begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Nor bere eremuan, zer bere formatuan

2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Dei nazazue Gaspar, nik, nire filmean, Fassbinderri Rainer Werner, Buñueli Luis, Godardi Jean-Luc eta Dreyerri Carl Theodor deitzen diedan moduan. Dei nazazue Gaspar, nik Dalleri Beatrice eta Gainsbourgi Charlotte esaten diedan maneran.

Datorren asteartean, urteak eta urtarrilak 12 egun baino ez dituztela, Gipuzkoako Errenteriako Ozzinema izeneko zeluloidezko klubak areto komertzialetan lekua izan ez duen Gaspar Noeren Lux Aeterna film ertaina eskainiko dio fotogrametako akelarreetan parte hartzeko ez beldurrik, ez erreparorik, ez errezelorik ez duen zale eskukada bati.

Argentinan jaio eta Frantzian aterpe aurkitu ondoren, Noek (dei nazazue Gaspar...) bazterrak astindu eta ekaitzak harrotu ditu hasiera-hasieratik bere zinemarekin (Irreversible, Enter The Void, Climax...). Pantaila, metrajea, muntaketa, kamera, argiztapena, kolorea, grafismoa, aktoreak era basa batez erabili ohi ditu, nahi duen sosegurik eza gure erraietan barneratzeko.

Zinema oso fisikoa da berea. Organikoa. Ukipen-zeluloidea. Begietatik sartzen zaizu, baina baita zainetatik, tripetatik, sexutik, belarrietatik, sudurretik eta gorputzaren beste zuloetatik ere. Larrutik pagatzen duzu testura hori, ez izan dudarik. Trantze batera iristen zara beti bere lanen aurrean. Trantze, estasi, gainezkaldi batera. Edota auskalo zer drogaren gaindosia hartu osteko sukar-amesgaizto batera. Nork daki? Deabruak akaso? Ez, berak ere ez. Noek izan ezik, beste inork ez daki, ez aingeru ez demonio, nora eraman nahi gaituen, nora garamatzan, nola aterako garen (bizirik? hilik? betiko eroturik?) suak hartutako bere fotogrametatik.

Pandemia garaian, delirioan gozo. Sugar gorrixketan hasten den Lux Aeterna-n irakurtzen dituzun estreinako hizkiek, Dostoievskik idatziek, honela egiten dizute berba: «Osasun onean zaudete denok, bai, baina sekula ez duzue irudikatuko, krisialdia baino segundo bat lehenago, epilepsiak jota dagoenak sentitzen duen goreneko zoriontasuna. Bizitzan zehar lor daitekeen loria orogatik ez nuke nik aldatuko».

Aitortza edo aldarrikapen honekin hasten den markaz, tamainaz, neurriz, kolorez, irudiz kanpoko sorgin-erreketaren inguruko film ertain baten aurrean, nola demontre, nola arraio, nola demonio kokatuko duzu zeure burua, jakinaren gainean (edo jakin gabe) bazaude zure begiak lekuko eta biktima, pantaila bitan, hirutan zatituko direla? Hiru pantaila izango dituzu Niessen aretoko pantaila bakarrean. Hiru pantaila, non koloreak beti izango diren aseak. Aseak baino gehiago, itoak. Pantaila bat, pantaila bi, hiru pantaila, non, hasierako momentuetan izan ezik, denak perpetuum mobile-an dauden.

Pantaila bat, pantaila bi, hiru pantaila. Nork bere egoa, zinemaren jendaia paregabearen ego ase hori, begi bistan jarrita. Nahita edo nahi gabe.

Lux Aeterna baita infernuzko filmaketa baten deabruzko kronika. Eta kronika horretan, noizean behin agertzen da Godardek, Fassbinderrek, Dreyerrek esandakoa; zinemaz esandakoa, jainkoaz eta Inkisizioaz pentsatutakoa, sormenaz egindako hausnarketa muturrekoak... filmatzeak eragiten duen sufrikario gozoaz.

Lux Aeterna-k ez du lekurik izan areto korrienteetan, nahiz eta bertako jabe askok harro aldarrikatu sarri jatorrizko bertsioak eta muturreko zinema eskaintzen dituztela. Lux Aeterna-k aterpea bilatu du, kurioski, saltoki-guneko saloi baten pantailan.

Pandemiak agerian jarri du garaiak, usadioak, eremuak, gustuak, metrajeak, euskarriak, formatuak ari direla itxuraldatzen, ari garela beste modu batez erabiltzen. Zinemaren delirioa non, bere mende hain eroso gaudenok han.

Kontatu nahi duzun horrek zein neurri, zein tamaina behar duenaren arabera... eutsi horri. Aurkituko duzu gero non erakutsi, nori erakutsi.

Zaharberritutako klasikoak ari dira, bestalde, areto berezi-bereziak lepo betetzen. Dei gaitzazue epileptiko halakoak, zeren... mugarik gabeko zorabiora garamatzan zinema gustuko dugu. Nor bere eromen deliziosoan; zer bere formatuan edo euskarrian.

Eta Errenteriara arrimatzerik ez baduzue, ez egin negar. Frantziako plataformetan atzo jarri zuten ikusgai. Eta urtarrilaren 22an Filminen izango dugu Hegoaldeko herritarrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.