izan naiz Arabako Unibertsitate Ospitalean, baina ez da nire jarduera nagusiena izan, ikerlari ere aritu izan bainaiz zenbait proiektutan, eta, are, baita horietako batzuk zuzentzen ere. Dena den, orain dela lau urtetik Bioaraba Ikerketa Institutua zuzentzen ari naiz.

Talde lana egon ohi da horrelako proiektuen atzean. Bada, horrelako aitortzekin, taldea bera ere omentzen al da?

Jakina. Osasuneko, zientziako eta kudeaketako lanak ez dira inoiz indibidualak izan: taldea behar da, eta hori agerian utzi behar da.

Areago, pregoian ere, modu batera edo bestera izan, arlo horietako batzuk gogoan izan dituzu: osasuna, adibidez.

Bai. Pregoia festarako dei bat da, eta, kasu honetan, jai herrikoiak, tradizionalak nabarmendu nahi izan ditut, osasun fisikoan eta mentalean duten eragina; hein batean, uste dut horien osagai direla, pandemiak ilundu duen arren. Jaiak duen funts hori babestu behar da, eta baita gizarteari dakarzkion onurak ere, baina betiere bi urte hauetan ikusi dugun guztiaren jakitun egonik, arriskuei dagokienez.

Pertsonalki, izango al duzu aurtengo festak ospatzeko aukerarik?

Bai, hemen gelditzeko asmoa daukagu. Erretretan egongo gara gaur, eta, ondoren, danborradan. Bihar, prozesioan hartuko dut parte, eta baita aurreskuan ere. Gainera, Eduardo Anituari emango diote aurten Arabako Domina, eta, laguna dudanez, haren ondoan egotea ere gustatuko litzaidake. Gainontzean, barraskiloak jatera joango gara amaginarrebaren etxera, eta baita danborrada txikira ere. Estibalitzera ere joango gara, eta, gainera, eguraldi ona egin behar omen du!

Garrantzitsuak iruditzen al zaizkizu festa hauek? Zergatik?

Pregoian esan nuena gogora ekarriz, bizitza osoko uneak gogorarazten dizkidate. Azken batean, jaiak aukera ematen dizu maiz ikusten ez duzunarekin berriro topo egiteko, ekitaldi horiez guztiez gozatzeko familiarekin, lagunekin eta umearekin. Haurrarentzako, gainera, kontzienteki bederen, lehen aldia izango da.

Pregoilari gisa izango duzu horiez gozatzeko aukera aurten, baina beste bat izango da datorren urtean. Baduzu aukerarik?

Zorionez, ez dagokit niri pregoilaria aukeratzea; pentsatzekoa da ez dela lan erraza izango. Dena den, uste dut Araban pertsona askok jaso beharko luketela; errekonozimenduaz gain, merezi dute Arabarako egiten duten jarduera ikusaraztea, komunitatearentzako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.