Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Kontseilua: «Hizkuntza politika errotik aldatu behar du gobernu berriak»

Bilbao prest da zubi lana egiteko administrazioaren eta euskalgintzaren artean.Hamahiru puntuko agiri bat eskaini du erakundeak tresna gisa

Herritarrek euskaraz bizitzeko gogoa agertu zuten Anaitasuna kiroldegian apirilean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Euskararen inguruko kezkak ere egin du aldaketaren alde Nafarroan. Horixe uste du Kontseiluak, eta, horregatik, hain zuzen ere gobernu berria osatzeko elkarrizketetan ari diren taldeei kezka hori kontuan har dezatela eskatu die Paul Bilbao idazkari nagusiak. Argi erran die: «Hizkuntza politika errotik aldatu behar du gobernu berriak».

Bilbaok apirilaren 25ean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldia aipatu du herritarren aldaketarako gogo horren adibide; baina ez hori bakarrik. «2010. urtean, euskararen aldeko manifestaziorik handienetakoa egin genuen Iruñean», gogoratu du. Hizkuntzaren arloan herritarrek nahi duten aldaketa horren aldeko jarrera eskatu die Kontseiluak gobernua osatzeko lanean ari diren taldeei. «Badakigu hizkuntza politika ez dela egun batetik bestera egiten, baina herritarrek gauzak aldatzeko jarrera badela ikusi behar dute; bestela, etsipena sor daiteke haien artean», erran du Paul Bilbaok.

Hizkuntza politika berriak lau zutabe izan behar dituela berretsi du Kontseiluko idazkari nagusiak. Marko juridikoa aldatzeko beharra nabarmendu du, hasteko, eta salatu du egungo euskararen legeak hizkuntza eskubideak tokiaren arabera aitortzen dituela. Bigarrenik, plangintza aipatu du Bilbaok. «Hizkuntza politikak plangintza behar du». Bi adibide jarri ditu: plangintza eskatu du bai administrazioa euskalduntzeko, bai eta esparru sozioekonomikoa euskalduntzeko ere, bertzeak bertze.

Hirugarrenik, baliabideen garrantzia nabarmendu du Bilbaok. Hizkuntza normalizazioaren aldeko inbertsioak eskatu ditu, eta erantsi du kohesio sozialari egiten diotela mesede. Azkenik, euskarari buruzko orain arteko «diskurtso zitalak» bertan behera uzteko garaia dela erran du Kontseiluko arduradunak. «Hizkuntzari buruzko diskurtsoa aldatu behar du gobernuak».

Lau zutabe horiek ditu ardatz Kontseiluak hizkuntza normalizazioaren alde egindako agiriak. Hamahiru proposamen jaso ditu, hizkuntza politika berri batean urratsak egiten hasteko. Agiri hori aldaketaren alde agertu ziren taldeen esku utzi zuen erakunde horrek Anaitasunako ekitaldia egin baino lehen. Orain, Paul Bilbaok berretsi du osatuko den gobernu berriarentzat tresna egokia izan daitekeela.

Prest agertu da laguntzeko, gainera. «Kontseiluak zubi lana egin dezake euskalgintzaren eta administrazioaren artean», nabarmendu du idazkari nagusiak. Gogoratu du taldeek «begi onez» hartu zituztela Kontseiluak egindako proposamenak. Bilbaok zehaztu du, hala ere, Kontseiluak ez duela talde horiekin bertzelako bilerarik egin maiatzeko hauteskundeen ondotik.

Hedabideak, helduen euskalduntzea, administrazioa, hezkuntza, kultura eta aisialdia dira Kontseiluak egindako proposamen horietan jorratutako hainbat esparru. «Proposamen egingarriak direla uste dugu», nabarmendu du erakundeko idazkari nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.