Feminizidioen kontrako oihua

Turkian 430 emakume hil dituzte abendura arte. Gero eta gehiago dira indarkeria matxistaren aurkako neurriak eskatzen dituzten eragileak. Gobernuak, ordea, zigorrak gogortuz erantzun du.

Protesta bat Istanbulen, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean, azaroaren 25ean. TOLGA BOZOGLU, EFE.
Ankara
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Turkiako politikariak ez dira gai izan auzi honetan ausardiaz jokatzeko», adierazi du Fidan Ataselimek, Turkiako Stop Femenicide plataformako kideetako batek. Haren iritzi berekoak dira Turkiako feminizidioen aurkako gainontzeko erakundeak ere. Alegia, hilketak amaitzeko neurri politikoak behar direla.

Iaz 440 emakume hil zituzten euren bikotekideek, eta aurten, abendura arteko datuen arabera, 430 izan dira hildakoak. Emakumeen eskubideen aldeko mugimenduek Gobernua bera egiten dute hilketen erantzule. «Aurrerapauso handiak behar ditugu».

Turkiak duen arazoaren adibide argi bezain kezkagarria da Emine Buluten kasua. Abuztuan hil zuen senar ohiak 38 urteko emakumezko hori, Kirikkale hirian. Labankadaz hil zuen, kafetegi batean, bien alabaren eta kalean zebiltzanen aurrean. Inork ezin izan zuen ezer egin.

Erasoaren lekuko batek telefonoarekin hartutako irudiak Turkia osora zabaldu ziren, eta bideo hori bera erabili zuten aurrerago 43 urteko gizonezkoaren aurkako froga gisara.

Urrian egin zuten Fedai Varenen aurkako epaiketa, eta gizonak berak onartu zuen emazte ohia hil izana. Auzi saioa egiten zuten bitartean, epaitegiaren kanpoaldean hainbat lagun bildu ziren aldaketak eskatzeko. «Herri moduan, denok batera jo behar dugu. Hala egiten ez badugu, indarkeria ez da inoiz amaituko», ohartarazi du Esra Kozak. Haren ahizpa Merve Kozan ere indarkeriaren biktima izan zen. Harekin bat dator gizartearen gehiengoa ere. Gehienek uste dute emakumeen eskubideak bermatuko dituen araudi bat behar dela.

Azken urteetan, etengabe egin dute gora emakumeen hilketek; soilik 2011n eten zen gorakada hori, Istanbulgo Ituna sinatu zuten urtean. Hitzarmenak aintzat hartzen zituen emakumeen giza eskubideak.

Ataselimek azaldu duenez, ordea, Turkiako Gobernuak bertan behera utzi du hitzarmena, eta lehengo bidera itzuli da. «Hitzarmena sinatu eta hurrengo urteetan berriz ere gora egin zuten hilketek, baina ez bakarrik ituna bete ez delako, baita orain arte lortutako eskubideetan atzera egiten ari direlako ere». Hitzarmena betearaztea ez ezik, berdintasun politikak bultzatzea ere beharrezkoa dela iritzi diote eragileek.

Zenbaki zehatzik gabe

Gobernuak berak ez ditu jakinarazten emakumeen aurkako indarkeriak utzitako zenbakiak. Gobernuz kanpoko erakundeek hartzen dute lan hori euren gain. Horien arabera, 2015ean 303 emakume hil zituzten; 2016an, 328; 2017an, 409; iaz, 440, eta aurtengo lehen hamaika hilabeteetan, 430. Erakundeen arabera, emakumeek banaketa edo dibortzioa eskatzen dutenean lehertu ohi da indarkeria. Hala ere, banaketa eskaeraren oinarrian bertan ere maiz egon ohi dira tratu txarrak. «Emakume askok denbora luzez jasaten dute indarkeria banatzeko pausoa ematera ausartzen direnerako; arazoa da urratsa egiten dutenean bakarrik geratzen direla, inolako babesik gabe», kritikatu du Stop Feminicide plataformak.

Protestak isilarazte aldera, heriotza zigorraren aldeko hautua egin du Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak, betiere parlamentuaren babesarekin. Hala jakinarazi zuen Emine Buluten kasua argitara atera zenean. Emakumeen eskubideen aldeko erakundeak, ordea, ez datoz bat harekin. «Ez dugu heriotza zigorra nahi. Politika baliagarriak nahi ditugu», nabarmendu du Ezin Izel Yusalek, Stop Feminicideko kideak.

Urratsak eskatu dizkiete plataformek agintariei, baina haiek erantzun diete «euren esku dagoen guztia» egin dutela. «Jendearen aurrean hil zuen bere bikotekide ohiak Emine Bulut. Baina ez zuen soilik hura hil: Turkiako gizartearen zati bat ere hil zuen», esan du Mustafa Damarrek; haren alaba Ceren Damar indarkeria matxistaren biktima izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.