Pazientzia, lana eta talentua

Urte luzez ereindakoa jasotzen ari da Kike Barja, Osasunaren pizgarri bihurtuta. Hegalekoaren «erresilientzia» goratu du harrobian bere esanetara izan zuen Javi Lergak. «Ogi puska» omen da.

Kike Barja Osasunako jokalaria Tomaresi Espainiako Kopan sartutako gol bat ospatzen. JULIO MUÑOZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Elektrikoa eta txinpartatsua da Kike Barja (Noain, Nafarroa, 1997). Eta erabakigarria ere bai, funtsezko alea jarri baitu Osasunaren azken bi garaipenetan: gola sartzeko pase ikusgarria eman zion Budimirri Levanteren kontra, eta baloia sareratu zuen Alavesen aurka, iragan jardunaldian. Bi aldietan, aulkitik atera ostean egin zuen ekarpena. Taldea ilunpetan gelditu denean, pizgarri gisa agertu da hegaleko nafarra. Driblinak, erdiraketak, jaurtiketak... Argia piztu du baloia ukitu duen ia aldi bakoitzean. Hamabost urte daramatza Osasunan, horietatik lau lehen taldean, eta joan-etorri askoren ondotik, eliteko izarren artean dir-dir egiten hasi da. Gaur hori erakusteko aukera izango du Sadarren, Bartzelonaren aurka (21:00, La Liga)

Barjaren aurrerabideaz harro mintzo da Javi Lerga, Osasunako harrobiko teknikari ohia. Bere esanetara izan zuen gazte mailan eta bigarren taldean, eta «oso pozik» dago hegalekoa olatu aparretan ikusita. «Osasunazale petoa da Kike. Sekulako atxikimendua du klubarekin. Eta pazientzia eta irmotasun handia eduki behar izan du lehen taldean finkatzeko. Dena merezi du». Lergak ez du dominarik jantzi nahi. «Entrenatzaileok testuinguru aproposak sor ditzakegu, baina meritua jokalariena da. Kasu honetan, Kikek erresilientzia handia izan du. Harribitxi batzuk bidean gelditu dira, baina berak itxaroten jakin du, arreta osoa lanean jarrita, eta saria jasotzen ari da orain».

Ororen gainetik, Barjaren nortasuna goraipatu du Lergak. Uste du «ispilua» dela gizartearentzat, eta «luxua» omen da halako jokalari batekin lan egitea. «Ez ditu bi aurpegi. Orain gorenean dagoen arren, duela zortzi urteko mutil apal eta atsegin bera da. Talde barruan lezio handiak eman ditu eskuzabaltasunari eta lanerako gaitasunari dagokionez. Aulkian dagoenean ez du aurpegi txarrik jartzen, eta behar duzunean beti dago hor. Ogi puska da, eta uste dut gizarteak halako erreferenteen beharra duela».

Barjaren ezaugarri fisiko eta teknikoei dagokienez, buruz burukoetan duen abilezia nabarmendu du Lergak. «Gaitasun itzela du aurkariak atzean uzteko. Baloia iristen zaionean,ausart jokatzen du beti. Halako oso jokalari gutxi dago egun, eta ikusleentzat gozagarri dira». Dohain horrekin liluratuta utzi zuen entrenatzaile nafarra, gazte mailako taldean. Barja kadetea zen oraindik, baina bere futbola ez zetorren bat zuen adinarekin. Urtebete geroago, bigarren taldearen lema hartu zuen Lergak, eta beste koska bat igotzeko aukera eman zion hegalekoari. «Apustu irmoa egin nuen haren alde. Izan ere, benetan sentitzen nuen bidea egin zezakeela».

Debutean gola sartu zuen Barjak. Hamasei urte eskas zituen, eta Hirugarren Mailako golegilerik goiztiarrenetako bat bihurtu zen. Gero, lanak izan zituen distira egiteko; ekinean jarraitu zuen, ordea. «Hasieran ezin zien aurkariei izkin egin, fisikoki indartsuagoak baitziren. Alabaina, ez zuen amore eman, eta izaera horri esker iritsi da elitera».

Oraindik badu zer ikasi

Azkenerako txiki gelditu zitzaion harrobia. Haatik, luze jo zuen lehen taldean jokatzeko aukera jaso zuen arte. Bertan finkatzea ere gogotik kosta zaio. «Profesionalismoaz ari gara: lehia handia dago, eta taldekide gehienek berak baino eskarmentu handiagoa dute. Gainera, lesioak ere izan ditu». Oztopo guztiek zaildu egin dute, eta jokalari «osoagoa» da orain. «Erdiratzen asko hobetu du, baita defendatzen ere, eta oso moldakorra bihurtu da zelaian». Edonola, oraindik baditu leundu beharreko ertzak. «Taldeak eskertuko luke gol gehiago sartuko balitu. Hori konfiantzarekin lotuko nuke nik. Denbora gehiago jokatu ahala, askatuz joango da barruan duen guztia. Baina hamaikakoan finkatzeko, erregularragoa izan behar du». Beste aurrerapauso bat egiten saiatuko da gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.