Komunikazioa

Hala Bedi, euskara hutsean

Gasteizko irrati libreak bi irrati lizentzia lortu nahi ditu, bata euskaraz hasiko duen emisio berriarentzat; kritiko agertu da, baina, lehiaketaren oinarriekin, errelitatetik urrun daudelako.
Hala Bedi irratikoak, lizentziak adjudikatzeko lehiaketari buruzko iritzia emateko eginiko agerraldian.
Hala Bedi irratikoak, lizentziak adjudikatzeko lehiaketari buruzko iritzia emateko eginiko agerraldian. JUANAN RUIZ/ ARP

Ainhoa Arano -

2012ko martxoak 14
Hala Bedi irratiak atzo jakinarazi zuen irrati lizentziak banatzeko lehiaketara aurkeztuko dela, eta ez lizentzia bakarraren bila. Gasteizko irrati libreak bi lizentzia lortu nahi ditu: bata, martxan duten emisio elebidunarentzat, eta bestea, labean den euskara hutseko emisio berriarentzat. Goitik behera euskaraz jositako lehendabiziko irratia litzateke Araban. Hala Bediko kideak izena eta edukiak lantzen dabiltza oraindik, baina proiektu berriaren aldeko apustua sendoa dela azpimarratu dute, lizentzien adjudikazioaren gainetik aurrera egingo duena. Udan, lehendabiziko emisioekin hasi nahi lukete, baina egoera zaila dela adierazi dute irratiko kideek. Izan ere, lehiaketaren ostean lizentziarik gabe gelditzen diren irratien etorkizuna kolokan izaten dela azpimarratu dute: «Ez dakigu orain arte bezala bakean utziko gaituzten edota gu ezabatzen saiatuko diren».

Irratiak ia 30 urte egin ditu legez kanpo, baina oraingoan «emisioen legezkotasuna lortu arte borroka» egingo dutela adierazi dute. Tokiko irratiak merezi dituen aitortza eta espazioa eskuratu nahi ditu; «orain ikusiko da irrati guztien aukerak berak diren ala ez».

Errealitateari ez ikusi

Irrati lizentziak adjudikatzeko lehiaketaren oinarriak otsailean aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak —34 irrati lizentzia banatuko ditu, herenak euskaraz—, eta, atzo goizean, dekretuaren gaineko balorazioa egin zuen Hala Bedi irratiak Gasteizen. Lehiaketak irrati komunitarioen errealitatea baztertzen duela salatu zuen irratiak, bai zerbitzuko sektore bat kanpoan utzi nahi dutelako, baita euskararen presentzia bermatzen ari ez direlako ere. Lekuan lekuko errealitate sozialarekin bat egiten duten komunikabide txikiak lehenetsi ordez irrati komertzialak bultzatu dituztela adierazi zuten irratiko kideek. Horrez gain, «neurriz kanpoko» klausula ekonomikoak ezarri dituztela azpimarratu zuten. Hala Bedi irratiak 118.000 euro inguruko abala aurkeztu beharko du bi irrati lizentziak eskuratu nahi izatekotan. Irrati librearen esanetan, komunikabideetan edonoren parte hartzea zailtzen du horrek. Bestalde, lehiaketak Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoaren aurrean ez ikusiarena egiten duela adierazi zuten. «Ez du kontuan hartzen euskararen normalizazio prozesuan egiten ari garen lana», azaldu zuten Hala Bediko kideek.

Piztu zutenei, piztuko dutenei

Gasteizko irrati libreak 30 kandela piztuko ditu: ibilbide oparoa egin du herri mugimenduen eskutik. 80ko hamarkadan krisi ekonomiko eta politiko latza zegoen Euskal Herrian. Trantsizioaren ondorengo itxaropenak zapuztuta, jendea hiesak jota eta unibertsitateak langabe lantegi bihurtuta. Garai grisak, ordea, mugimendu sozial iraultzaileen testigu izan ziren. Hala Bedi irrati librea 1983ko abuztuaren 5ean hasi zen mezu probokatzaile eta freskoak zabaltzen, komunikatzeko beste modu bat beharrezko zela ohartuta. Urteekin hiriko mugimenduen isla izan da, gizartea aldatzeko gogoa usainduz, ideia eta iritziak plazaratuz eta isildu nahi dituztenen ahots bilakatuz. Bizirik irauteko iturri propioak eraiki dituzte, publizitate eta diru laguntzarik gabe, eta autogestioa eta harremana bultzatu dituzte. Arabako herrialdean, lan eta emisio esparruan, euskararen alde egin dute, itxiera saio bakoitzaren aurrean birsortu eta indarberrituz. Aurrenekoetariko irrati librea izaki, irratsaioen kalitatean eta aniztasunean aurrerapausoak eman dituzte, 25 irrati libreri laguntza eskaini dietelarik. Eta hor ari dira, ateak zabalik eta leiho berriak eraikitzen, euren proiektuan sinesten dutelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna