Sebastia Sanso. Balearretako hondakinen arloko zuzendaria

«Zero zabor eredura jo dugu, baina erraustegi bat izatea muga bat da»

Hondakinak murriztu, erabilera bakarreko plastikoak debekatu eta organikoa bereiztera derrigortu dute Balear uharteetan. Zero zabor lurraldea izan nahi dute, eta horretarako lege bat jarri dute oinarri. 
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iñaki Petxarroman -

2019ko otsailak 17
Europan aitzindaritzat jo duten hondakinen lege bat onartu berri dute Balear uharteetan (Herrialde Katalanak). Sebastia Sanso gobernuko hondakinen arloko zuzendaria (MES koalizio subiranistakoa) Euskal Herrian izan da, Eusko Legebiltzarreko agerraldi batean eta GuraSOSen mahai inguru batean parte hartzen. Tarte bat hartu du BERRIArentzat.

Onartu duzuen legeak murrizketan jarri du indarra. Zergatik?

800.000 tona hondakin inguru sortzen ari garelako urtero, eta hori astakeria bat delako. Eta bereziki, tona gehienak zabortegira eta erraustegira joaten direlako. Europako arauek aipatzen dute lehen urratsa murriztea dela, baina praktikan ez dago bete beharreko xederik.

Zer-nolako harrera izan du?

Ona. Hotel kate batzuek —Iberostarrek, adibidez— erabilera bakarreko plastikoak kendu dituzte. Baina kontsumo ohituretan ere eragin behar da, erabili eta bota sistema oso zabaldua baitago.

Zuek uharte batean zaudetenez, gehiago nabarituko duzue plastikoen arazoa, ezta?

Itsasoan zaborra biltzen dugunean, plastikoa jasotzen da gehien. Horiek arrain espezieetara iritsi dira, mikroplastikoen bidez, eta guregana, arrain horiek jaten ditugulako. Nahi genuen administrazioa eredugarria izatea, eta horregatik erabaki dugu ezin dela erabilera bakarreko plastikorik izan berak sustatutako ekitaldietan —festak, lasterketak, kontzertuak...—.

Europako zuzentarauaren ildotik zoazte.

Bai, erabilera bakarreko plastikoen zuzentarauaren filosofiarekin bat doa gure legea. Bestalde, ekoizlearen ardura nabarmentzeko lan bat egin dugu. Ezin baita ardura osoa kontsumitzailearengan jarri. Horregatik, esan dugu ekoizleek ordaindu behar dutela ontzien kudeaketa, eta udalei ordaindu behar dietela naturgune eta hondartzetan aurkitutako plastikoak kudeatzeko kostua.

Eta zer dio Ecoembesek?

Pentsa: udaletan legearen aurka egiteko presio talde bat antolatzen saiatu da. Uste dut Ecoembesek errotiko aldaketa bat egin behar duela bere kudeaketan eta, besteak beste, datuen gardentasuna bermatu, haien datuak ez datozelako bat tratamendu plantetan jasotakoekin. Garestiago aterako zaio aurrerantzean, baina orain arte oso merke atera zaio. Herritarrei eta ingurumenari, berriz, oso garesti.

Turismoak pisu handia dauka zuenean. Zer eragin du horrek?

Legeak alor guztietan eragin nahi du, besteak beste sortzaile handietan, hau da, hoteletan. Horregatik, hondakinen sorreraren araberako ordainketa aurreikusi dugu. Hotelek edukiontzi bereziak izango dituzte, eta tarifa ezberdinak, sortzen dutenaren eta bereizten dutenaren arabera.

Funtsean, kutsatzen duenak ordaindu behar duela jasotzen duen printzipioa.

Hori da. Adibidez, Vienan, tarifa ezberdinak daude hondakinak ongi eta gaizki kudeatzen dituztenentzat. Ongi kudeatzen dutenek 100 euro ordaintzen dituzte, eta gaizki kudeatzen dutenek, berriz, 400. Erraustegiaren tarifa oso garestia da ekonomikoki, baina baita ingurumenaren aldetik ere. Orduan, anonimatua amaitu egin behar da, horrek eragiten dituelako kontrolik gabeko isurketak eta jarrera arduragabeak.

Hori egiten du, adibidez, atez ateko bilketak. Zuk nola baloratzen duzu sistema hori?

Hiri hondakinak kudeatzeko sistemarik onena da. Kontua da hiri antolaketara egokitu behar dela. Batzuetan sistema mistoak ere erabil daitezke, eta erabiltzen ari gara. Kasu guztietan gaikako bilketa %20tik %70era igo dugu.

Ika-mikarik sortu du sistema horrek herritarren artean?

Ez. Aldaketak hasieran kontrako jarrera sortzen du, baina, behin ezarri eta gero, onurak ikusten dira. Sistema horrekin gehiago kontrolatzen dituzu sortzen dituzun hondakinak, eta hori lotuta dago herri askotan ezarrita dagoen sortzearen araberako ordainketarekin. Alegia, poltsa gorri batean jasotzen da errefusa, eta poltsa bakoitzeko euro bat ordaindu behar da. Horrela, herritarrak ahalik eta poltsa gutxien erabiltzen saiatzen dira.

Zuek PSOErekin zaudete gobernuan. Gipuzkoan sistemaren aurkako jarrera gogorra izan du.

Gurean, zorionez, eztabaida ez da politizatu. PSOEk ez ezik, PPk ere ezarrita dauka atez ateko sistema herri batzuetan eta, horrekin batera, sortzearen araberako ordainketa ere bai. Beraz, alderdi sozialistaren aldetik ez dago sistema horrekiko kontrakotasunik; alderantziz, esango nuke.

Zati organikoaren gaikako bilketa derrigorrezkoa izango da.

Giltza hor dago. Hondakinen kudeaketa batek emaitza onak izateko ezinbestekoa da materia organikoa ongi biltzea. Gainera, desertifikazio eta higadura arazoak dauzkagu Balearretan. Beraz, zentzugabekeria da zaborra erretzea edo lurperatzea, konposta egin beharrean. Ostalaritza eta hotelen sektorea inplikatzen badira, eta bilketa txukun egiten bada, emaitzak laster ikusiko ditugu.

Mallorcan Reusko erraustegia daukazue. Nola eragiten du horrek sistema osoan?

Guztiz. Saldu ziguten erraustegiak ondorio positiboak zituela —honek, behintzat, energia berreskuratzen du—, baina ez zituzten negatiboak aipatu. Adibidez, ondorio ekonomikoa. Orain 2041era arte lotuta gaude. Baina kontraesan bat dugu. Zeren legean aurreikusi bezala gauzak ondo egiten baditugu, murrizten baditugu hondakinak, gehiago ordaindu beharko dugu instalazioa amortizatzeko. Zero zabor eredura jo dugu, baina erraustegia muga handi bat da.

Tona bat sortu edo 800.000 sortu berdin ordaindu behar duzue. Murriztea duzue xede, baina.

Hobetzeko tartea badugu. 1992an hasi zen planta hau bi laberekin. 2006an beste bi gehitu zitzaizkion. 1992koak 2021erako amortizatuta egongo dira, baina ezin ditugu itxi hondakin asko badituzu. Beraz, murriztu behar ditugu.

Nola eragin dio erraustegiak herritarren osasunari?

Badago adituz osatutako batzorde bat, non unibertsitateko irakasleak, erakundeak eta beste eragile batzuk dauden. Plantak eragin zuzena du gertuko herritarren artean, esate baterako, usain kutsadura handia izaten delako batzuetan. Baina ingurumen eragin handirik ez du izan, ez bada errautsen zabortegia handitu behar izan dugula aurreikusi baino hiruzpalau urte lehenago.

Zergatik?

Asko handitu delako produkzioa, besteak beste, tarifa ez igotzeko, PPk aurreko agintaldian hondakinak inportatu egin zituelako. Horrek haserrea eragin zuen gizartean, eta guk legez saihestuko dugu berriro halakorik gertatu ahal izatea. Oso lurralde mugatua gara, eta ekologikoki kaltebera.

Zuri orain hastea tokatuko balitzaizu, egingo al zenuke erraustegi bat Mallorcan?

Ez.

Zergatik?

2019an gaudelako. Niri enpresak etorri zaizkit errausketa eta isurketa ez diren teknologiak aurkeztera. Tarragonan bada halako planta bat. Eta errausketak, gainera, ezin du baldintzatu herritarren egoera ekonomikoa eta kudeaketa. Herritarrak ezin dira hamarkadetan lotuta egon halako instalazioetara.

Gipuzkoako agintariek diotenez, erraustegiak lagundu egingo du klima aldaketaren aurka.

Ez zait iruditzen horretarako bidea hori denik. Erretzen duenak CO2a isurtzen du. Klima aldaketaren aurka borrokatzeko beste neurri batzuk hartuko nituzke: diesel autoen erabilera saihestu, beste mugikortasun eredu bat bultzatu...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna