Italiako Giroa

Garaipenek ez dute asetzen

Demarek hirugarrenez irabazi du aurtengo Giroan. Lasterketaren historiako etaparik bizkorrena izan da Matera eta Brindisi artekoa

ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Aseezin ospea dute esprinterrek. Hori berresten duten adibideak asko dira: Mario Cipollini, Erik Zabel, Mark Cavendish, Alessandro Petacchi, Peter Sagan... Bada, molde horretako txirrindularia dela erakusten ari da Giro honetan Arnaud Demare (Groupama FDJ). Zazpigarren etapa ere hark irabazi zuen atzo; nola ez, esprintean. Hirugarrena du lasterketan, eta hamahirugarrena denboraldi honetan. Une honetan tropeleko txirrindularirik bizkorrena dela erakusten ari da. Haize babesek markatutako etapa bat izan zen. Pello Bilbaok (Bahrain) bigarren postuari eutsi zion.

Giroko historiako etaparik bizkorrena izan zen Matera eta Brindisi artekoa. Batez besteko abiadura orduko 51,230 kilometrokoa izan zen. Aurreko marka 49,420 kilometroan zegoen. 2012ko Giroko 18. etapan izan zen, eta Andrea Guardinik irabazi zuen orduan. Ia abiatu bezain laster osatu zen eguneko lehen ihesaldia. Lau txirrindularik egin zuten aurrera: Thomas de Gendtek (Lotto Soudal), Josef Cernyk (CCC), Marco Frapportik (Vini Zabu), eta Simon Pellaudek (Androni).

Haizea espero zen, eta aurreikuspena bete egin zen. Horrek urduritasuna eragin zuen tropelean. Jumbo Visma eta Deceuninck tiratzen hasi ziren, eta haize babesak sortu ziren. Horren ondorioz, 30 bat txirrindulari baino ez zirengeratu multzo nagusian. Faboritoak eta aurrean sailkatutakoak bertan ziren. Baina beste saiakera batean hainbat txirrindulari garrantzitsu geratu ziren atzean: tartean, Bilbao, Jakob Fuglsang (Astana), Rafal Maijka (Bora) eta Simon Yates (Mitchelton).

Iheslariek ez zuten bide luzea egiteko aukerarik izan. Bilbaoren taldeak, berriz, tropelarekin bat egitea lortu zuen, 96 kilometro falta zirela. Behin aurrekoak harrapatuta, lasterketako erritmoa zertxobait baretu zen. Baina 45 kilometro falta zirela, berriro ere urduritasuna agertu zen. Eroriko batek hainbat multzotan banatu zuen tropela.

Hortik aurrera, erritmoa bizia izan zen helmugara bitarte. Azken kilometroetan Bora, Groupama eta Deceuninck izan ziren lasterketa buruan agertu ziren taldeak. Demarek Saganen gurpila hartu zuen, eta nahi izan zuenean jo zuen kolpea.

Bestalde, koronabirusaren pandemia tarteko, aurten ez da Paris Roubaix klasikoa jokatuko. Urriaren 25erako zegoen iragarria. Emakumeen probak lehen aldia zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.