Albistea entzun

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna

Justizia feminista aldarrikatu dute Euskal Herriko kaleetan

Mugimendu feministak deituta, manifestazioak egin dituzte hiriburuetan, A-25aren karietara
Iazko Azaroaren 25eko manifestazio bat, Iruñean.
Iazko Azaroaren 25eko manifestazio bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz - Edurne Begiristain -

2022ko azaroak 25

Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak Euskal Herriko herri eta hiriburuetako karrikak hartu ditu. Protestara deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak: Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude! lelopean, indarkeria matxistaren «hamaika formak» salatu dituzte, eta autodefentsa feminista aldarrikatu dute.

Donostiako, Bilboko eta Gasteizko manifestazioak 19:00etan abiatu dira. Iruñekoa, berriz, 20:00etan. Baionakoa bihar eginen dute, 19:00etan, Herriko Etxeko plazatik abiatuta.

«Kaleak gureak dira!» oihuekin hasi da Donostiako manifestazioa. Bortxa matxistaren aldaera askotarikoak erakusteko ahalegina nabaritu da hasieratik: Edertasun kanonak apurtu, osasun mentala zaindu bezalako mezuak irakur zitezkeen pankartetan. «Erasorik ez erantzunik gabe» eta «gora borroka feminista» izan dira manifestariek gehien oihukatu dituzten leloetako batzuk.

Erakundeak, goizean

Instituzioek, berriz, protesta isilak egin dituzte goizean. Eusko Jaurlaritzak 10:00etan egin du elkarretaratzea, Lehendakaritzako eskaileretan. Han izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria. Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzesten dituela adierazi nahi izan du elkarretaratzean, Lehendakaritzako iturriek jakinarazi dutenez.

Elgarrestak Eusko Jaurlaritzaren eta Emakunderen konpromiso irmoa azaldu du bai indarkeria matxistaren prebentzioari dagokionez, bai indarkeria horren biktima diren emakumeei arreta emateari dagokionez. Indarkeria matxistaren biktima guztiak gogoan izateko eguna dela nabarmendu du, eta babes eta elkartasun osoa eskaini die biolentzia horretatik bizirik atera diren emakumeei. Halaber, dei egin dio gizarteari berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako «konpromiso irmoa» adieraz dezala. Gizonei, berriz, «engaiamendua» eskatu die.

Nafarroako Gobernuak ere elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean. Maria Txibite lehendakariak salatu du «biktimak zalantzan jartzeko joera» handitzen ari dela, eta horri buelta emate aldera, «gizartearen jarrerak aldatzeko beharra» aipatu du.

Txibiterekin batera, elkarretaratzean izan dira Nafarroako Gobernuko kontseilari gehienak: Javier Remirez, Jose Maria Aierdi, Elma Saiz, Carlos Gimeno, Carmen Maeztu, Santos Indurain, Ana Ollo, Juan Cruz Zigudosa eta Rebeca Esnaola. Nafarroako Legebiltzarraren izenean, berriz, Unai Hualde presidentea eta talde parlamentarioetako bozeramaileak izan dira bertan: Javier Esparza (Navarra Suma), Ramon Alzorriz (PSN), Maria Solana (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu) eta Marisa de Simon (Ezkerra). Elkarretaratzera batu da Espainiako Gobernuko Justizia ministro Pilar Llop ere, Iruñean baitzen, jardunaldi batzuetan parte hartzeko.

Bestelako agerraldiak ere egin dituzte Euskal Herri osoko herri eta hirietan. Castejonen (Nafarroa), adibidez, gorazarre egin diote indarkeria matxistaren biktima izan zen Sara Pinari. Herri horretako Maiatzak Bi ikastetxe publikoan irakasle zen Pina. Senarrak labankadaz hil zuen, iragan urtarrilean. Ikastetxeko hezkuntza komunitateak Federico Garcia Lorcaren bertsoak eta Rozalen abeslariaren kantu bat eskaini dizkio. Sexu heziketa on baten beharra nabarmendu du ikastetxeko irakasle den Ana Maria Solak, Efe berri agentziak jasotako adierazpenetan: «Gure ikastetxean abian dugu Skolae programa, eta maila guztietan lantzen dugu indarkeria matxistaren gaia, askotariko jardueren bidez».

Ikusi gehiago: «Sentsazioa nuen ez zidatela sinesten, ni epaitu nindutela»

Mugimendu Feministak gizonei ere mintzatu zitzaien, asteartean Bilbon eginiko agerraldian: «Dagokizuen ardura hartzeko exijitzen dizuegu. Utzi erasotzaile eta konplize izateari. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer ez bada aldatzen». Donostiako manifestazioa Bulebarretik aterako da gaur, 19:00etan; Gasteizkoa, San Anton plazatik, 19:00etan; Iruñekoa 20:00etan hasiko da, Gazteluko plazatik; Bilbokoa, 19:00etan, Jesusen Bihotzetik; Baionakoa, azkenik, bihar eginen dute, 19:00etan, Herriko Etxeko plazatik aterata.

Ikusi gehiago: «Hitza baino gehiago, entzutea askatu du Me Took»

Itaiak ere mobilizaziora deitu du gaurko. Hainbat herritan egingo dituztenez gain, protestak antolatu dituzte Bilboko Indautxu plazan (19:00), Donostiako Trinitate plazan (19:30), Iruñeko Udaletxe plazan (19:00) eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan (18:30).

Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lezetxikiren Lagunak taldekoek ateratako argazki batzuk, Lezetxikoko galeria suntsituan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

AHTaren tunel batek Lezetxikin kalteak egin dituela salatu dute

Xabier Martin

Aztarnategi baliotsuaren gertuko galeria bat suntsitu du tunelak, espeleologo batzuek dokumentatu dutenez. Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzten lekua da Arrasateko koba
Osasun langile bat, atzo, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren kanpoaldean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Osasunbideko gehiengo sindikalak grebara joko du, Sindikatu Medikotik bereiz

Ion Orzaiz

LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOOk hilaren 15erako egin dute deialdia. «Osasun publikoaren kalitatea eta lan baldintzak» hobetzea daukate xedetzat. Negoziazioa gobernuaren eta Sindikatu Medikoaren artean egin izana salatu dute
Bidaiari batzuk, Donostiako autobus geltokian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Ibilbide luzeko autobusak doakoak dira jada ohiko bidaiarientzat Hegoaldean

Jone Arruabarrena

Berme bat ordaindu beharko da, eta gutxieneko bidaia kopuru bat egin
Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, atzo, Gasteizen. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zaintza sistema «eraldatzeko» mobilizatuko da mugimendu feminista

Edurne Begiristain

Lehen mugarria Martxoaren 8an ezarriko du Euskal Herriko mugimendu feministak. Zaintza «erantzukizun soziala» bilakatzea izango du helburu borroka dinamikak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.