Anari guztiak Anari bakarrean

Egindako bidearen aitorpen gisa, Anarik Adarra saria jaso zuen ostegunean, Donostiako Viktoria Eugenian. Bere ibilbide osoan lagun eta kide izan dituen musikariek lagundu zuten oholtzan.

Xabi Strubell, Anari eta Drake, kontzertuaren une batean. JON URBE / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Gaua da, kotxean sartzen naiz, euri malkoak parabrisan, eta ilargiak ez dit esaten, ez non, norekin ikusten zaituen gau hontan». Hitz horiekin hasi zen dena. Hala Anariren ibilbidea—musikariak ostegun gauez Donostiako Viktoria Eugenia antzokian Adarra saria jasotzeko ekitaldian gogoratu zuenez—, nola emanaldia bera ere. Sariarekin, ibilbidea aitortu nahi izan diote kantariari , eta hark bi hamarkadako bidean ondoan izan dituen guztiekin partekatu nahi izan zuen. Taldekideekin —aipamen berezia eginez hasieratik bidelagun izan dituen Mikel Txopeitia eta Xabier Olazabal Drake-ri—, familiarekin, Esan Ozenki-ko lagunekin, berekin batera Bidehuts eraiki dutenekin, eta baita publikoarekin ere. Bakarlaria baino gehiago, talde bat baita Anari, azkoitiarraren kantuak modu kolektiboan taularatzen dituen talde bat.

Viktoria Eugenia antzokia egun handietako giroz jantzi zen ostegunean. Goraino beteta zegoen, eta Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik Adarra saria jaso zuenean, publikoak gaueko lehen txaloaldi beroa eskaini zion Anariri. Aurrenekoa baino ez zen izan.

Esana zuen musikariak Anariren barruan gordetzen diren Anari guztiak azaleratuko zirela ekitaldian. Edo, bestela esanda, 1997ko lehen disko hartatik gaur egunera arteko ibilbidean Anari osatu dutenekin partekatu nahi zituela saria eta oholtza. Hori dela eta, gaur egun lagun duen taldea izan zuen ondoan denbora ia guztian —Txopeitia (bateria), Drake (baxua), Ander Mujika (gitarra) eta Mariano Hurtado (teklatuak eta beste)—, baina kantutik kantura txandakatuz joan ziren gainerako kolaboratzaileak, bere diskoetako kantuekin batera, kontzertuak denboran —urteetan— aurrera egin zuen neurrian. Partekatzeko eguna zen, eta denbora hartu zuen Anarik lagun guztiak aurkezteko eta haiekin izandako bizipenak aletzeko.

Xabi Strubell (gitarra) eta Pello Ramirez (txeloa) izan ziren aurrenekoak, Anari (1997) eta Habiak (2000) diskoen soinua eraikitzen lagundu zuten musikarietako bi. Gure mundua, (H)Erra kanta, Minaren funtsa —Gasteizen pisuan elkarrekin bizi zirenean, «emoistazu muxutxueren garaian», Jon Maiak idatzi zuena—, Habiak, Bihotza galdu dut eta Denbora jo zituzten errenkan, eta, kantuen oinarriari eta izpirituari eutsi bazieten ere, bandak gaur egun duen indarrarekin iritsi ziren. Sendo, gitarra oinarri indartsuarekin —kontzertuaren une gehienetan hiru lagun aritu ziren sei sokak jotzen oholtzan—, eta ahotsez ziur eta bikain aritu zen Anari batekin.

Alderdi horretan, oso ondo lagunduta agertu zen, Pettik koruak egin baitzituen, jatorrizko diskoan bezala, Denbora-n, eta hitzen parte bat abestu Inon izatekotan-en, zeinaren aurkezpena Anarik baliatu zuen literaturak eta zenbait idazlek beregan izan duten garrantzia nabarmentzeko. Pettiz gain, Maite Arroitajauregi Mursego eta Jon Oiartzun Jomes ere igo ziren oholtzara kontzertuaren lehen parte horretan, eta, azken horrekin, gaueko une berezienetako bat eskaini zuen Anarik: zerraz eta gitarra akustiko hutsez eraikitako Aztarnak.

Anariren ibilbidea bi zatitan banatu beharko balitz, Zebra (2005) gordinak marka lezake etena. Elektrizitatea bete-betean sartu zenean taldean. Borja Iglesias ere orduan talderatu zen, eta, horrela, haren gitarra protagonista bilakatu zen Aingura hegodunak enblematikoan, Zebra tentsoan, eta Irla izan diskoko kantuetan: Harriak, Isla —Beñardo Goietxe handi batekin— eta, Anarik esan zuenez, «jotzeko ederra» den Zure ertza-n. Karlos Osinaga Txap-ek hartu zuen gitarra Amua katartikoan, Anariren ibilbidearen azkeneko lanetan sartu baino lehen. Ametsen eraiste neurtua, Orfidentalak, Oreinak —Ager Insunza biolinistaren parte hartzearekin—, Autodefinitua, Piromania —publikoak abestu zuena— eta Epilogoa-k—lau gitarra elkartu zituen oholtzan— eman zuten gaur egungo Anariren bertsiorik fidelena.

Anari-rekin hasitako ibilbidea itxi du, oraingoz, Epilogo bat-ek (2016), baina, Anariren bidea amaitu ez den bezala, Viktoria Eugeniako kontzertua ere ez zen han bukatu. Oholtzatik alde egin arren, berehala bueltatu zen Anari, bakarrik eta gitarraren laguntza hutsarekin, mikrorik eta inolako anplifikaziorik gabe, Ihia biluzi bat eskaintzeko, eta berriro ere taldearekin eta Goietxeren koroekin, Bob Dylanen kantu bat berreskuratzeko: Iparraldeko neska.

Anarik behin baino gehiagotan esan du bi diskoren artean dagoela, eta Adarra sariak atzera begiratzeko aukera eman diola baina etorkizunean duela jarria begirada. Sormenean. Eta, zalantzarik balego, Lagun izoztua Joseba Sarrionandiaren eleberrian oinarritutako kantu berriarekin esan zuen agur, oholtzan lagun izan zituen hamahiru kideak ondoan zituela. Anari guztiak Anari bakarrean kabitzen diren erakusle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.