Aurkaria ez; etsai beldurgarria

Eibarrek puntu bat kendu dio Bartzelonari Lehen Mailan denetik, eta Jose Luis Mendilibarrek lau baino ez ditu atera kataluniarren aurka. Bartzelonaren zelaian ariko dira gaur armaginak.

Eibarreko Jose Angel eta Bartzelonako Sergi Roberto, lehian, aurreko sasoiko partidan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Eibarrek Bartzelonaren zelaian jokatuko du gaur arratsaldean, ligako 25. jardunaldian, eta taldeak aurkariaren bideo bat ikusi zuen herenegun. Gero, Jose Luis Mendilibarrek garbi asko deskribatu zuen ikusitakoa, partidaren atariko ohiko prentsaurrekoan: «Ikusten duzu zer egiteko gai diren, eta ematen du beldurrezko film bat ikusten ari zarela».

Bartzelonako jokalarien maila apartaz ari zen. Parean jartzen zaion edozein aurkari txikitzeko gai da talde kataluniarra, eta oraingo Eibar hau oso-oso txiki uzteko arrisku handia dago gaur ere. Ez litzateke aurreneko aldia izango, gainera. Lehen Mailan direnetik, eibartarrek puntu bakarra kendu diete kataluniarrei, Ipuruan; Bartzelonan, berriz, denak utzi dituzte. Aurkaria bainoago, etsai beldurgarria dute orain Quique Setienen taldea.

Bartzelonan jokatu dituzten partidak gogora ekarrita, datuak beldurtzekoak dira. Estreinako sasoian Bartzelonak 3-0 irabazi zion Eibarri;bigarrengoan, 3-1; hirugarrengoan, 4-2; laugarrengoan, 6-1; eta, bosgarren aldian, aurreko denboraldian, 3-0. Etxekoek Ipuruan dute ateratata oraingoz altxor preziatuaren pareko balioa duen puntua: aurreko denboraldian izan zen, ligako azkeneko jardunaldian, eta bina egin zuten. Gainontzean, galdu besterik ez du egin Eibarrek Bartzelonaren aurka Ipuruan.

Mendilibar ez da hitzak alferrik botatzen dituen horietakoa, eta, «beldurrezko filma» esan duenerako, baliteke bere entrenatzaile ibilbide osoa ere izatea gogoan, eta ez soilik Bartzelonaren aurka Eibarrekin jokatu dituen partidak. Izan ere, lau puntu baino ez ditu atera Zaldibarko (Bizkaia) entrenatzaileak gaurko aurkari ahalguztidunaren aurka: Osasunarekin, Sadarren (3-2), 2011ko otsailaren 11n. Laugarren puntua lehenago kendu zion, Valladoliden zela, 2007-2008 denboraldian, zaleen aurrean (1-1).

Datu festa horretatik ondorio beldurgarri bat atera daiteke: Mendilibarrek ez du puntu alerik atera Nou Campetik. Entrenatzaile eta talde askorentzat dago beldurgarri bilakatuta Bartzelona.

Makina bat bider joan izan da Eibarreko entrenatzailea Nou Camp zelaiko aulkira lanera, eta, punturik inoiz ez ateratzea gutxi ez, eta batzuetan zaplazteko handiak ere hartu izan ditu. Valladolidekin 6-0 galdu zuen 2008-2009 denboraldian, eta Osasunarekin, 8-0, 2011-2012 sasoian. Levanteko entrenatzaile izan zen aldi motzean, etxean bertan jaso zuen belarrondokoa (0-5).

Aurrekariak aurrekari, iraganeko kontuak eta datuak baino ez dira horiek guztiak. Gaur, epaileak txistua jotzen duenean, zenbaki beltz horiek ez dute jokatuko. Beraz, Eibarrek beste aukera baten gisan hartu behar du gaurkoa, zaila izanik ere. Taldea jaitsieratik hiru puntura baino ez dago, eta zelai guztietara atera behar du zenbaki uzta mehea gizentzera. Horren alde hitz egin zuen Mendilibarrek herenegun: «Zerbait esateko edukiko dugu guk ere, eta zerbait hori ondo egin beharko dugu ezinbestean, punturen bat atera nahi badugu».

Hauek ez daude jokatzeko moduan, minez daudelako: Ramis—asteazkenean belauneko ebakuntza egin zioten—, Kike eta Bigas. Charles, berriz, zigortuta dago txartel horiak pilatzeagatik. Bartzelonaren kasuan, Luis Suarezek, Dembelek eta Jordi Albak lesioak dituzte; jokatu ezinda daude.

BARTZELONA-EIBAR
Bartzelona. Ter Stegen; Semedo, Pique, Umtiti, Junior; Busquets, Rakitic, De Jong; Ansu Fati, Messi eta Griezmann.
Eibar. Dmitrovic; Arbilla, Burgos, Oliveira, Jose Angel; Diop; Pedro Leon, Exposito, Escalante, Orellana, eta Enrich.
Epailea. Soto Grado
Lekua. Nou Camp (99.354 ikusle).
Ordua. 16:00 (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.