Qatarko Munduko Kopa

Jokatu bai, baina lehiatu ez

Qatarko emakumeen futbol selekzioak 2015etik darama partida ofizialik jokatu gabe. Bost urteko ibilbidea baino ez zuen egin. Nerabezarotik aurrera, emakumeek zail dute futbolean aurrera egitea.

Qatarko emakumeen futbol selekzioko irudi bat. Hamabost partida ofizial baino ezin izan dituzte jokatu. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Futbolekoa ez da izan aurten Qatarren jokatu den Munduko Txapelketa bakarra. Padelekoa ere jokatu da. Orain aste batzuk izan zen, eta bertan agerian geratu zen emakumeen kirola nola dagoen Qatarren. Antolatzaile gisa, bai emakumezkoen bai gizonezkoen txapelketan parte hartzeko aukera zuen Qatarrek. Baina Qatarko Tenis eta Squash Federazioak uko egin zion emakumeen selekzioa aurkezteari.

Nasser al-Khelaifi da federazioko burua, Paris Saint Germain futbol taldeko burua, eta Al-Thani emirraren gertukoa. 2021ean ere berdina egin zuen, txapelketa ere han jokatu baitzen. Gero eta gehiago dira padelean jokatzen duten Qatarko emakumeak. Baina gizonezkoekin alderatuz oso baldintza desberdinetan jokatzen dute. Adibidez, Qatarko Olinpiar Komiteak antolatutako txapelketatik harago, ez dute egutegi finko bat. Gainera, soilik emakumezkoak sar daitezkeen klub edo pistetan jokatu eta entrenatu dezakete. Gutxi dira halakoak.

Egun hauetan, futbola da Qatarren ikusmina sortzen ari dena. Baina nola dago emakumezkoen futbola han? Qatarko emakumeen futbol selekzioak 12 urte besterik ez ditu. 2010eko urriaren 10ean jokatu zuen lehen partida ofiziala, Bahrainen kontra. 17-0 galdu zuen. Arabiako Emakumezkoen Kopan izan zen. Palestinaren eta Siriaren aurka ere jokatu zuen txapelketa hartan. Multzoko azken lekuan sailkatu ziren. Oraindik Qatarri ez zioten emana 2022ko Munduko Kopa antolatzeko ardura. Urte hartako abenduaren 2an izan zen. Dirudienez, Qatar ez zen emakumezkoen selekzioa sortzearen aldekoa, baina FIFAk sortzeko eskatu zion.

2010etik 2014ra hamabost partida jokatu zituzten. Monika Staab alemaniarrak hartu zuen taldea zuzentzeko ardura, eta haren eskutik jokalariak teknikoki eta taktikoki trebatuz joan ziren. Izan ere, artean oso eskarmentu gutxi zuten. Eskola garaian futbolean jokatutako jokalariek osatzen zuten selekzioa, baina, behin eskola amaituta ez zutenez jarraitzen, gehienek oso ezagutza txikia zuten futbolaren inguruan.

Trebakuntza horri esker, lehen adiskidantzazko norgehiagokak irabazten hasi ziren, eta 2013ko FIFAren zerrendan 111. postura ailegatu ziren. Horrek WAFF txapelketan parte hartzeko aukera eman zien 2014an, Jordanian. Hura izan zen jokatu zuten azken txapelketa. Izan ere, hurrengo hemezortzi hilabeteetan ez zuten partidarik jokatu, eta FIFAren zerrendatik desagertu ziren. Qatarko emakume futbolarien ikusgarritasuna handitzen ari zen nazioartean lehiatu ahala, eta Al-thanitarrek ez zuten halakorik nahi. Kontrolpean izateko, nahiago izan zuten Qatarren bertan liga bat sortu. Hala, egun liga bat dago 6-8 talderekin.

Ordutik selekzioak ez du jardunik izan. Bakarrikbizpahiru adiskidantzazko partida jokatu ditu. Horietako bat Washington Spirit taldearen kontra izan zen, eta beste bat Afganistango errefuxiatu talde baten kontra. Munduko Koparen atarian, beren irudia zuritzeko izan zen askoren ustez.

FIFAren barruan dauden federazio guztiak behartuta daude emakumeen futbolaren inguruko plangintza bat egitera. Baina Qatar hortik kanpo dago. Izan ere, Al-thanitarrek kontrolatzen dute emakumeen kirolaren inguruko guztia.

Etxetik hasita trabak

Bestetik, emakumeei ere etxean trabak jartzen dizkiete edozein kirol egiteko, eta are gehiago futbola. Gizonezkoek ez dute ondo ikusten publikoan emakumeak fisikoki aktibo egotea, alegia, kirola egitea. Soilik haurretan ikusten dute ondo. Izan ere, helduak egin ahala, Islamak onartzen ez dituen janzkera batzuk eramatera baitakar kasu batzuetan kirola egiteak: galtzamotzak, adibidez. Gainera, nazioartean lehiatuz gero, beste gizarte eredu batzuk ezagutzeko aukera izango lukete.

Gizonezkoen Munduko Kopa Qatarren antolatzeak hango emakumezko futbolarien egoera hobetzeko balio zezakeela saldu zuen FIFAk. Baina Qatarko emakumeen futbolari ez zaio ikusgarritasunik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.