Atxurrak goi-goian dituztela

Txuri Urdineko izotz-hockey taldeek modu ezberdinean hasi dute sasoia. Emakumeek hiru neurketak irabazi dituzte; gizonezkoek, biak galdu. Haiek ere hobetzea dute asmo, ordea.

Txuri Urdinek denboraldi honetan jokatu dituen partidetako bat. TXURI URDIN.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Dotore hasi du 2021-2022ko sasoia Txuri Urdineko emakumezkoen talde nagusiak. Lehen hiru jardunaldiak igarota, Iberdrola ligako lehendabiziko koskan dago, neurketak jokatu ahala irabazi dituela. Hirutik hiru eskuratu ditu, eta lidergoan da, bederatzi puntu bilduta: «Gu ere pixka bat harrituta gaude. Gol asko sartu ditugu, eta emaitza oso onak lortu ditugu, alde handikoak», esandu du Koldo Saenz entrenatzaileak. Ez alferrik, kontrarioei jipoi handiak eman baitizkiete donostiarrek: Huarteri (11-2), Jacari (1-16) eta Logroñoko Milenio Panthersi (0-15).

Maila ona eskaintzea «asmo bat» dela adierazi du Saenzek, eta, horren inguruan, zehaztu du «arinago, politago, azkarrago jokatzea» dutela helburu. Orain artean gol ugari sartzearen arrazoia, ordea, argi du zein den: «Taldeak bilakaera bat izan du, eta lehiatzeko taldea da orain. Gero, Gasteiztik etorri diren bostetik lau Espainiako selekzioan ere ari dira. Bi horiek batuta, taldeak aurrerapauso handia eman du». Liga hasieran halako ondo aritzeak «ilusioa» pizten die Txuri-Urdinekoei. Hori bai, erronka nagusia «hockeyan hobetzea» dela dio teknikariak, eta gol kopuru handia dela horren ondorio.

Egutegiari dagokionez, Saenzek aitortu du orain artean talde egokiak suertatu zaizkiela aurkari, eta jardunaldiek aurrera egin ahala aurkariak «gero eta konplikatuagoak» izango direla. Majadahonda da aurkaririk gogorrena. Espainiarrak zortzi aldiz izan dira ligako txapeldunak.

Haiek dira hezurrik gogorrenak, baina haiekin lehiatzeko moduan dira Txuri Urdinekoak. Saenzek aho bizarrik gabe aitortu du hori: «Urteak badira gerturatzen ari ginela. Aurten badirudi gauzak finkatzen ari garela, eta buruz buruko norgehiagokak izango direla. Haiek ditugu helburu; urteetan txapeldun izan dira, eta bada garaia hori pixkanaka aldatzeko». Izan ere, Txuri-Urdin ligako eta kopako azpitxapeldun izan zen iaz. Majadahondak irabazi zituen txapelketa horiek.

Haiei kontra egiteko, harrobiko jokalariak eta kanpotik ekarritakoak uztartuko dituzte Saenz eta Alex Lazkano entrenatzaileek. Garaikur bat lortzea begi zeharka dute — «erronka hor dago», dio Saenzek—, baina teknikariak azaldu du joan zen sasoia amaitutakoan jokalariak pozik zeudela: «Ohartu dira lana eginda horraino iritsi direla, beren merituz, eta horixe nahi dugu. Horren ondorio izango da partidak irabaztea, eta, akaso, liga gero. Lana egin, eta gauzak gertatuko dira».

Kopuruak handitu egin dira

Gizonezkoen taldeak beste aldarte batean hasi du sasoia. Txuri-urdinek galdu egin ditu orain artean jokatutako bi partidak, Puigcerdaren (3-5) eta Majadahondaren kontra (4-5). Aitzirik, berandu baino lehen gorabidean jarri nahi duen taldea da donostiarrena, Iñigo Domec prestatzaileak adierazi duenez: «Emaitza aldetik argi dago ez dela hasiera ona izan; joko aldetik eta sentipen aldetik, ordea, bai. Uste dut galdutako bi partidetan ez garela aurkaria baino txarragoak izan. Detaile jakinengatik ez dugu irabazi».Defentsa lerro gaztea dute donostiarrek, eta «malezia falta» nabaritu dela uste du teknikariak. Haren esanetan, aurkariek partidako «une jakin batzuk» baliatu dituzte puntuak eskuratzeko.

Oro har, Txuri Urdinek harrobiko gazteen iturritik edan du aurtengo taldea osatzeko garaian, eta, gainera, Ander Alcaineren laguntza izango du. Atezain espainiarrak erretiroa hartua zuen arren, itzultzea erabaki du, laguntzeko: «Normalean, Lucas Senra atezainak ezin duenetan ariko da», zehaztu du Domecek.

Txuri Urdinek gisa horretara egingo dio aurre exijentzia handiko sasoi bati. Ligako talde kopurua bostetik zortzira igo da aurten. Huarteko taldea da berritasunetako bat, orobat harrobiko lagunez osatua.

Aldiz, egitura berezia dute gainontzeko bi taldeek. Milenio Panthersek Ameriketako Estatu Batuetako hamar jokalari ditu; Madrilgo Nordic Vikingsek, berriz, suediarrak ditu jokalari guzti-guztiak: «Positiboa da haien aurka jokatzea ere. Zenbat eta monotonia gutxiago, hobe».

Bi talde horien kontrako partidek sailkapenerako balioko dute. Dena den, ezingo dira aritu liga titulua irabazteko kanporaketetan, atzerriko jokalarien kopurua baimendutakoa baino handiagoa dutelako.

Donostiarrek bai, kanporaketa horietan egotea dute xede. «Zaila izango da, baina hori da gure nahia. Uste dut egiten ari garen lanarekin ailegatuko direla garaipenak, eta lehia horretan egongo garela», esan du Domec entrenatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.