Qatarko Munduko Kopa

Baloia, geopolitikaren gainetik

24 urteren ostean, AEBek eta Iranek elkarren aurka jokatuko dute gaur. Final-zortzirenetarako sailkatzea izango dute jokoan. Geopolitikoki ere esanahi handia du neurketak.

AEBetako eta Irango jokalariak, 1998ko Frantziako Munduko Kopan jokatu zuten norgehiagokan. BERRIA.
Ainara Arraitbel Gascon
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Frantziako Munduko Koparako zozketa. 1997ko abendua. F multzoak geopolitikoki etsaiak ziren bi herrialde batu zituen: Ameriketako Estatu Batuak eta Iran. 1979tik zetorren ezinikusi hori, iraultza islamiarra hasi zenetik. 1998ko ekainaren 21ean jokatu zen norgehiagoka hura. Atarikoa tentsioz beteta egon zen. Baina irandarren keinu batek dena aldatu zuen: partida hasi aurretik, lore zuriak oparitu zizkieten AEBetako jokalariei. Askok bakearen partida izendatu zuten norgehiagoka hura. Jeff Agoos AEBetako jokalariak zera adierazi zuen neurketaren amaieran. «Gehiago egin dugu 90 minutuan bakearen alde, politikariek 20 urtean baino».

Iranen eta AEBen arteko gatazka geopolitikoa 1979an hasi zen. Mohammad Reza Pahlevi monarkak herrialdea utzi behar izan zuen, Khomeinik bultzatutako iraultza tarteko. Protestek, grebek eta abarrek horretara behartu zuten. Pahlevik AEBen babesa zuen, eta 1979ko amaieran tentsioa areagotu egin zen. Harreman diplomatikoak hautsi zituzten bi herrialdeek, Teheranen AEBek zuten enbaxadako 52 langile 444 egunez bahituta eduki eta gero. Gainera, ondoren, Iraken eta Iranen arteko gerran AEBek Irak babestu zuten.

Horrek guztiak ikusmina eta tentsioa eragin zuen partidaren inguruan. Khodadad Azizi aurrelaria, orduko Irango selekzioko izarra, argi mintzatu zen: «AEBek Iraken aurkako zortzi urteko gerrara behartu gintuzten. Milioi erdi irandar hil ziren horren ondorioz. Hildako horien senideetako asko guk irabazteko irrikaz daude. Gure bizitzako partida da».

Munduko Kopa baino aste batzuk lehenago, Iranek debekatu egin zion AEBetako hautatzaileari herrialdean sartzea partida bat ikustera. Gero, Irango selekzioko entrenatzaile multzoko bi kide izan ziren AEBetan sartzen saiatu zirenak, borroka libreko bi prestatzaile izango balira bezala. Baina harrapatu egin zituzten. Partidaren atarian, tentsioak gora egin zuen. Kamerek agindu zehatzak jaso zituzten enfokatu behar ez zituzten ikurren inguruan. Bestalde, Irango hainbat zale taldek mehatxu egin zuten zelaia indarrez hartuko zutela. Hala, AEBetako orduko estatu idazkari Madeleine Albrightek kontrol handiagoa eskatu zuen.

Zozketak aginduta, AEBek jokatu beharzuten etxeko talde moduan, eta Iranek bisitari gisa. Hala, irandarrek pauso batzuk atzetik atera behar zuten zelaira, eta lehenak izan behar zuten aurkaria agurtzen. Partida bezperan, Irango agintariek esan zuten ez zutela halakorik egingo. Bill Clinton AEBetako presidenteak berak esku hartu behar izan zuen, eta, mezu batean, AEBetako selekzioari animoak emateaz gain, Munduko Kopak herrialdeak batzeko zuen indarra gogorarazi zuen.

Bi selekzioek aurrerapausoa eman zuten, tentsioa baretzeko. Tab Ramos AEBetako kapitaina izan zen mintzatzen lehenbizikoa: «Hau partida huts bat da, eta ez du harago joan behar». Bat egin zuen horrekin Jala Telebi AEBetako hautatzaileak. «Ni ez naiz politikaria, kirol munduko pertsona bat baizik. Ez dugu bestelako gauzetan pentsatu nahi».

Loreak opari

Irandarrek lore zuri bana eman zieten AEBetako jokalariei, eta bi selekzioetako jokalariek elkarrekin atera zuten argazkia. Emaitza gutxienekoa izan zen. 2-1 irabazi zuen Iranek. Bi federazioen arteko harremana hobetzeko balio izan zuen, eta, gerora, lagunarteko partida bat jokatu zuten.

Gaur jokatuko dute berriz, eta tentsioa azaldu da. AEBetako Futbol Federazioak, partida iragartzeko informazioan, Iranen bandera jarri du, baina armarririk gabe. Irango Gobernuak hori egin izana salatu du, eta gobernuaren kontra egiten ari diren protesten babes moduan ikusi du. Erregimenaren aldeko agentziek zabaldu dutenez, FIFAn kexu formala jarriko du, eta hamar partidako zigorra eskatuko du AEBentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.