Politika orokorreko eztabaida. Taldeen erantzunak
«Arkadia» irudikatzea eta «miopia» izatea egotzi dio oposizioak Iñigo Urkulluri

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak marraztutako egoera politikoa baino dezente okerragoa irudikatu zuten atzo oposizioko alderdiek. Politika orokorreko eztabaidan, talde politikoek 14:30etik aurrera hartu zuten hitza, Urkulluren goizeko hitzaldia entzun eta gero, eta harekin kritiko azaldu ziren EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP.
«Anbizio falta» eta «miopia politikoa» izatea leporatu zion EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek Urkulluren gobernuari: «Anbizioa ez da notario lana egitea; lidergoa izan behar da». Jaurlaritza «kaletik eta errealitatetik urrun» dagoela uste du Iriartek, baina Urkulluri eskua luzatuz amaitu zuen hitzaldia: «EH Bildu hor egongo da herri akordioetarako».
Elkarrekin Podemosen izenean, Jon Hernandezek eta Lander Martinezek hitz egin zuten. Hernandezek langileen egoera izan zuen hizpide: «Herri honetako langileek beste gauza bat merezi dugu. Behekoen alde egongo den gobernu bat merezi dugu». Martinezek, berriz, «arkadia» bat irudikatu izana egotzi zion, «egiazkoa ez den Euskadi baten erretratua» egitea eta «umiltasun faltaz» mintzatzea. Alde horretatik, «gurasoen etxean bizitzera behartuak dauden gazteak» eta gizon-emakumeen arteko ezberdintasunak ekarri zituen gogora: «Arazoak ahaztu nahi dituzue, kontziente zaretelako konponbiderik gabeko gobernu bat zaretela». Gainera, aurpegiratu dio hitzaldian ez aipatu izana Marguello auzia, De Miguel auzia, Karrantzako Mindarena eta beste ustelkeria kasu batzuk: «Sagar ustelen saskia gainezka dagoela dirudi».
Alfonso Alonso PPko bozeramailea izan zen hitza hartzen lehena. Salatu zuen Espainian egoerak «okerrera» egin duela: «Dudak ugaritu dira, eta ziurtasunak urritu». EAJri leporatu zion horren ardura: «Gauzak ez dira bakarrik aldatu: zuek nahi duzuen gobernua da». Urkulluri egotzi zion goizeko hitzaldian Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari «babesaren prezio politikoa eskatu» izana, eta ukatu zuen 1979ko estatutuaren 37 eskuduntza eskualdatzeke daudela: «Ez badira eskualdatu, horrela da eskumen horiek ez dituzuelako nahi». Gezurretan aritzea egotzi zion: «Nora eraman nahi gaituzu? ez dago 1839 aurreko Euskal Herri idilikorik. Eskubideak ez ditu historiak ematen, botere konstituziogileak baizik».
«Pertsona ardatz»
Eusko Jaurlaritzak eginiko lana balioetsi zuen, ordea, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak; bereziki Etxebizitza Sailaren zeregina txalotu zuen —PSEren esku dago—, eta erantsi plan bat prestatzen ari direla gazteek etxebizitzarako sarbidea izan dezaten. Autogobernuaren alorrean, Mendiak beharrezkotzat jo zuen akordio «transbertsal bat» lortzea, eta uste du posible dela «eskubideak eta adostasunak zabaltzea».
Urkulluren gobernuaren jarduna goraipatu zuen Joseba Egibar EAJko bozeramaileak ere, gobernuaren «jardun politikoaren ardatza pertsona» delakoan. Autogobernuaren eztabaidaren harira, Elkarrekin Podemos, PSE eta PP kritikatu zituen. Azpimarratu zuen «posizioak ikusita» gaur egun ez litzatekeela onartuko 1979ko estatutua ere, eta estatutu hura «hauskorra» dela azaldu zuen, estatus politikoa berritzeko beharra defendatzeko: «Estatutuak subordinaziotik irten eta errespetua behar du».
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.