Alex Garmendia. EuskalOvo Km0 kooperatibako zuzendariordea

«Bolumena lortu nahi dugu, merkatuan lehiakorrak izateko»

Ekoizleak elkartzeko laguntzak ematen ari da Europako Batasuna, besteak beste, autonomia erkidegoen bidez. Oro har, enpresa handiak dira nagusi merkatuan, banatzaile jakinei lotuta.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
EuskalOvo Km0 kooperatibako aurkezpenean, datozen urteetarako asmoen berri eman zuen atzo Alex Garmendia zuzendariordeak. Kalitatea, ingurumena, landa garapena eta animalien ongizatea jarri ditu ardatz gisa.

Zer helbururekin sortu duzue kooperatiba?

Batez ere, izan da bolumen eta presentzia bat lortzeko, Euskal Herriko arrautzen zaleek merkatuan lekua aurkitzeko. Kontuan izan behar da orain, batez ere Espainian, oso enpresa handiek kontrolatzen dutela merkatua. Gehienak, gainera, banatzaile bati lotuta daude. Hemengo arrautzen zaleak, aldiz, txikiagoak dira; beraz, zeregin txikia dute haien aldean. Banatzaileekin-eta lan egin behar baduzu, gutxieneko bolumen bat behar duzu.

Jaurlaritzak elkarte gisa aitortu du Euskalovo Km0. Zer esan nahi du horrek?

EBk bultzatutako politikek lortu nahi izan dute ekoizle txikiak batzea, gero industriaren eta banatzaileen aurrean indar bat izateko. Laguntzak nondik datozen, modu ezberdinak sortu dira horretarako, eta horietako bat APANAC da, ekoizleen elkartea.

Zer lortu nahi da horrekin?

Lehen sektoreko ekoizleek bolumen handiagoa edukitzea, negoziazio horietan indar gehiago izateko. Laguntza asko elkarte hauek sortzera bideratu dituzte EBtik, autonomia erkidegoen bidez. Horretarako dira laguntzak: ekoizleak elkartzeko, gero merkatuan negoziazio botere bat edukitzeko.

Zer abantaila ditu ekoizleentzat kooperatiba batean batzeak?

Lehiakortasuna lortzea da batez ere, baina lau ardatz biltzen ditugu hor. Lehena, elikagaien kalitatea eta segurtasuna. Batetik, 24 ordutan bezeroen eskuetan dago produktua. Horrek freskotasuna eta segurtasuna ematen du. Kooperatiba izanik, aukera dugu egitura bat izateko kalitatea eta segurtasuna lantzeko. Hala, legeak eskatu baino kontrol gehiago egiten ditugu.

Animalien ongizateari buruzkoa da bigarren ardatza. Guretzat, garrantzitsua da hori, horregatik ematen diogu garrantzia produkzio sistema alternatiboari. Animal Welfare Quality ziurtagiria lortzeko lanean ari gara orain. Arrautzen sektorean ez dago oso hedatuta, eta asmoa da hiruzpalau hilabetetan hori edukitzea. Gaian aditua den pertsonal teknikoa ere badugu.

0Km daramazue izenean. Ingurumena ere sartzen duzue hor?

Hori da hirugarren ardatza. Guretzat oso garrantzitsua da 0Km izatea. Gertu gaude, produktuak gutxiago ibili behar du, eta, beraz, karbono arrastoa txikiagoa da. Bestalde, esplotazioak ez dira oso handiak; sakabanatuago daude, eta hegaztien hondakinak-eta askoz hobeto asimilatzen dira naturan. Duela bi hilabetetik, gainera, plastikorik gabeko ontzietan saltzen ari gara; Hobea markarekin, gehienbat.

Azkenik, landa garapena ere badago. Gure esplotazioak ertainak eta txikiak dira, eta herri txikietan daude, nekazaritza eremuetan. 150 lanpostu zuzen sortzen dituzte, eta horrekin ere lantzen duzu herri horietatik jendea ez dadila joan, ez dadila galdu bizia... Horrelako eremuetan, 150 lanpostu ez da txikikeria.

Gero eta gehiago ekoizten da ekologikoan-eta: lau urtean bikoiztu egin da kopurua.

Bai, gertatzen dena da oso kopuru txikitik hasten garela. Oraintxe, pauso garrantzitsuena da kaiolak kentzen ari direla. Gure sozio gehienak ari dira, eta gainerakoekin plan bat daukagu hiruzpalau urtean kentzeko. Nahi dugu pasatzea, gutxienez, lurreko oiloetara. Landa oiloak eta ekologikoak ere gero eta gehiago hedatzen ari gara. Igo nahi ditugu kopuru horiek, jendeak gero eta garrantzia handiagoa ematen baitio animalien ongizateari.

Kalitate ziurtagiri moduan, Eusko Labela ere sustatu da azkenaldian. Hor bazaudete?

Landako oiloetan ziurtatua dugu hori, baina gainerakoetan, ikusi beharko dugu.

Politika gisa, zer deritzozue?

Uste dugu Jaurlaritza kontziente dela nekazaritza sektorearen arazoaz. Bizi garen lekuan bizi gara, ez da lekurik onena, baina sustatu behar da. Hemen, agian lan gehiago ematen du produktuak aurrera ateratzeak, baina kalitatea ere hobea izan liteke. Laguntza horiek gabe, gutxinaka desagertzen joango da bertako nekazaritza, eta kanpotik etorriko zaigu dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.