'Amez'

Amen matxinada

Egilea: Goiatz Labandibar. Argitaletxea: Alberdania.

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Amak dira protagonistak Alberdania argitaletxeak argitaratu berri duen Goiatz Labandibarren Amez ipuin liburuan. Laburtasuna dute akuilu ipuinek. Erredundantea dirudi iruzkinak, ipuinak izanda, berez baitator laburrak izatea. Zerekin konparatzen dugun. Izan ere, inpresioa dut, azkenaldi honetan, kontakizunak izanik ere, estilo luzeago baten aldeko joera nagusi dela ipuingintzan. Noski, eleberriekin alderatuz, laburrak izaten jarraitzen dute; Labandibarren uztarekin konparatuz, aldiz, ez horrenbeste. Alderdi horretatik, idazlearen estiloak hastapenetako euskal ipuingintzaren moldea ekarri dit gogora. Eta ez bakarrik luzerari dagokionez, baita esperimentaziorako imintzioan ere; Odisea kontakizunak, esaterako, 1970eko eta 1980ko hamarkaden artean idatzi zen literatura motari oihartzun egiten baitio, besteak beste, Patri Urkizuren Sekulorum sekulotan obra abangoardistari.

Alderdi tematikoari dagokionez, 21 ipuinetan zehar, amatasunaren aurkako alegatuak aurkituko ditu irakurleak, dosi txikian, baina gordin-gordin; izan ere, narratzaileek eta pertsonaiek ez dute erreparorik amatasunaren kontrako diskurtsoa, eufemismorik barik, tabu bihurtu barik sortzeko eta kontatzeko. Urteetan, diskurtso heteropatriarkalak eraiki duen ama-ona parea, kolokan jarri, eta egoera horrek emakumeari ezarri (eta oraindik ere ezartzen) dizkion kateak errepresentatzen eta salatzen dira orriotan. Begiratu besterik ez zaie egin behar idazleak aurrekaritzat eta eredutzat baliatu dituen obrei, amandreei Labandibarren hitzetan, lanean lantzen den perspektiba eta tesia zein diren jakiteko. Paratestutik ere egiten zaigu horren aurrerapenik: alua duen gorputz bat agertzen zaigu, soinean bere larrua besterik ez duela. Irudiak askapen sexualari eta desirari keinu egiten dio eta aditzera ematen da norbanakoa, gu geu, azal eta gorputz, beste ezer baino garrantzitsuagoak garela, horrek berekoikeriara eta amatasunaren eredu normatiboa haustera bagaramatza ere. Dena den, amatasunaz gain, badira pisua duten bestelako auziak ere, klase-sozialarena, esaterako, eta intersekzioan tratatzen dira, gainera: orriotan emakumeak izateaz gain, amak ere badiren pertsonaiak agertzen zaizkigu, eta, emakume-ama izateaz gain, langileak ere badirenak; alegia, emakume-ama-antikapitalistak.

Idazleak egindako apustu literarioak, ostera, ez nau tematikoak bezainbeste konbentzitu. Batzuetan, formaren aldeko hautua egin du idazleak, eta kontakizun horiek iruditu zaizkit literarioki landuenak eta mamitsuenak; ahots narratiboen konplexutasunaz gain, intentsitatea bide guztian zehar gordetzea lortzen baita eta bukaeran ematen azken kolpea irakurleari, K.O. uzteraino. Aldiz, lehentasuna formak baino edukiak duenean, literariotasuna gehiegi sakrifikatu dela esango nuke; bere baitan istorio hunkigarriak gorde arren, artefaktu literario bezala planoegiak begitandu zaizkit. Edozein kasutan, literariotasun handiagoz edo gutxiagoz, baina, amatasunaren testigantza-sare bat marrazten digu liburuak, unibertsala, jatorri eta arazo beraren herentzia puskak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.