Kataluniako erreferenduma. ENBAXADA BILA

Iritsi gara

Vicent Partal - VilaWebeko zuzendaria

2017ko urriak 1
Iritsi gara. 2017ko urriaren 1a da gaur. BERRIAren irakurleak artikulu hau irakurtzen ari diren bitartean, gure herrialdearen zati baten independentziaren inguruan botoa ematen ariko gara milioika katalan, egun gutxi barru gure bigarren estatu independentea aldarrikatuko den esperantzan —Andorra izan da lehena betidanik—.

Lerro hauek idazten ari naizela, ez dakit zehatz-mehatz zer gertatuko den. Inork ez daki. Espainiako Gobernuak abiarazitako errepresioak indarra galdu du, eta badirudi ez dakitela oso ondo zer egin. Oraintxe bertan ez dirudi ideia ona denik beren poliziak kalean askatzea erreferenduma galaraz dezaten, baina zaila da ezer egingo ez dutenik sinestea. Ikusiko dugu.

Dena dela, honaino iristea herri mugimenduaren eta Kataluniako Gobernuaren itzelezko garaipena izan da. Irailaren 20a, ehunka mila pertsona estatu kolpea geldiaraztera kalera atera ziren egun hura, ezbairik gabe, momentu erabakigarria izan zen gaurko bozketarako eginiko kanpainan. Ordura arte, Espainiak zeharo lotsagabe eta legea bortxatuz jokatu zuen, sekula ikusi ez bezala. Egun hartan, iraindua izan nahi ez zuen herri batekin egin zuen topo. Guardia Zibila Ekonomia Sailera sartu zenean, inola ere ez zen espero haren kideak 24 orduz segidan egongo zirela han, itxita, eta manifestariek eta talde independentistek hala erabakitakoan aterako zirela. Gerora gertatutako kontu ugari ulertzen dira egun hartan gobernuak eta mugimendu independentistak egoeraren gainean izaniko kontrola ikusita. Zirraragarria izan zen ikustea CUPeko militanteek nola aurre egiten zioten euren egoitzaren aurkako erasoari, Guardia Zibilak bidalitako probokatzaileak agerian utziz banan-banan.

Errepresioak, nolanahi ere, gainditu egin zituen onartzeko moduko mugak ere, eta Espainia hor nazioarteko presioa sentitzen hasi zen, zeina, seguru asko, ikusi dugunaren oinarrian egongo den. Europa ataka batean sentitzen da; izan ere, ezin ditu giza eskubideak defendatu, esaterako, Turkian, Espainiako Gobernuak berdin-berdin bortxatzen baditu. Brusela ataka estuan dago: sinesgarritasuna galduko du Mariano Rajoy ohartarazten ez badu eta haren jarduera autoritarioa salatzen ez badu. Bruselan dauden kazetariek egun batzuk badaramatzate ikuskizuna emanez, Europako Batzordeak Madrilgo gobernuarekin duen jarreraren aurka gero eta oldarkorrago eginez; Espainia borroka galtzen ari delako seinale da hori, hori ere; izan ere, arazoa, Kataluniako auzia, demokraziaren aldeko borroka bihurtu dute, independentziarako proiektuaz harago.

Madrilek oker ikaragarria egin du kanpainak iraun duen artean erabili duen errepresioa erabilita; horregatik, gainera, seguru asko jende gehiagok parte hartuko du, eta baiezkoaren garaipena uste baino sendoagoa izango da.

Eta orain hasiko da garrantzitsuena. Ikusiko dugu gaur zer gertatzen den, baina, gaur gauean, Kataluniako Gobernua mundu guztiko telebista kameren aurrean ager badaiteke boto kopuru handi batekin eta baiezkoaren garaipen argi batekin, orduan, irekita geratuko da errepublikarako bidea. Gaur gauean, behin-behineko emaitzak jakingo ditugu, eta Hauteskunde Batzordeak, bihartik aurrera, hiru-hamalau egun bitarte izango ditu behin betikoak argitaratzeko. Eta, 48 ordu igarota, Espainiaren parte izateari utziko dio Kataluniak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna