Piztiak aske dabiltza berriro

Bolada onean dabil Alaves, Lucas Perezen eta Joseluren susperraldiak hauspotuta. Kamuts hasi zuten liga, baina lau gol egin dituzte azken hiru lehietan. Iragan sasoiko 22 goleko langa dute jomugan.

Joselu eta Lucas Vazquez elkar besarkatzen, Joseluk Real Madrili sartutako golaren ostean. CHEMA MOYA / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Alavesek neurria hartu dio txapelketari: bost jardunaldi daramatza jada galdu gabe, eta larunbatean ondo merezitako garaipena lortu zuen Real Madrilen zelaian. Arabarrek zalantzekin ekin zioten denboraldiari, aurreko sasoiko agonia gogoan, eta Pablo Machinen jokamoldera egokitu ezinik. Alabaina, ideia berriak barneratuz joan da taldea, entrenatzaileak zenbait moldaketa egin ahala, eta askatu egin dira jokalariak. Defentsak geroz eta seguruago dabiltza, eta, erasoan, kateak apurtu dituzte aurrealdeko bi piztiek: Joseluk eta Lucas Perezek. Nahiz eta liga kamuts hasi, distira berreskuratu dute azken neurketetan, baita eraginkortasuna ere: haien sinadura izan dute Alavesek egin dituen azken bost goletatik lauk.

Sasoiko daudenean, bikote gogorra osatzen dute galiziarrek; horren lekuko dira aurreko ligan sartu zituzten 22 golak 11 bakoitzak. Haien ekarpena ezinbestekoa izan zen salbazioa lortzeko, eta hala izan beharko luke denboraldi honetan ere.Oraingoz, bost gol sartu dituzte, iaz garai honetan zeramatzatenak baino hiru gutxiago. Antzeko kopurua da, eta joera ere, parekoa. Joseluk agudo ireki zuen txorrota, bigarren jardunaldian, baina trabatu egin zitzaion gero. Azken partidan lortu zuen agorraldia etetea, Courtoisen oparia baliatuz. Hala, bi gol egin ditu lehen hamaika partidetan, iaz baino bat gutxiago.

Lucasi are gehiago kostatzen zaio martxa hartzea, baina, behin golak sartzen hasita, ez da gelditzen. Iragan sasoian, alerik zakuratu gabe iritsi zen zazpigarren jardunaldira, baina hortik aurrera, zazpi neurketa kateatu zituen gola sartzen. Konfinamenduak erabat lehortu zuen haren emari oparoa, eta idor abiatu zuen liga berria: gol bat bera ere ez zuen sartu aurreneko zortzi partidetan. Haatik, Levanteren zelaian apurtu zuen bolada txarra, eta beste bi gol sartu ditu hurrengo bi lehietan; biak ere penaltiz. Ia inoiz ez du kale egiten hamaika metrotik: Alavesen jaurti dituen zortzi penaltietatik zazpi sartu ditu. Guztira 25 jaurti ditu bere ibilbidean, eta hirutan baino ez du huts egin.

Dela penaltiz, dela beste edozein modutan, aurrelari galiziarrek sartzen dituzte Alavesen gol gehienak. Oraingoz 11 gol egin ditu Arabako taldeak, eta horietatik bost, hau da, %45,4 Joselu eta Lucasenak izan dira. Datu hori are handiagoa zen iragan sasoian: gasteiztarrek lehen 11 neurketetan sartutako hamalau goletatik zortzi izan ziren aurrelariek eginak, hots, %57. Eta denboraldi osoa aintzat hartuta, Alavesen golen %64,7 sartu zituzten: 34tik 22. Ate aurrean eraginkor jarraitzen badute, litekeena da sasoi honetan ere datu horietara hurbiltzea.

Menpekotasuna horren handia izan ez dadin, golak sartzen hasi beharko luke Deyversonek. Brasildarrak bederatzi lehia jokatu ditu orain arte, horietatik bost hasieratik, eta oraindik ez du baloirik sareratu. Ezta John Guidettik ere, taldeko laugarren aurrelariak. Beste irtenbidea da bigarren lerroko jokalariek ekarpen handiagoa egitea ate aurrean. Orain arte, gol bana sartu dute Edgarrek, Riojak eta Borja Sainzek.

Golak baino gehiago

Gol asko, onak eta baliotsuak egiten dituzte Joseluk eta Lucasek, baina haien ekarpena golez harago doa. Joselu maisua da goikako jokoan, eta, bide horretatik, hauspoa ematen dio taldeari. Behin eta berriro gailentzen da airean, eta baloiak ukitu ez ezik, jokatu egiten ditu. Baliabide hori funtsezkoa da arabarrentzat itolarriak jota daudenean, baita lerro artean asmatzen ez dutenetan ere. Eta jokaldiak azpitik ehuntzeko gai direnean, berriz, aparteko distira egiten du Lucasek, abila, argia eta azkarra baita. Bertute horiek baliagarriak zaizkio joko zuzenerako ere, Joseluk baloiak buruz luzatu edo jaitsi ostean. Eta badu beste dohain bat, oso garrantzitsua Alavesen gisako talde batentzat: oso erdiraketa zehatzak egiten ditu geldikako jokaldietan. Galiziarrek sartu eta sortu egiten dituzte golak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.