Boladek markatutako derbia

Reala B eta Eibar nor baino nor gehiago arituko dira bihar, estreinakoz Bigarren Mailan. Asier Santana entrenatzaileak nabarmendu du bi taldeek jokatzeko era oso markatua dutela.

BERRIA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Reala B-k eta Eibarrek indarrak neurtuko dituzte bihar, lehenengo aldiz Bigarren Mailan. Txuri-urdinek sentipen onekin ekin diote ligari; eibartarrek, aldiz, ez dute nahi bezala hasi itzulerako bidea. Hala, puntu bakar baten aldearekin, baina sentsazio zeharo ezberdinekin iritsiko dira biak neurketara.

Asier Santana entrenatzaileak (Idiazabal, Gipuzkoa, 1979) ondo baino hobeto ezagutzen ditu talde txuri-urdina eta euskal futbola. Donostiarren bigarren taldeko entrenatzailea izateaz gain, lehen taldeko partida bat zuzendu, eta hartako entrenatzaileen multzoan egon zen bi denboraldiz. Gainera, Real Union eta Portugalete ere entrenatu ditu. Gipuzkoarren arteko derbia «parekatua» izatea espero du: «Orain arte jokatu diren partidak oso estuak izan dira. Taldeak oso landuak daude, denboraldi hasiera izan arren. Oso gol gutxi ikusten ari gara».

Lau partidetan, Reala B-k gol bat sartu du, eta beste bat sartu diote; Eibarrek, berriz, bi lortu ditu, eta lau sartu dizkiote. Gol gutxi dira 360 minuturako, baina donostiarrei bost puntu poltsikoratzeko balio izan die, eta eibartarrei, lau eskuratzeko. Gauzak horrela, gola egiten asmatzen duenak irabaziko du partida, Santanaren ustez: «Nire ustetan, liga nola dagoen ikusita, aurrean eraginkorra izatea erabakigarria izango da».

Harrobiko taldeei handi geratu ohi zaie Bigarren Maila, baina Reala B-k hasiera honetan behintzat neurria hartu diola ematen du. Horren arrazoia argi du Santanak: «Igoera lortu berri dute, eta hori beti da onuragarria hurrengo denboraldirako. Iragan sasoiko bolada ona baliatzen ari dira». Eibartarrak mailaz jaitsi berri dira, eta uste du jokalari berri asko izateak ez ezik aurreko denboraldiko bolada txarrak eragin duela, beharbada, haien hasiera kaxkarra: «Mailaz jaisteak asko eragiten du, eta horri igotzeko hautagai nagusietako bat izatearen presio gehigarria erantsi behar zaio».

Sentipenak sentipen, Santanak argi esan du denboraldia luzea dela: «Bigarren Maila oso luzea da, eta orain arte egindakoa ez da erabakigarria. Egia da jada galdutako puntuak berreskuratzea ezinezkoa dela, baina 42 jardunaldi dira guztira, eta seguru naiz denborak bi taldeak dagokien tokian jarriko dituela sailkapenean».

Bi buru, bi aburu

Argi dago bi taldeak oso ezberdinak direla. Xabi Alonsok zuzentzen duen taldearen batez besteko adina 21 urte pasatxokoa da, eta Gaizka Garitanoren taldearena, berriz, 28tik hurbil dago. Santanak bi mota horietako jokalari multzoekin lan egin du, eta biek ala biek alde onak dituztela dio: «Esperientziadun talde bat izatea ona da jokalariek eskarmentu handiagoa dutelako partida irakurtzeko garaian, baina talde gazteek gosea eta grina izaten dituzte. Hori bai, partida hasten denean, ezberdintasun horiek guztiak ahaztu egiten dira». Taldeak zuzentzen arituko diren bi entrenatzaileak ere ezagutzen ditu Santanak, Alonsoren eta Garitanoren taldeen aurka indarrak neurtu baititu behin baino gehiagotan. Bi prestatzaileek ideiak «oso argi» dituztela nabarmendu du: «Biek garbi dute beren taldeak nola jokatzea nahi duten, eta hori oso garrantzitsua da teknikari batentzat. Oso onak dira biak, eta merezita dute lortu duten sona».

Sona hori joko sistema ezberdinekin lortu dute. «Alonsori bera jokalaria zeneko ezaugarriak ikusten zaizkio. Arerioaren zelaian jokatzea gustatzen zaio, eta baloia edukitzea. Ondo ateratzen ari zaio, eta, gainera, orain klubak duen jokatzeko erarekin bat dator. Garitanori, berriz, taldea batuago edukitzea eta defentsa marra sendoa izatea gustatzen zaio. Jokamolde eta sistema ezberdinak dira, baina biei fruituak eman dizkiete». Bihar, baina, lanak izango dituzte euren jokatzeko era ezartzen, neurketa irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.