Italiako Giroa

Euria, zoria eta loria: Narvaez nagusi Giroan

Ineoseko ekuadortarrak Padun iheskidearen zulatua baliatu du azken kilometroetan. Oso giro petrala izan da, eta liderrak otzan aritu dira

Euria, zoria eta loria: Narvaez nagusi Giroan.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Euritan dantza egin zuen atzo Jhonatan Narvaezek (Ineos), Cesenaticon, Marco Pantani zenaren sorterrian hasi eta bukatu zen etapan. Izan ere, zaparradaz gain, Giroan besoak altxatzeko aukera erori zitzaion zerutik. Etapa batzuk indarrez irabazten dira, eta beste batzuk adimenez, baina atzokoa zorteak erabaki zuen. Zori ona zorion bihurtu zen Narvaezentzat, eta, aldi berean, zori txarra, zoritxar Mark Padunentzat (Bahrain). Ukrainarrak zulatua izan zuen 24 kilometroren faltan, ekuadortarrarekin batera lasterketa buruan zela, eta hortxe apurtu zen lasterketa. Jazarpenean ahaleginak eta bi egin zituen Padunek, baina ito egin zen esfortzuan. Hala, Narvaezek aurrenekoz dastatu zuen loria itzuli handi batean. Hirugarren garaipena du Ineos taldeak aurtengo Giroan, Filippo Gannarekin lortutako bien ondotik.

Helmugara arrakastaz iritsi den seigarren ihesaldia borobildu zuen Narvaezek. Faboritoen taldeak ez dira gai izaten ari kontrol zorrotza ezartzeko, ez baitute horretarako gaitasunik. Hartara, bapo ari dira egiten etapa ehiztariak. Atzo NTT taldeak hartu zuen ekimena liderren multzoan, Domenico Pozzovivoren aukerak jorratzeko. Inoizko gorputzaldirik onenarekin dabil italiarra, Frantziako Tourra min hartuta utzi ondoren. Eta atzo bazuen non min egin, oso gogorra baitzen ibilbidea: bost mendate puntuagarri eta guztira bederatzi muino igo behar zituzten 204 kilometroetan. Lau izarreko etapa zen, eta izarrak ikusi zituzten txirrindulariek. Eguraldiak ere izan zuen zerikusirik horretan, euripean egin baitzuten egun ia osoa. Elastiko gutxi eta zira asko ikusi zen, eta etengabeak izan ziren ziklisten joan-etorriak taldeko autoetara.

Baldintza egokiak ziren epikaren bidetik Pantaniren oroipena goratzeko, baina baita faboritoen sugarra umeltzeko ere, eta halaxe gertatu zen. Pozzovivok ahalegindu beharra zuen taldeak eginiko lan eskergaren ostean, baina eraso hutsal bat besterik ez zuen egin azken mendatearen bukaeran. Eta gainontzeko hautagaiek ez zuten imintziorik txikiena ere egin. Jantziak behin eta berriz aldatu beharrean, erasoen bidez berotu zezaketen gorputza; haatik, beste baterako utzi zuten zalaparta. Pello Bilbao (Bahrain) onenekin izan zen berriro, azken txanpan bizikletaz aldatu behar izan zuen arren. Hirugarren jarraitzen du sailkapen nagusian, Joao Almeida (Deceuninck) liderrarengandik 43 segundora. Portugaldarrak sendo eutsi zion maglia arrosari beste egun batez.

Hamalau ziklista sartu ziren eguneko ihesaldian. Bertan ziren, besteak beste, Narvaez, Padun, Victor Campenaerts (NTT), Simon Clarke (Education First), Joey Rosskopf (CCC) eta Simon Pellaud (Androni). Hamahiru minuturen aldea lortu zuten, baina arrakastak ziurra zirudienean, NTT serio jarri zen tropelean. Aldea lau minutura murriztu zuen 50 kilometroren faltan. Oso aletuta zihoan onenen multzoa; hogei ziklista eskas besterik ez zen gelditzen. Ordea, erritmoa moteldu egin zuen tropelak harrapatutako Campenaertsek, eta ihesaldiak tartea ireki zuen berriro. Narvaez eta Padun bakarrik gelditu ziren buruan, eta etapa buruz buru jokatu behar zutela zirudienean, zulatua izan zuen ukrainarrak.

Gogotik jo zuen lasterketa burura itzultzeko, eta bederatzi segundora gerturatu zitzaion ekuadortarrari, baina amildu egin zen azkenerako: 1.08ra helmugaratu zen. Clarke izan zen hirugarren, 6.50era, eta hautagaiak 8.25era iritsi ziren, denak batera. Etapa finitu ostean jakin zenez, Education First taldeak Giroa igande honetan bertan bukatzeko eskatu zien UCIri eta lasterketaren antolatzaile RCSri, segurtasun burbuila arriskuan ikusten duelako. UCIk, oraingoz, entzungor egin dio eskaerari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.