Sei bertsolari, txapel bakarra

Larunbatean jokatuko dute Arabako Bertsolari Txapelketako finala, Gasteizko Principal antzokian.Txapelketan egindako aldaketen eraginez, maila igo dela uste dute bertsolariek eta antolatzaileek

Gasteiz
2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Principal antzokia. Azkenengo geltokira heldu da Arabako Bertsolari Txapelketa. Hemezortzi bertsolarik hasi zuten bidea duela bi hilabete, eta sei baino ez dira geratzen: Zigor Enbeita, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea, Ruben Sanchez, Manex Agirre eta Xabi Igoa. Bertsolari ezagunak dira gehienak. Seietatik hiru txapeldun ohiak. Baina finala jokatu aurretik bada sorpresa txiki bat ere: Xabi Igoa. Bere lehen finala jokatuko baitu, «irakasleen» aurka. Larunbat arratsaldean, Principal antzokia beteko dute bertsozaleek, eta Arabak bertsolari txapeldun berria izango du.

Aldaketa ugari egin dituzte aurtengo txapelketan antolatzaileek. Finalaurrekoetan bi itzuli egin dituzte. Beraz, hamazortzi bertsolariek bi aldiz abestu dute. Horrez gain, saio guztiak aretoetan egin dituzte, bertso gehiago izan dira puntuagarriak eta ariketa desberdinak jarri dituzte. Antza, aldaketek emaitza positiboak eman dituzte, saio bakoitzean ehun entzule inguru batu baitira batez beste. Aurreko txapelketetan parte hartzea indartu ostean, aurten kalitatean urrats bat aurrera egin nahi zuten antolatzaileek. Bertsolariek gustura hartu dituzte aldaketok, eta, dirudienez, baita bertsozaleek ere. «Arabako bertsozalea, bertsozale kritikoa da, eta, beharbada, garai batean ez zen horrenbeste», adierazi zuen, atzo, Manex Agirrek, finalaren aurkezpenean.

Oihane Perea eta Agirre dira txapela irabazteko kiniela gehienetan ageri diren bertsolariak. Pereak hirugarrenez jantzi zuen txapela 2013an, eta Agirrek bi urte lehenago jaso zuen bere txapel bakarra. Zigor Enbeita da finaleko hirugarren txapeldun ohia, 2003an eta 2006an jantzi baitzuen Arabako txapela. Hala ere, final irekia aurreikusi du Iñaki Viñasprek: «Ez dut uste inor dagoenik besteak baino askoz gorago».

Karmele Madinabeitiaren eskutik jasoko du txapela irabazleak. Horrela eskertu nahi dio Arabako bertsozale elkarteak Madinabeitiari urteetan egindako lan isila. Gasteizko lehen bertso eskola sortu zenetik, 1982an, Madinabeitia antolatzailea, gai jartzailea eta epailea izan da. «Niretzat, inportanteena da Araban bertsolaritzak segitzen duela, eta nahiko maila onean gainera. Guk sortu genuen, oso umila zen, eta begira zer-nolako maila politera heldu den».

Euskalgintza ere omendu nahi du bertsozale elkarteak. Horregatik izango dira sari banatzaileak Araban euskalduntze prozesuan jarduten duten euskaltegiek eta Gasteizko Mintzalagun taldea.

Finalaren emanaldi berezia egingo dute hainbat hedabidek. Hala Bedi eta Radio Vitoria irratiek zuzeneko emankizun egingo dute, eta Bertsoa.com atariak streaming bidez emango du.

FINALA

Non. Principal Antzokia.

Noiz. Martxoak 21, larunbata, 17:30ean.

Sarrerak. Principal antzokiaren bideetatik: leihatilan, telefonoz eta Interneten. Sarrera guztiak zenbakituta egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.