Durangoko 52. Azoka. Irati Jimenez eta Maia Muruaga. Iparraldeko Euskal Irratietako esataria eta idazlea

«Normalean iristen ez garen horrengana iristeko aukera izaten dugu azokan»

Idazle eta kazetaria da Jimenez, eta azokaren erpin ia guztiak ezagutu ditu dagoeneko. Duela zortzi urte izan zen aurrenekoz Durangoko Azokan Muruaga, eta «ilusioz» bizi du esperientzia orduz geroztik.

Gorka Erostarbe Leunda.
Durango
2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Azokaren alderdi ia guztiak ezagutu ditu Irati Jimenezek (Mundaka, Bizkaia, 1977). «Musika jotzera ez, ez baitakit, baina ia beste edozertara etorri naiz azokara. Ahotseneko aurkezpenak egitera, kazetari moduan irratian albisteak ematera, idazle moduan liburuak sinatzera eta saltzera, eta baita Txalapartaren standean saltzaile lanak egitera ere. Eta lagunekin egotera eta jai egitera ere bai». Maia Muruagak (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1977) Euskal Irratietan lan egitearekin batera ezagutu zuen azoka bertatik bertara, duela zortzi urte.

Nola oroitzen duzu azokara etorri zinen lehen aldia?

IRATI JIMENEZ: Ez dakit zer urte izan zen, baina umea nintzen. Euria egiten zuen, hotza egiten zuen, eta gurasoen hankartean nenbilen azoka zaharrean, manifestazioetara eramaten nindutenean bezala, erdi galduta.

MAIA MURUAGA: Nik ez dut hotzaren oroitzapenik. Nik lehen oroitzapena irratiarekin dut, orain zortzi urte gutxi gorabehera. Urduritasunarekin gogoratzen ditut une haiek, ume bat bezala, mundu bat deskubritzeko gogo handi horrekin. Eta geroztik, ilusioarekin.

Esperientziaren talaiatik: azoka bat ala elkargune bat da?

I.J.: Niretzat, bi alderdiak ditu oraindik ere. Ni bizkaitarra naiz, baina Nafarroan bizi naiz azken urteetan, eta, beharbada horregatik, gutxitan egoteko aukera izaten dudan jende batekin egoteko baliatzen dut. Urteak aurrera egin ahala, geroz eta gehiago bihurtu da elkargune bat.

M.M.: Bietarik du. Nire ingurukoak etortzen dira zerrendatxo batekin, eta nahi duten hori aurkitzeko azoka dute. Bestalde, elkargunea bada, lagunen artean elkartzeko, familian eguna pasatzeko, edo sortzaileen artean harremanak egiteko. Eta kazetarientzat ere elkargunea bada.

Norekin izan duzu solasaldirik interesgarriena urteotan?

I.J.: Asko izan dira interesgarriak. Iaz tarte batez oso gustura egon nintzen Laura Mintegirekin. Oraintxe Radio Euskadiko Galder Perezekin izan naiz, eta solasaldi interesgarria izan dugu. Jende askorekin izan ditut elkarrizketa interesgarriak, baita Ahotsenean ere. Gaur goizean aspaldikoz egon naiz Lutxo Egiarekin. Baina, jakina, baita sortzaile ez direnekin ere: irakurle direnekin ere bai.

M.M.: Nik ez nuke jakingo izen bat nabarmentzen. Oso interesgarria iruditzen zait normalean iristen ez garen horrengana iristeko aukera izaten dugula, proiektu berriak direla, sortzaile berriak direla... Alde horretatik, oso emankorra eta aberatsa da azoka.

Norekin hartuko zenituzke trago batzuk?

I.J.: Ez daukat pendienteen zerrenda bat. Datorrenarekin oso gustura aritu izan naiz beti. Agian da euskal kultura hain delako txikia eta gehienok elkar ezagutzen dugulako...

Zein da azokan izan duzun unerik desatseginena?

I.J.: Nik uste dut azokako oroitzapen desatseginena dela oinak bustita izatearen parte hori. Euskal Herriko berezitasunei buruz zerbait esaten du egiten dugula Euskal Herriko lekurik hotz eta hezeenetako batean euskal kulturaren jairik handiena, urteko sasoirik hotzenetako batean. Horrek zer esan nahi duen ez dakit, baina zerbait seguru.

M.M.: Lehen aldian nabaritu ez banuen ere, urteen poderioz nabaritu dut hotzarena, bai. Hotz sarkorra da, baina, hala ere, hemen barruan bere berotasuna du.

Durangoko Azokako bihotzeko txokoa?

I.J.: Ahotsenea dut gustukoena, txoko moduan, proiektu moduan. Nola zabaldu duen azoka, nola eraman duen musikari eta idazleekin beste harreman bat izatera, eta nolako ondarea uzten ari den... Beharbada orain hasi gara konturatzen, baina Ahotsenea bihurtu da sortzaileen benetako gunea. Hamar urte egin ditu aurten, eta esker oneko nago.

M.M.: Bai, neuk ere horixe esango nuke, eta Ahotsenearen solasaldietarako gunea nabarmenduko nuke. Aldi oro frustrazio batekin ateratzen naiz azokatik, lanean hain buru-belarri aritzean ez baitut ia aukerarik izaten solasaldi horietara joateko ere, eta oso gustura egingo nukeen zerbait da.

I.J.: Gainera, Ahotseneak eman du idazle eta liburuez hitz egiteko aukera. Musikak zuzenean asko irabazten du, eta gazteagoekin lotura bat sortu du era berean. Gazteak errazago erakartzen baitira musikarekin. Horrela ere egin eta sendotzen da komunitatea.

Urteotako guztiotako kantu bat eta liburu bat?

I.J.: Ez dakit zein urte zen, baina azokara etorri eta asko entzun nituen Zea Maysen Da diskoko kantuak, eta harrezkeroztik azokarekin lotzen ditut. Bestalde, libururik ez dut nabarmenduko, baina ondorengo belaunaldietakoek jakin nahi badute zein zabala eta berezia izan zen azoka, aipatuko dut iaz bertan Bibliako pasarte batzuk banatzen ibili zela norbait, euskaraz eta oso txukun inprimatuta. Zientoka banatu zituzten... Hori ere azokan badago, eta horrek esan nahi du lortu duela azokan zentralitate bat.

M.M.: Azoka honetan hainbat elkarrizketa egin ondotik, Anjel Lertxundirekin egon ahal izan naiz, eta haren Horma azken liburua irakurtzeko gogo handia sartu zait. Irakurri gabea dut, eta interesgarria iruditu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.