Ametsa amaitu zaio kapitainari

Manu Garcia badoa Alavesetik, bertan bederatzi denboraldi eta 308 partida jokatuta. Joan-etorri askoren ostean iritsi zen bere bihotzeko taldera, eta azpi-azpitik gorenera heldu da han. Ikur bihurtuta esango du agur.

Manu Garcia Alaveseko jokalaria, Ibaian, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Alavesek bere arimaren zati bat galdu zuen atzo, Manu Garciak (Gasteiz, Araba, 1986) taldean jarraituko ez duela jakinarazi ostean. Kapitainak ez zuen bere klub kutunean jarraitzeko eskaintzarik, eta, hortaz, adio esan behar izan du, elastiko zuri-urdina bederatzi urtez defendatu ostean. «Ez dago zoriontsuago egiten nauen elastikorik», adierazi izan du. Mendizorrotzako harmailetatik zelaira iritsi, eta berdegunean ikur bilakatu den zale bat da. «Txikia nintzela, amets hutsa zen nire taldean partida bakarra jokatzea», aitortu zion BERRIAri elkarrizketa batean. Bat ez, 308 neurketa jokatu ditu osotara Alavesen, klubarekiko maitasun eta leialtasun osoz jokatu ere. Gidari izan da une latz zein gozoetan, inplikazioa eta konpromisoa ardatz hartuta, eta alor emozionalean hutsune handia utziko du Gasteizko taldean.

Ametsak ez dira egun batetik bestera egia bihurtzen. Lezio hori ongi ikasi du Manuk. «Oparia» izan da harentzat Alavesen jokatzea, bide luze eta malkartsua egin behar izan baitu bertara iristeko. Ibaiako harrobian hazi, eta lehen taldera iristea zatekeen errazena. Kapitainak, ordea, Realaren haztegian hasi zuen bere ibilbidea. Kadete eta gazte mailako taldeetan jokatu ostean, Lehehengo Erregional mailan aritu zen Realarekin hitzarmena zuen Euskal Herriko Unibertsitatearen taldean. Lokatzetan eta hartxintxarrean zailtzeko urtea izan zen, David Zurutuza, Mikel Gonzalez eta Carlos Martinezen alboan, besteak beste. Gero, Realaren bigarren taldera igo zuten, eta hiru urtez aritu zen han, betiere Bigarren B mailan. Futbol profesionaletik at jokatu zuen Real Unionen, Eibarren eta Logroñesen ere. Bigarren Mailara igo zen Irungo taldearekin, 2008an, baina ez zuen bertan jarraitu.

Joan-etorri askoren ostean, 2012an fitxatu zuen Alavesek, jada 26 urte zituela. Elitean aritzeak ameskeria zirudien, ametsa baino gehiago, Arabako taldeak hiru urte baitzeramatzan Bigarren B Mailatik igo ezinda. Bada, denboraldi hartan gainditu zuen hesia, eta, hala, futbolari profesional bihurtzeko aukera izan zuen jokalari gasteiztarrak. Jaengo mirariaren lekuko izan zen 2013-14ko denboraldian, eta bi sasoi geroago, onenen artera iristen lagundu zion Alavesi, jada besokoaren jabe zela. Gol erabakigarria sartu zion Athletic B-ri Lasesarren, eta jardunaldi bat geroago, haren gol batek abiatu zuen igoeraren festa, Numantziaren kontra.

Erdilari langilea izan da Alavesen, eta ez golegile oparoa. Edonola ere, lortu dituen hemeretzi aleetako batzuk betirako oroituko dituzte zaleek. Zaku horretan daude igoeraren lehian sartutakoak. Baita igo berritan Atletico Madrili eginikoa ere, Vicente Calderonen. 1-0 ari ziren galtzen arabarrak, eta kapitainak 95. minutuan sartu zuen berdintzeko gola. Zelai hartan zerua ukitzear izan zen denboraldi hartan bertan, Bartzelonaren kontra jokatutako Espainiako Kopako finalean. Galdu egin zuen Alavesek, baina goiari eutsi zion kapitainak. «Lurrean zeuden taldekide guztiak altxatu nituen. Ez nuen Dortmunden Desiori atera ziotena bezalako argazkirik nahi. Ezin gintzaten halako minez oroitu», azaldu zuen finalaren ondoren idatzitako eskutitz batean.

Kapitainak zorion iturri izaten jarraitu zuen zale arabarrentzat. Mendizorrotzako harmailak eztandarazi egin zituen 2018an Real Madrili sartutako golarekin. Alavesek 88 urte zeramatzan espainiarrei ligan irabazi gabe; Manuk burukada batez apurtu zuen madarikazioa, luzapenean. Halako golik sartu izan ez balu ere, irabazia izango luke toki bat zaleen bihotzean, langile petoa izan baita. Distira egin du itzalpeko lanean, eta horregatik lortu du zale nahiz entrenatzaileen konfiantza osoa. Soilik Martin Astudillo gelditu zaio aurretik partida gehien jokatu duten jokalarien zerrendan: 346 norgehiagoka jokatu zituen argentinarrak.

Ez ditu botak zintzilikatuko

Mendeurreneko denboraldia bukatu orduko esan du agur kapitainak. Garrantzia galdu du sasoi honetan, 25 lehia jokatu baititu soilik; titular gisa, hamar besterik ez. Zifra apalak dira, aurreko urteetan pilatutakoen aldean. Hori horrela, klubak ez du etorkizunerako planetan sartu.Gasteiztarrak 35 urte ditu jada, eta, Alaves utzi duen arren, ez du futbola lagatzeko intentziorik. Gaur emango ditu azalpen guztiak, prentsaurreko batean.

Manu Garciaz gain, beste sei jokalari irten dira Alavesetik: alde batetik, beren jatorrizko klubetara itzuli dira Battaglia, Lejeune, Pellistri, Cordoba eta Deyverson; eta, bestetik, kontratua amaitu zaio Jota Peleteirori, eta ez diote luzatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.