Presoen auzia konpontzen hasteko agenda plazaratu du Foro Sozialak

Hartu beharreko «premiazko neurriak» zerrendatu dituzte. «Gehiengo instituzional, politiko, sindikal eta sozialak» eratzeko garaia dela diote, baina gaur-gaurkoz ez dute erantzun «ikusgarririk» espero
Joseba Azkarraga, Patrizia Belez, Teresa Toda eta Nazario Oleaga, atzo, Bilbon.
Joseba Azkarraga, Patrizia Belez, Teresa Toda eta Nazario Oleaga, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko maiatzak 30
ETA desegin ostean, biktimen arta bermatzea eta presoen auzia konpontzea dira, Foro Sozial Iraunkorraren ustez, egoera berrian askatu beharreko korapilo nagusiak. Horretan laguntzeko, espetxeen arloan lehentasunezkotzat jotzen dituzten neurriak zerrendatu eta «premiazko agenda» osatu dute. Lehentasunak ez ezik, horietara heltzeko bidea ere zedarritu dute: eskakizun horiek euskal gizartean babes handia dutela jakinik, «gehiengo instituzional, politiko, sindikal eta sozialak» eratzeko deia egin dute, eta pentsatzen dute eragile guztiek «elkarrekin» bultza egin behar behar dutela premiazko agenda hori betearazteko.

Foro Sozial Iraunkorraren bozeramaile Teresa Toda eta Nazario Oleagarekin batera, Foroko kide diren Sare eta Etxerat elkarteetako eledunak ere egon dira aurkezpenean —Joseba Azkarraga eta Patrizia Belez, hurrenez hurren—proposamenaren garrantzia nabarmentzeko.

Todak nabarmendu du handia dela gai honen inguruan herritarren eta eragileen artean dagoen adostasuna, eta gogorarazi du PPren euskal bozeramaile batzuk ere mintzatu direla inoiz presoen auzia konpontzearen egokitasunaz. Babes hori eraginkor bilakatzea da gakoa, eta, alde horretatik, Foro Sozialak «triangelu moldeko konponbide eskema bat» proposatzen du, armagabetzearen auzian erabilitakoaren antzekoa eta alde guztiak aintzat hartuko dituena; alde batetik, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua; beste aldetik, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa; eta, azkenik, gizarte zibila.

Foro Sozialeko kideek nabarmendu dute zerrendatu dituzten eskakizunek «adostasun handia» biltzen dutela, azken finean «egungo espetxe legedi arrunta aplikatzea» baino ez dutelako galdegiten. «Ez dugu inolako kontraprestazio edo pribilegio estrategiarik defendatzen», esan du Todak, «gaindituta dagoen egoera jakin baterako diseinatutako politika bat bertan behera uztea baizik»

Foro Sozialeko eledunek esan dutenez, jakin badakite prozesuak luze joko duela: «Errealistak gara, eta ulertzen dugu kartzela alorrean agendak garapen bat izango duela. Ez dugu keinu ikusgarririk espero».

Hala ere, egingarri ikusten dute egoera aldatzen joatea, eta pentsatzen dute hiru baldintza behar direla horretarako: Euskal Herrian «akordio zabala» erdiestea, presoen parte hartzea eta Espainian ere «kartzela politika malgutzearen aldeko iritzi korrontea» sortzea.

«Aro berri honek dinamika integratzaileak behar ditu», esan du Todak, eta ohartarazi du «sektore guztiek eroso» sentitu beharko dutela «beharrezkoa den gizarte adiskidetzea» lortuko bada.

Biktimak gogoan

Foro Sozial Iraunkorraren ustez, presoen aferaren konponbidea «ezinbestez» lotuko zaio «biktimen erreparazio dinamikari». Horregatik, biktimak gogoan izan dituzte premiazko agendaren aurkezpenean, eta haiek konponbide prozesuan izan behar duten «funtsezko garrantzia» nabarmendu dute. «Gizarteak zor handia du biktimekin», esan dute.

Foro Sozialak uste du biktimek urte askoan «ahanztura eta aitorpenik eza» pairatu dutela. Hala ere, ziur daude biktima gehienak ez daudela «mendeku eta errebantxa eskemetan», eta bizikidetza eta prest daudela adiskidetzearen alde egiteko.

«Espetxe politika berriak ezartzean kontrasterako mekanismoak artikulatu beharko dira biktima guztiekin», adierazi dute. «Azaldu, kontrastatu, entzun; baina horrek guztiak ez ditu politika publikoak baldintzatu behar izango».

«Presa dugu»

Etxerat-en izenean, Patrizia Belez bat etorri da Foro Sozial Iraunkorraren planteamenduarekin; esan duenez, presoen senideek ere badakite «larrialdirako agenda» hori mantso joango dela eta garapena beharko duela denboran. «Baina, mesedez, ez ahaztu senideok presa dugula, gaixo dauden presoen afera eta urruntzearena ahalik eta lasterren konpondu behar direla, biktima gehiago sor ditzaketelako», erantsi du.

Sareko Joseba Azkarragak, berriz, «gizartearen aktibazioaren beharra» nabarmendu du, eta Sarek arlo horretan lanean jarraitzeko duen konpromisoa berretsi du .

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Gotzon Hermosilla

Informazio osagarria