Han urrutitik iritsitako golak

John Aloisik samurtasunez oroitzen ditu Alavesen eta Osasunan emaniko urteak. Australiarrak lau sasoi eman zituen Iruñean, eta bi Gasteizen. Gaurkoa derbi «parekatua» izango dela uste du.

BERRIA.
enaut agirrebengoa
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Aurrelari bizia eta borrokalaria zen, baloi bakar bat ere galdutzat ematen ez duten horietakoa. Aukerarik errazenetan kale egiten zuen maiz, baina zailenak sartu egiten zituen gero. Eta, gainera, antipodetatik iritsitakoaren lilura exotikoa zeukan. Hori horrela, Osasuna eta Alaveseko zale askoren kutun bihurtu zen John Aloisi (Adelaide, Australia, 1976). Hari ere arrastoa utzi zioten Euskal Herrian emaniko sei urteek —2001etik 2007ra—;besteak beste, bi alaba zaharrenak Iruñean eta gazteena Gasteizen izan zituelako. Eta jasotako maitasun guztiagatik ere bai. Hala, distantziaren —egun Brisbanen (Australia) bizi da— eta denboraren talaiatik, gertu sentitzen ditu gaur Mendizorrotzan aurrez aurre izango diren bi taldeak (19:30).

Zirrara bereziz gogoratzen ditu Osasunan emaniko lau denboraldiak. Aro loriatsua bizi izan zuten gorritxoek, eta australiarra taldeko ikurretako bat izan zen. «Lehen urtean, Lotinarekin aritu ginen, eta gero, Javier Aguirrerekin. Oso talde ona izan genuen, eta emaitzak ikusgarriak izan ziren. Espainiako Kopako titulua lortzear izan ginen, eta ligan ere txukunjardun genuen». Gol oso garrantzitsuak sartu zituen elastiko gorritxoarekin; hala nola 2002an mailari eusteko gola sartu zuen San Mamesen, partidaren hondarrean. Baina Osasunako zale gehientsuenek bezala, Kopako finalean Betisi egindakoa oroitzen du batez ere. Luzapena behartu zuen gol harekin. «Zaleen aurrean sartu nuen, momentu ikaragarria izan zen. Ez dakit sekula halako girorik ikusi dudan. Lastima, galdu egin genuen, baina oroitzapen gozoak ditu denok».

Alavesen, ordea, une mikatzagoak bizi izan zituen. «Talde aproposa genuen Lehen Mailan gelditzeko, eta zaleen babesa sekulakoa zen. Baina dena oso zaila zen Dimitri Pitermanekin. Ez gintuen ordaintzen. Giroa gaiztotu egin zen, eta Bigarren Mailara jaitsi ginen azkenean». Halere, australiarrak 11 gol sartu zituen sasoi hartan, eta sei hurrengoan. «Konfiantza handia nuen orduan. Gainera, jokalari oso onak genituen: Bodipo, De Lucas, Nene... Golak errazago sartzen dira horren ondo inguratuta zaudenean» Sadarren egin zuen aurreneko gola Alavesen elastikoarekin. «Osasunak partida ia erabakia zuen, eta zale gorritxo guztiek txalotu ninduten. Oso une polita izan zen».

Haren ustez, «bereziak» dira arabarren eta nafarren arteko derbiak. «Realaren aurkakoen antza dute. Derbi bat da, baina laguntasun giroa da nagusi. Athleticen aurka beste giro bat izaten da, edo hala zen lehen, behintzat». Gaurko derbiari begira, ez du faboritorik ikusten. «Oso antzekoak dira bi taldeak, eta maila bertsuan daude. Ez naiz bustiko: berdinketa bientzat legoke ongi». Lehiara nahiko apal itzuli dira Osasuna eta Alaves, baina aurrelari ohia ez dago urduri. «Aski dute beste bi garaipen lortuta. Ez dute sufrituko».

Aulkietara itzultzeko gogoz

Harremanetan egoten jarraitzen du bi klubekin; bisitan joan zitzaien iazko apirilean. «Iruñeko harrera oso beroa izan zen. Jendeak kalean gelditzen ninduen, argazkiak egin eta Kopako finalaz hitz egiteko. Eta Sadarren, abesti tipikoa abestu zidaten. Izugarria izan zen». Orain esatari lanetan dabilen arren, aulkietara itzuli nahiko luke laster. «Ea egunen batean Espainiako Ligara itzuli, eta Alaves edo Osasuna zuzentzerik dudan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.