Dibulgatzailea eta sortzailea

Gizakien eta roboten arteko elkarbizitzak eta munduaz haragoko planetetara eginiko bidaiek ardaztu dute Isaac Asimoven obra. Ehun urte bete berri dira idazle eta zientzialaria jaio zenetik.

XX. mendean zientzia fikzioak izandako loraldiaren eragileetako bat izan zen Isaac Asimov. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Googlen haren izena sartzea besterik ez dago Isaac Asimoven (Petrovitxi, Errusia, 1920-New York, 1992) itzalaren neurriaz jabetzeko. Argitaratu zituen ipuin eta eleberrien aipamenez gain, zientzia dibulgazioaren alorrari buruzkoak ere ageri dira, eta baita bizitzaz, orokorrean, egindako aipu ugari ere. Idazlea izan baitzen Asimov —eta horregatik da ezaguna gaur egun ere—, baina zientziaren dibulgatzaile handia ere bai. Herenegun ehun urte bete ziren hura jaio zenetik.

Zientzia fikzio gisa gaur egun ezagutzen denaren aitzindari nagusietako bat izan zen Asimov. Ez zen lehenengoa izan, haren aurretik beste hainbat idazlek ere irudikatuak baitzituzten Lurraz haragoko munduak eta gizakiaz bestelakoak ziren izaki adimentsuak —H.G. Wells, Jules Verne, John Wyndham...—, baina generoak 1940ko hamarkadatik aurrera izango zuen loraldiaren eragileetako bat izan zen. Gainera, ordura arte literaturan apenas agertu ziren izaki mekaniko batzuei berezko izaera bat eman zien; robotei, alegia. Haren obraren parte handi baten protagonista bilakatu ziren —I, Robot (1950), The Caves of Steel (1954), The Naked Sun (1957), The Robots of Dawn (1983)—, eta, horretaz gain, haien egitekoari eta izaerari buruzko hiru «oinarrizko legeak» ere eman zituen: «Robotek ezin diete minik egin gizakiei edo min har dezaten utzi; robotek gizakien aginduak bete behar dituzte, salbu eta agindu horiek aurreko puntuaren kontra badoaz; eta robot batek bere bizitza babestu behar du beti, horrekin lehen eta bigarren arauen kontra egiten ez badu behintzat».

Bere burua humanistatzat zuen Asimovek, eta pentsatzen zuen zientziak gizakiaren eta munduaren ongizatea bermatzeko balio izan behar zuela. Hain zuzen, ideia horrek zeharkatzen du Foundation, 1951. eta 1953. urteen artean argitaratutako hiru eleberriz osatutako serie konplexu eta laudatua —gerora beste lau nobela idatzi zituen, jatorrizko sailaren aurrekariak eta ondorengoak azaltzeko—. Hari Seldon protagonistak aurreikusiko du gizateria 30.000 urte iraungo duen iluntasun eta ezjakintasun garai batean sartuko dela, eta, horri aurre egiteko, haren asmoa izango da adimen bikaina duten pertsonak santutegi batean —Fundazioan— biltzea, gizateriaren etorkizuna bermatua egon dadin eta jakinduria gal ez dadin.

Ehunka lanen egile

Asimovek literatura landu zuen, eta, zientzia fikzioa langai nagusi izan bazuen ere, bestelako generoetan ere egin zituen sartu-irtenak, baina, horietaz aparte, kontaezinak dira zientziaren dibulgazioari eginiko ekarpenak. Zientziari lotuta ikusten baitzuen bere burua. Horregatik, bere azken urteetan argi azaltzen zuen bere ateismoa: «Denbora behar izan nuen adierazteko. Ateoa izan naiz urteetan, baina pentsatu izan dut intelektualki errespetu gutxikoa dela norberak esatea ateoa dela, horrek esan nahi duelako batek bere gain hartzen duela beste inork ez duen jakituria. Hobe zen norbera humanista edo agnostikoa zela esatea. Azkenean erabaki nuen izaki emozioduna eta arrazoiduna naizela. Emozionalki, ni ateoa naiz. Ezin dut demostratu Jainkoa ez denik; baina, nire susmoa hain indartsua denez, ez dut nire denbora horretan galdu nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.